GARA > Idatzia > Ekonomia

PSEk EAJrekin Vital Kutxan duen hitzarmenaren balioa nabarmendu du Prietok

p038_f03-88x84.jpg

GARA | GASTEIZ

Arabako PSEk EAJrekin Vital Kutxa gobernatzeko duen hitzarmenaren balioa ez duela gutxituko esan zuen atzo, Gregorio Rojo presidenteak kargua utzi ondoren.

PSEren zuzendaritza batzordeak Rojoren hautaketa baliogabetu zuen epaia eta haren dimisioa aztertu zituen atzo. Vitaleko presidente ohia «etorkizunerako lan politikoak eta publikoak garatzeko dugun ordezkari onenetarikoa da», zioen Batzordeak onartutako agiriak.

Arabako PSEko idazkari nagusi Txarli Prietok Rojok egindako lana eta lortutako emaitzak goraipatu zituen. Bere esanetan, haren kudeaketak izugarrizko aldaketa ekarri dio kutxari.

Gainera, epaitegiek kontrakoa esan duten arren, Rojok presidente izateko zilegitasuna duela defendatu zuen eta 2012ra arte karguan egoteko eskubidea duela. «Txosten eta aholku juridiko guztiek hala esaten zuten», gaineratu zuen Prietok epaitegietan prozesua oraindik jarraitzeko aukera zegoelakoan.

Rojoren aukeraketa

Rojo presidentetzarako hautagai aukeratu zutenean, PPren iritzia ezagutzen zutela gogorarazi zuten; «halere, mantendu egin genuen, erabaki hori legezkoa zela argi genuelako, osterantzean beste hautagai bat aurkeztuko genuen», gaineratu zuen.

Arabako PSEko idazkari nagusiak adierazi zuenez, jelkideekin Vitaleko zuzendaritzaren inguruan duen hi- tzarmenak ez du baliorik galduko. Alde horretatik, sinatutako hitzarmenak errespetatzen dituztela eta inoiz ez zutela akordioa aldatzeko asmorik izan jakinarazi zuen Prietok.

Vitaleko presidente berria hautatzeko batzorde bat sortuko du PSEk. Prieto berak eta alderdiko erakunde-idazkari Patxi Lazcozek eta antolakuntza-idazkari Victor Garciak osatuko dute batzordea.

Presidente berria «ahalik eta lasterren» aukeratuko dutela ziurtatu zuen, estatutuak eta Probintzia Auzitegiaren erabakia errespetatuz.

Prietoren esanetan, oraindik ez dute proposamenik eta batzordeak presidentegaia hautatzen duenean publiko egin baino lehen EAJri ezagutaraziko dio.

PPri kritika

Prietoren ustez, «harrigarria» da PPk presidente independentea eta aldi berean «Vital Si» plataformako kideak -PPk bultzatuta- Administrazio Kontseiluan sar daitezen eskatzea.

Horrez gain, PPk Vital Kutxaren inguruko gai guztietan epaitegietara jotzea eta orain zuzendaritzan parte hartzeko «harreman adeitsua» proposatu izana kritikatu zuen.

Prietok ukatu egin zuen Arabako PSEren eta EAJren arteko hitzarmena soilik karguak banatzeko dela. Izan ere, Lakuako Gobernuan, Estatu espainiarreko aurrekontuei dagokienez eta beste gobernu batzuk osatzeko zilegi direla esan zuen. «Politika ez da epaitegietan egiten», esan zion PPri zuzenduta.

PSEren zuzendaritzak onartutako agiriak dioenez, «PPk lurralde honetan PSErekiko darabilen jokamoldeak gatazka honi probetxua ateratzea du helburu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo