Kronika | Euskal Herria zuzenean jaialdia
Euri bortitzari aurre eginez, Heleta musikaz blaitu zen egun osoan
Ostiral arratsaldeko euri-jasa bortitzak kinka larrian utzi zuen Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 15. edizioa. Lehen eguneko egitaraua bertan behera gelditu zen arren, atzo goizaz geroztik Heletako txoko guztietara zabaldu zen musika eta festa. Kalean hasi zen musika, agertoki gainean amaitzeko.
Koldo OTAMENDI
Giro eder eta eguzkitsuarekin abiatu zen ostiral arratsean EHZ festibalaren 15. edizioa. Betiko legez, arratsaldeko lehen orduetatik ugariak ziren Heletaraino kanpin-denda soinean gerturaturiko gazte koadrilak. Egun batzuk atzera larre berdea zena, mila kolorez osaturiko puzzle ederra bilakatu zen ordu gutxitan. Alta, inork ez zuen espero eguraldiak eman zuen ezusteko krudela. 20 minutuko euri-jasa izan zen, baina gaueko ekitaldi guztiak pikutara bidali zituen. Hortaz, ostiral gaueko emanaldi guztiak bertan behera gelditu ziren. Halere, Heletako plazan bildutakoak oztopoei aurre egiten saiatu ziren, eta herriko ostatuetako bozgorailuetatik ateratzen zen musikarekin zuzeneko emanaldien gabeziari aurre egin zioten.
Oztopoen gainetik
Atzo goizean, bezperan jasandako kalteak neurtu ostean, festibala bertan behera ez uztea erabaki zuten. Ostiral gauez soinu teknikariek eta Euskal Herria Zuzenean-eko antolakuntzako kideek ahalegin izugarria egin zuten urak eta haizeak kaltetutako tresneria konpontzen. Ondorioak nabarmenak izan ziren arren, aurrera ateratzeko baldintzak bazirela deliberatu, eta eguerdiko hamabiak aldera jakinarazi zieten erabakia kanpalekuetan ziren milaka lagunei.
Albistea biziki pozik jaso zuten Heletan bildutakoek, eta txosnak irekitzearekin batera eman zitzaion hasiera musika festari. Bazkalondoan hasi ziren kale animazioak herriko plazaren inguruan: fanfarreak, antzerki taldeak, txaranga ibiltariak eta hamaika estilotako musika bandak giroa berotzeaz arduratu ziren. Kaleko musikak ez du agertokirik behar, ez eta milaka watteko argi eta soinurik ere. Ikusleen tartean kokaturik, eta jendearekin bat eginez, musikariaren eta musikazalearen artean lortzen den lotura sekulakoa da. Hamelingo txirulariak arratoiak erakartzen zituen legez, txaranga ibiltariek jendea mugiarazten dute danbor kolpe bakoitzean. Heletako plazan aritu ziren txaranga guztien artean, aipatzekoak izan ziren Pastors of Muppets bandakoak. Tronpeta, tronboia, klarinetea eta saxoarekin heavy-metal musikako pieza klasiko ugari moldatu zituzten jendearen gozamenerako. Arrakasta izugarria izan zutenak ere Irrien Lagunak izan ziren. Porrotx eta bere lagunek, etorkizunean festibala sostengatuko duten ehunka umeren gozamena lortu zuten zirku itxura duen Urbeltzeta gunea irri erraldoi bilakatuz.
Ez daudenak gogoan
Arratsaldeko zazpietan ekitaldi xume bezain hunkigarria egin zuten kontzertuen eremuan. Urteroko zita da festibalean preso eta iheslarien aldeko ekimena, baina azken bi urte hauetan inoiz baino indar handiagoa hartu du. EHZko antolakuntzan aritzen ziren zenbait kide egun espetxean dira egun, eta, hortaz, «Ez gaude denok!» leloa inoiz baino ozenago aldarrikatu zuten mosaiko ederrean parte hartu zuten ehunka lagunek. EHZ hizkiak eta bi gezi osatu ziren jendearen laguntzaz, eta ekimen horrekin berriz festibalean nahi ditugula aldarrikatu zuten. Finean, nahiz eta gaur egun ehunka kilometrora dauden, gure artean daudela argi utziz.
Bi agertoki nagusiak prestatzeko, kontzertu guneko lanak ere goiz-goizetik hasi ziren. Musika taldeak soinu probak egitera hurbiltzen ziren bidean, gertatukoaren gaineko kezka adierazi eta festibalean parte hartzeko irrika bizia azaldu zuten, inoiz baino ozenago eta indartsuago anplifikadoreak jarri behar zirela aldarrikatuz. Bide horretan, ostiral gauez emanaldia eskaini behar zuten Gojira taldekoek ere sostengua adierazi zioten festibalari. Azken baten, Gojira eta EHZ festibala garai berean sortu ziren, eta urte hauetan guztietan behin baino gehiagotan izan dira bidaide.
Musika zuzenean
Arratsaldeko zortziak aldera hasi zen musika GibelHerri izena duen gune nagusian. Ez3kiel Vs Hint izan ziren lehenak taularatzen. Proposamen bitxia da zinez. Finean, bi taldeak indarrak batu dituzte emaitza bitxi bezain interesgarria eskaintzeko. Agertoki handira igotzen zen lehendabiziko taldea izaki, musika gosez ziren ehunka lagunen babesa jaso zuten lehendabiziko lerroetan. Seikote moduan taularatu ziren: hiru gitarra, baxua, eta bi bateria-jotzaile. Tartean, teklatuak edota saxoa ere sartu zituzten, musika eskaintza aberastuz. Batzuetan gogor, besteetan esperimentazioaren bidetik, «Collision 2010» egitasmoa erakargarria dela ezin uka.
Jarraian Zea Mays taldea taularatu zen Urbeltzatan. Bilboko taldea disko berria prestatzen ari den arren, ez zuten Heletako hitzorduan hutsik egin, eta ohikoan egiten duten kantu zerrendan oinarritu zuten beren emanaldia.
Gaur emango zaio amaiera Euskal Herria Zuzenean festibalaren hamabosgarren edizio honi. Ostiraleko egitaraua bertan behera gelditu eta gero, antolakuntzatik deialdi berezia egin dute egun-pasa Heletaraino hurbiltzeko. Musika goiz-goizetik abiatuko da, eta kale animazioak nagusi izango dira arratseko lehen orduetara arte. Gerora, Mikel Urdangarinen doinu lasai eta gozoekin abiatuko dira agertoki handiko emanaldiak.
Aipatzekoak diren musika taldeen artean Rachid Taha abeslaria edota Balcan Beat Box aipa genitzake. Lehendabizikoak, rai, funk, reggae edota punk musika nahasteko era berezi eta interesgarria eskaintzen du, eta Balcan Beat Box-ek, berriz, Ekialde Hurbileko musikari eragiten. Aurtengo egitaraua inoiz baino beranduago amaituko da, ia gauerdira bitarte luzatuko baita musika festa Heletan. La Pegatina talde ezagunaren rumba dantzagarriaz eta festarako musikaz, Peuple De L'herbe hip-hop taldearen azken doinuekin amaituko da aurtengo EHZ festibala.
Egun osoan ugariak izan ziren kalean batera eta bestera ibili ziren txaranga eta taldeak, eta guztien artean nabarmentzekoak, Pastors Of Muppets. Haize sekzioz osaturiko bandak eroak heavy-metalaren klasiko ugari eskaini zituen.
Gazte zein helduentzako musika proposamenak ez ezik, etxeko txikiek ere izan zuten tartea bart arratsean. Irrien Lagunen ikuskizunean ehunka ume bildu ziren pailazoen ikuskizunaz gozatzeko. Haur eta gurasoek ederki pasa zuten.
Larunbat arratsaldeko unerik hunkigarriena urtero egiten den preso eta iheslarien aldeko ekintza xumea izan zen. Dozenaka lagunek EHZ hizkiak eta bi gezi irudikatu zituzten, festibalean falta diren guztiak gogora ekartzeko.
Gaur izango du Heletako jaialdiak hirugarren eta azken eguna. EHZ-ko antolatzaileek deialdi berezia egin dute egun honetarako, jaialdia sostengatzeko, denon indarra eta babesa inoiz baino beharrezkoagoa dela adieraziz.