GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

eskalada «Very hot»

Tim Emmet, bero-bero Galesko estualdian

 

p040_f02.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Galesko lehen E10 graduko bidea, «Very hot», eskalatu dute dagoeneko. Tim Emmet izan da britainiar eskalada tradizionaleko bide gogorrenetarikoa sinatu duena. E10 6c hango eskalan; hots, 8b gure eskalan, baina eroriko oso arriskutsuekin.

Emmeten «festa» Galesko hegoaldean izan da, Pembroke izeneko itsaslabar batean. Ondo baino hobeto ezagutzen ditu itsasertz horretan dauden paretak; izan ere, bide gogor batzuk eskalatu ditu. Baina esku artean zuen proiektuaren korapiloa askatzea kosta egin zaio. 2009. urtean hasi zen probatzen; hori bai, soka gainetik zuela. «20 metroko eroriko bat badago, lurraren kontra jotzen duzuna. Tarte hori gutxienez E9 gradukoa da; gutxi gorabehera, 8a bat baino oso arriskutsua», dio eskalatzaileak.

Horren ondoren, bidearen giltza dator. 8b hori segurtatzeko soilik fisureko eta friend bana zituen. Iazko neguan ez zuen saiakerarik egin, besteak beste, bidea bustita zegoelako eta hanka bat hautsia zuelako. Lesiotik osatu ondoren, den-dena eman eta ekainaren 7an bidea kateatzea erdietsi zuen.

Steve McClure eta James Pearson bezalako goi mailako espezialistak ere saiatu dira, baina, esan dugun legez, Emmet izan da lehena.

4 egun

Poutarrek lau egun behar izan dituzte Zanolla eta Gordaren bidea kateatu ahal izateko. Laugarren luzea 8c gradukoa dela diote.

nortasuna

Gasteiztarrek azaldu dute zailtasunari baino bidearen nortasunari ematen diotela garrantzia. Hirugarren luzea, 8b-koa, izan da gehien gustatu zaiena.