Kongoarren zauriek zabalik diraute, mende erdia igaro den arren
Belgikaren zapalkuntzatik askatzea lortu zutenetik 50 urte igaro direla ospatu zuten joan den asteazkenean Kongoko Errepublika Demokratikoan. Alabaina, ez dute ahazten denboraren joana ez dela hainbat zauri, tartean Lumumbaren erailketa, ixteko gai izan.
Ruben PASCUAL
Lapurretan eta bortizkerian oinarritutako kolonizazioari amaiera eman ziotela pozarren oihukatu ahal izan zutenetik mende erdia bete dela ospatu berri dute Kongoko Errepublika Demokratikoko herritarrek. Hala ere, nabarmena da herrialde honetan hainbat zaurik oraindik osatu gabe jarraitzen duela. Horietan gaurkotasun gehien duenetako bat Patrice Emery Lumumba independentziaren bultzatzaile nagusi eta lehen ministro izandakoaren erailketa da. Urtarrilean 49 urte bete ziren hura hil zutenetik, baina oraindik argitu gabe dago nork egin zuen.
Hori dela eta, independentziaren urteurreneko ospakizunek lortutako sona aprobetxatuta, Lumumbaren semeek 12 belgikarren aurka salaketa jarriko dutela jakinarazi zuten iragan astean, beren aitaren atxiloketarekin, gero jasandako torturekin eta erailketarekin zerikusia izan zutelakoan.
Asmo horren berri emateko, Guy Lumumba semeak Giza Eskubideen Ligako ordezkari Benoit van Der Meerschen-ekin batera prentsaurrekoa eman zuen, eta gero familiaren abokatuak baieztatu zuenez, hamabi lagun horiek Kongo belgikarrean funtzionario, polizia eta soldadu aritu ziren, eta Lumumbaren hilketa prestatu edota ezkutatu izana leporatzen diete. Gertakariaren arduradun politikoak, abokatuen iritziz, hilda daude.
Belgikaren eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren arteko kooperazioan eta alde biko erlazioetan aurrerapausoak ematekotan, bere aitaren heriotza argitzea ezinbestekoa dela adierazi zuen Francois Lumumbak, agintari ohiaren beste semeetako batek, Kongoko Mugimendu Nazionala-Lumumba taldearen presidente denak.
«Hori [berradiskidetzea] lortzeko, gure buruzagiaren heriotzaren nondik norakoak argitzea nahitaezkoa da», esan zuen.
«Hiltzaileen bila ari gara. Belgikan horietako hamabi bizi dira eta egin zutenagatik justiziaren aurrean erantzun dezaten nahi dugu».
Salaketa urrian aurkeztuko dute eta, 49 urte pasatu izanagatik ere, baliogabe gertatu ezin daitekeen gerra krimena izan zela frogatzea dute helburu.
1960. urtera gertatu zen gertakaria. Urte horretako uztailaren 30ean Belgikako errege ohi Balduinok Afrikako herrialde horretara egin zuen bidaia Kongoko Errepublika Demokratikoaren askatasuna eta independentzia aldarrikatzeko.
Horretarako beren-beregi antolatutako ekitaldiak politikoki zuzena eta lasaia behar zuen, etorkizunari begira mendekotasunean oinarritutako independentziari ateak irekiko baitzizkion. Baina, ez zen hala izan eta Belgikako erregeak ere ustekabea hartu zuen.
Patrice Lumumbak, independentziaren aitatzat hartua eta lehen ministro kargua izango zuenak hartu zuen hitza eta berak esandakoek zur eta lur utzi zituen bertaratutako guztiak.
«Gobernu kolonialak iraun duen 80 urteetan hainbeste sufritu dugu, ezen jasandako zauriak ezin izango baititugu geure memorietatik aldendu [...] Nolatan ahaztuko dugu gure anaia-arrebekin egin dituzten sarraskiak?», esan zuen gobernu berriaren buru izango zen Lumumba gazteak, ia adostuta zegoen amnesia kolektiboa onartzeko prest ez zegoela adieraziz.
«Behin betiko amaitu da»
Balduino erregea ere harritu zuen Lumumbaren mezuak: «Hautetsi gisa gure herri maitea zuzenduko dugunok, zapalkuntza koloniala geure azalean pairatu dugunok, ozen aldarrikatu nahi dugu hori guztia behin betiko amaitua dela».
«Independentzia borrokaren bidez eskuratu dugu. Eta borrokaz harro gaude, zintzoa izan delako», gaineratu zuen.
Gerora, historialari ugarik defendatu duten tesiaren arabera, diskurtso hori bera izan zen Lumumba hiltzera kondenatu zuena. Bere delitua: beste Afrika bat, menpekotasun guztietatik askea posible zela sinestea.
Horrexegatik, gobernuburutzan 200 egun ere ez zeramatzala, kargutik kendu, atxilotu eta hil egin zuten, 1961eko urtarrilaren 17an Kongoko Errepublika Demokratiko osoa Mobutu Sese Sekoren diktadura ankerrera kondenatuz. Gainera, gorpua azidotara bota zuten arrasto guztiak ezabatzeko.
2002. urtean egindako Parlamentuaren ikerketa baten ondorioz, Bruselako Gobernuak publikoki onartu zuen Kongoko Errepublika Demokratikoko buruzagi independentistaren hilketan «erantzukizun morala» zuela; ez, ordea, horren erruduna zenik. Beraz, Lumumbaren heriotzaren zauriak zabalik dirau, orain arte inork ez baitu behin betiko ixteko ahaleginik egin.