Asel Luzarragak ahozko epaiketa izango du aurki, eta baikor agertu da lehen auzialdiaren ostean
Asel Luzarragak, Txilen etxeko atxiloaldian preso jarraitzen duenak, ahozko epaiketa prestatzeko auzialdia izan zuen herenegun, eta aurkeztutako frogei esker, egunero, 8.00etatik 20.00etara, etxetik ateratzea izango du.
A. BILBAO | BILBO
Asel Luzarragaren ahozko epaiketa prestatzeko auzialdiak baikor utzi du busturiar idazlea. Egun Txilen bizi den Luzarraga 2009ko abenduaren 31n atxilotu zuten Temuco inguruan, lehergailuekin erasoak prestatzea leporatuta. Gainera, Poliziak etxea miatu eta lehergailuak prestatzeko materiala aurkitu ziola-eta, etxeko atxiloaldian da geroztik. Luzarragak berak, ordea, zorrotz gezurtatu zituen salaketok. Atzean muntaia polizial bat delakoan dago eta maputxeen aldeko jarrera duela-eta Txileko Gobernuari deserosoa zaion susmoa du.
Luzarragak berak ohar bat igorri zigun atzo -etxean atxilo dagoen arren, ez du mezuak zabaltzeko inolako debeku edo eragozpenik-, ahozko epaiketa prestatzeko auzialdia bukatu osteko sentipenak eta bertan jazotakoa labur emateko, eta aldartez baikor sumatu genuen.
«Atzo ahozko epaiketa prestatzeko auzialdia izan zen», jakinarazi digu idazleak, eta «oso ondo atera zen». Zehatz esanda, «Jaimek [abokatuak] eta fiskalak aldez aurretik batak bestearen froga eta lekukoei eragozpenik ez jartzea adostu zutelako». Zergatia ematen digu gero, «komeni zitzaigun holan izatea, guk fiskalaren zerrendatik zerbait kenduz gero, fiskalak apelatzeko aukera daukalako eta alderantziz, ordea, ez». Puntu horretan, «fiskalak kendu zuen bakarra gure lekukoen zerrendan sartu genuen Omar Merida izan zen» -berau ere fiskala-, «etxearen miaketa zuzendu zuena». Horretarako «argudio nahiko ergelak erabilita baina, tira, ez zen oso garrantzitsua», Luzarragaren ustez.
Gauzak horrela beraz, «dena geratu da prest epaiketarako» jarraitzen du etxean preso duten idazleak oharrean, eta «ez dago datarik, baina abuztuan izango da» behin betiko epaiketa.
«Askatasun apur bat!»
Baina bada gehiago oraindik, izan ere, «onena amaieran etorri zen -dio Aselek-. Programatutakotik kanpo, Jaimek [abokatuak] eskaera egin zion epaileari nire aurkako badaezpadako neurria biguntzeko eta, fiskala aurka agertu arren, onartu egin zigun. Hortaz, atzotik aukera daukat 8.00etatik 20.00ak arte irteteko egunero [ostiralaz ari da]». Eta pozik da busturiarra, «askatasun apur bat gehiago!». Eta kontuak behin betiko erabaki ez badira ere, baikor agertzen da. «Jakina, fiskalak seguruenik apelazioa jarriko du eta, beraz, lehenagoko egoerara itzul naiteke, baina apelazioa ere irabaztea espero dugu».
Oraindik data zehatzik jarri ez duten arren, behin betiko epaiketa abuztu partean izango duela aurreikusten du Luzarragak; eta baikor azaltzen da atzo GARAri helarazi zion oharrean.