GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Itsasoaren egoeraren iragarpena: nola jakin olaturik izango den?

Itsasoa eta eguraldia oso aldakorrak izaki, aurrez jakin nahi izaten dugu zer gertatuko den. Zaila da, baina batzuetan asma daiteke.

p044_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Datozen egunetan olaturik izango den jakiteko, lehenik eta behin, argi utzi behar den gauzetako bat hau da, eguraldiak ez duela olatuen tamainan zerikusirik. Euria ganoraz ari duen egun batean olatuak txikiak izan daitezke eta, aldiz, lainorik gabeko egun eguzkitsu batean sekulako itsaskia izan dezakegu.

Gaur egun, Interneten, itsaskien iragarpenen berri izateko web orrialde ugari aurki ditzakegu. Lau edo bost eguneko aurrerapenaz nahiko ziur jakin dezakegu zein itsaski mota izango dugun. Mota askotako web orriak daude: garrantzia haizeari ematen diotenak, eguraldiari, itsaskiei eta abar. Datu oso zehatzak ematen dituztenak badira, baina ehuneko ehunean asmatzea oso zaila da. Hala ere, garrantzitsuena ematen zaizkigun datu horiek behar bezala irakurtzen jakitea da.

Lanzaroteko irlatik Fuerteventurara nindoan batean ferry-gidariaren bulegoan izan nintzen, eta hurrengo egunetan ea zein itsaski izango genuen galdetuta, bere ordenagailura hurbildu ninduen. Gustura jarraitu nion, beraien lanean itsaski iragarpenak egiteko informazio bereziren bat izango zutelakoan eta haien sekretua ezagutzeko aukera izango nuelakoan. Baina, nire harridurarako, ezagun nuen web orrialde bat erakutsi zidan ordenagailuko pantailan: Windguru.com.

Web atari hau oso ezaguna da. Azken urte hauetan ezagunena egin den iragarpen gunea izan daiteke. Berez, bertan aurki dezakegun informazioaren oinarria haizea da. Itsasoan haizeaz baliatzen direnei zuzendutako informazioa da, windsurf egiten dutenentzat, belaontzian ibiltzen direnentzat eta antzekoentzat oso informazio baliagarria da eta, jakina, baita besterik gabe, datozen egunetako iragarpena jakin nahi duen edonorentzat ere. Ia mundu osoko lekuen inguruko informazio baliotsua aurki dezakegu bertan, baina ematen zaizkigun datuak behar bezala irakurtzen jakin behar da.

Ematen dizkigun datuak errazago ulertzeko, nahi dugun hizkuntza aukeratzetik has gintezke. Aukera zabala da hizkuntzei dagokienez; mundu osoko makina bat banderatxo daude aukera moduan. Euskaraz irakurtzeko, ikurrina duen botoia sakatu beharko genuke.

Olaturik izango ote den jakin nahi dutenen artean ohiko akatsa izaten da soilik olatuen altuera ematen duen datua aintzat hartzea. Eguneko ordu desberdinetan olatuek izango duten altuera zehatz adierazten da metrotan. Baina ez da beti altuera erreala izaten, izan ere, altuera hori itsas zabalean dauden buia batzuek ematen duten datua da eta itsas zabaletik kostara gauzak asko alda daitezke. Uhin hori ez da beti kostara iristen. Gainera buia horrek eman dezakeen datua bertan dabilen haizeak ere alda dezake: haize handia badabil, buia bortitzago mugituko da gora eta behera, eta emandako datua ez da oso fidagarria izango. Itsasoaren gainazala asko kizkurtzen denean, buiak neurtzen duen puntu altuenaren eta baxuenaren arteko distantzia, berezkoa baino handiagoa da.

Badira kontuan har ditzakegun zenbait aldagai, ematen zaigun olatuen altuera egiazkoa ote den asmatzeko. Garrantzitsuenak bi dira; itsaskiaren norabidea eta olatuen arteko distantzia. Gero kostaldean izango dugun haizeak zein norabide izango duen jakitea ere interesgarria da, olatu gardenagoak edo narrasagoak izango diren jakiteko, baina altuerari dagokionez ez dauka aparteko eraginik. Euriak edo eguzkiak ere ez dute eragiten olatuen kalitatean, beraz, eguraldia ez zaigu axola.

Itsaskiaren norabidea funtsezkoa da. Iragarpenak Kantauri itsasoan olatuen altuera hiru metrokoa izango dela eta itsaskiaren norabideari dagokionez hegoaldetik datorrela esaten badigu, oker dago, gurean ezinezkoa baita olatuak hegoaldetik etortzea. Ezinezkoa da, horrek olatuak lehorrean sortu direla esan nahiko luke-eta, Txindoki edo Anbototik datozela. Ezinezkoa, beraz, ematen zaigun olatuen altuera ez da inolaz ere hainbestekoa izango.

Gure kostaldera itsaskiak sartzeko duen eremua nahiko mugatua da. Iparraldetik ez zaigu itsaskirik etorriko, Britainia Handia, Irlanda eta Bretainiako lurrek oztopatuko dute itsaskien sarrera. Ekialdetik ere ezinezkoa da, Frantziako lurretan ere ez baita olaturik sortuko. Itsasoan geratzen zaigun sarbiderako eremu bakarra ipar mendebaldea da, soilik hortik etor daitezke uhinak Euskal Herriko kostaldera. Hala ere, sarbide mugatua izan arren, norabide eremu horretan gerta daitezkeen aldaketek ere, nahiz eta txikiak izan, eragin handia izan dezakete. Esate baterako, itsaskiaren norabidea ipar-mendebaldekoa bada, baina batez ere mendebaldekoa, hegoaldeko hondartzetan ez du hainbesteko eraginik izango. Iparraldeko kostaldean (kostaldea iparralderanzko forma hartzen hasten baita) aldiz, zuzenago sartuko da itsaskia eta, ondorioz, olatuak ere handiagoak izango dira. Itsaskia zuzenean mendebaldekoa bada, ordea, gure kostaldean ez du eragingo, uhinek Kantauri itsasoa zeharkatuko dute, baina Frantziako kostaldean lehertzeko. Beraz, mendebaldeko itsaskiarekin Frantzian olatuak izango dira eta Euskal Herriaren hegoaldean ez du eragin handirik izango. Iparraldean zertxobait gehiago nabarituko da, bertako kostaldea iparraldera begira egon beharrean mendebaldera begira baitago.

Kontuan hartu beharreko beste datua olatuen arteko distantzia da. Distantzia horrek olatua non sortu den esango digu. Olatuak urrun sortuak badira, beraien arteko tartea handiagoa izango da eta itsaski hori sendoa dela esan nahi du. Uhinak itsaso zabalean haizeak eraginda sortzen dira. Zenbat eta haize handiagoa, orduan eta uhin gehiago sortuko ditu. Uhin horiek urrun sortzen badira, pixkanaka elkartu eta olatu irmoak osatuko dira. Alta, haizeak kostatik gertu sortutako uhinek ez dute altuera handirik hartzeko astirik izaten. Horrexegatik ez da olaturik izaten Mediterraneoan, nahiz eta haizea ibili, sortutako uhinek ez dute behar bezala eratzeko tarterik.

Uhinen arteko distantzia edo baga, irmoa den jakiteko denbora tarteari so egingo diogu. Hamar segundotik gorako tartea bada, itsaski sendoa da eta gutxiagokoa bada, itsaski ahulagoa da, kostatik gertu sortutakoa. Beraz, adibide moduan, iragarpenak olatuen altuera bi metrokoa izango dela esaten badu (itsaskiaren norabidea egokia izanda, noski) eta baga bost segundokoa izango dela iragarri badigute, orduan olatuak ez dira bi metrokoak izango, zertxobait txikiagoak baizik, metro eta erdi edo gutxiagokoak.

Uhinak sortu dituen haizea eta itsasbazterrean dabilen haizea ez dira haize bera. Hori kontuan hartu behar da. Uhinak kostatik oso urrun dagoen haize batek sortu ditu, gero ibilbide luzea egin dute olatu bilakatu arte eta hondartzetan amaitu dute apar eginda. Itsasbazterrean sekulako haizetea izan dezakegu beraz, baina olaturik ez. Itsasertzean dugun haizeak olatuari bere itxuran eta lehertzeko moduan bakarrik eragiten dio. Itsasotik edo alboetatik jotzen dion haizea bada, olatua kizkurtu eta baldar leherraraziko du. Haizea lurretik badator ordea, olatua orraztu eta bere bidea egin dezan ur azala garbi-garbi izango du. Egun horiek izaten dira surferako onenak, olatuak inongo eragozpenik gabe lehertzen baitira hondoek agintzen dieten moduan. Hala ere, haizetea bortitzegia bada, olatuari gehiago kostako zaio lehertzea eta surflariak ere zailtasun nabarmenak izango ditu olatua harrapatzeko orduan, haizeak kontra egingo baitio. Garbienak haizerik gabeko egunak izaten dira.

Gure kostaldean hondartza gehienak iparraldera begira ditugu, beraz, hego haizea dagoen egunetan ia leku gehienetan olatu onak izaten dira, itsaskirik bada noski. Baina badira kokapenagatik edo inguruan dituzten mendiei esker haize batzuengandik babestuago diren lekuak, bai eta itsaskiaren norabideak desberdin eragiten dien lekuak ere. Babestuago dauden lekuetan itsaski handia behar izaten da olatuak izateko. Horren adibide garbia Donostiako Kontxa hondartza da, sekulako itsaskia behar da olatuek metro bateko altuera izan dezaten, hondartza parean dagoen irlak eta arrokek uhinen sarbidea oztopatzen baitute. Ekialdera begira dauden hondartzetan, berriz, ez da olaturik izaten, lehen aipatu bezala, ezin etor baitaiteke olaturik Frantziatik. Azken kasu honen adibide garbia Getariako Malkorbe hondartza dugu; urteko itsaski handienetan ere ez da olaturik izaten.

Bidaiaren bat egitekotan bagabiltza, dudarik gabe, onena irla bat hautatzea izaten da, izan ere, aukerak askoz ere anitzagoak dira, itsaskiak sarbide gehiago ditu eta haizea edozein lekutatik datorrela ere, beti izango da irlako eremuren bat lehorreko haizea topatzeko. Edonola ere, leku bakoitza norantz begira dagoen kontuan hartuta, itsasoaren norabidea jakinda, olatuen arteko distantzia neurtuta eta itsasbazterrean dugun haizea zein den jakinda, leku batera edo bestera joateko aukera anitz dugu gurean. Lekuaren orientazioa, itsaskiaren norabidea, baga eta kostako haizea, lau faktore horiekin ongi jolasten ikasiz gero, iragarpenetan asmatuko dugu.

Datuen irakurketa

Iragarpeneko olatuen altuera fidagarria den egiaztatzeko bi faktore nagusiak itsaskiaren norabidea eta olatuen arteko distantzia dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo