GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Alaitz Tolosa Donostiako hautetsi abertzaleen izenean

Euskararen erabilera Donostian

Administrazioaren aldetik askoz gehiago egin daitekeela eta, Donostiako kasuan behintzat, egin behar dela ondoriozta dezakegu

Azken urte hauetan euskarak izan duen bilakaera zein den ikusita, ez da harritzekoa euskalgintzan eta hezkuntzan gabiltzanon artean, baina baita jendartean ere, geure buruari galdetzea zer dela-eta den hain kaskarra euskararen erabilera. Gai honen inguruan makina bat ikerketa egin bada ere, ez dugu asmatzen egoerari buelta ematen, edota asmatze kontua baino ere, borondate kontua dago ez asmatze horretan. Hori horrela izanik, hobe da esatea ez dugula baliabiderik jartzen egoera iraultzeko.

Donostiara etorrita, 2006an egindako kale neurketaren arabera, %18 ginen euskara erabiltzen genuenak. Oso gutxi, ez da hala? Datu hauek, ikusten dugunez, nahiko zaharrak dira, baina badirudi ez dugula besterik eskura. Gainera, esan behar da, adituen arabera, ezagutzari buruz eta erabilerari buruz dauden estatistikak ez direla fidagarriak. Honek, beraz, ikerketak, neurketak eta diagnostikoak egiten jarraitu beharra dagoela adierazten du.

1982an Euskararen Normalkuntzarako Legea indarrean jarri zenean, uste zen eskolak ezagutza ez ezik, erabilera ere bermatuko zuela, eta ez du bermatu ezagutza eta are gutxiago erabilera. Uste zen eskolatik euskaldun zetozenak joango zirela erabilpenean eragiten eta hori izango zela bidea normalizazioan aurrera egiteko, baina horrek ez du funtzionatu. Garbi ikusi da eskolatik kanpo beste espazio batzuk ere euskaldundu behar direla.

Gazte asko eskolan, unibertsitatean euskaraz ari dira klasean, baina klasea amaitzen denean kanpoan gehienek erdaraz egiten dute. Pragmatikoak direnez, kaleak erdaraz funtzionatzen duela badakite eta beraiek ere horretara jotzen dute. Errealitateak horretara bultzatzen ditu. Bestela jokatzeko kontzientzia handia behar da. Etengabeko ahalegina egin behar da. Euskaraz bizitzeko hautua egin behar da.

Horregatik da beharrezkoa telebistak, irratiak, egunkariak, aldizkariak, zinema, kaleko hizkuntza paisaia, aisialdiko guneak, lan mundua eta administrazioa bera euskalduntzea. Hau da, eremu formalak eta ez formalak. Eta, egia esan, arlo hauek euskalduntzen ez da lan handirik egin.

Zentzu horretan, duela aste gutxi Donostiako Udalean PSE-EErekin gobernatzen ari den Aralarreko ordezkari Ainhoa Beola bestelako irakurketa bat zabaltzen saiatu zen. Badakigu lana egiten dela, zertarako egongo litzateke Euskararen Udal Patronatu bat bestela?, baina lan hori ez da nahikoa eta espedientea ozta-ozta betetzera mugatzen da. Esaterako, euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osorako aldarrikatzen duen ordezkari abertzale batek nola defenda dezake, harrotasun guztiz (legezko minimoa baino handiagoa dela argudiatuz) eta Euskal Herriko hiriburu euskaldunenean, udal langileak kontratatzeko orduan %59k soilik jakin behar duela euskaraz? Udalak kontratatu behar dituen langile guztiek menperatu beharko lukete euskara. Bestela, orain arte bezala, nekez aurreratuko litzateke Udalaren euskarazko funtzionamenduan eta, gainera, egungo euskaldundu gabeko udal langileen multzoa handituko litzatekeenez, langile ez-euskaldun horien euskalduntzera diru eta denbora gehiago bideratu beharko litzateke.

Euskara ikastearekin eta horretarako baliabideak izatearekin soilik baina, ez da erabilera bermatzen. Hori egia da, egia den bezala euskarak, beste edozein hizkuntzak bezala, bere boterea behar duela normalizatuko bada.

Herri mugimenduak eta mobilizazioak beharrezkoak badira ere, kontzientzian eragiteko, salaketak egiteko eta abar, ezin da dena borondatearen esku utzi. Are gutxiago kea saltzen ibili; esaterako, elebitasuna landu nahi dela ozen esan eta kultur ekitaldi gehienak erdaraz antolatuz, 2016ko kontu honekin gertatzen den bezala, edota festa nagusietako jardueretan ekitaldi gehienak erdaraz jarriz.

Beraz, Administrazioaren aldetik askoz gehiago egin daitekeela eta, Donostiako kasuan behintzat, egin behar dela ondoriozta dezakegu, guztizko euskalduntzera nekez eramango gaituzten minimoak betetzeko helburuak albo batera utziz eta benetan euskaldunduko duten neurri eta jarduerak aurrera eramanez.

Zentzu horretan, Donostian 180.000 olatu aktibatu behar ditugu, guztion artean Udala eraldatu eta Donostiaren benetako euskalduntze bat lortu nahi badugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo