Itsasoa
Jabetza pribatua: surf egitea debekatuta
Haritz Larrañaga Altuna
Azken urteetan ohiko bilakatu da oporretan Maldiva uharteetara joatea. Abuztua sasoi ona da Indiako Ozeanoan. Itsasaldi ederrak izaten dira eta arratsaldero haizeak harrotzeko joera izaten badu ere, goizetan glassy (surflariek haizerik ez dagoela esateko erabiltzen duten hitza) egoten da. Lagun talde bat osatu eta itsasontzi bat alokatzen da astebete bertan egiteko. Itsaski ederra izatekotan olatu ezin hobeak ziurtatuta daude. Hori bai, olaturik ez bada, apenas dago zer eginik.
Maldiva inguruan bada irla franko, 1.196 hain zuzen ere, eta soilik horietako 203 irlatan dago gizakiaren presentzia. Historian portugaldarrek, herbeheretarrek eta britainiarrek kolonizatutako lurraldea izan da, beraz, kolonizazioaz askotxo dakien herrialdea da. Gaur egun, ordea, kolonizatzaileak ez du ezpata formarik, paper itxura baizik, edozer erosteko balio dezakeen papera, baita olatuak ere.
Badira hotel baten jabeak osorik erositako irlak, eta olatuak hotelaren parte dira, igerileku bat bailiran, soilik hotelean aterpe hartu duenak goza ditzakeelarik. Olatuak gaur egun erosi egiten dira, olatu ona dagoen lekuan egiten dira hotelak, eta horixe da, hain justu, hotel horrek duen eskaintza nagusia, kalitate oneko olatu bat. Baina olatu pribatuen afera ez da oraingoxea.
1969an Rolf Aurnes surflari estatubatuarrak mundu mailako txapelketetan arrakasta itzela izan zuen eta ezagun egin zen. Bere aita, James Gunsmoke Aurnes, telebistako izar famatua zen eta Cotton izeneko jauregi batean bizi zen Kalifornian. Jauregiaren inguruan bazen hondartza bat eta hura ere berea zen. Rolf Aurnes gazteak Corky Carroll surflaria gonbidatu zuen bere aitaren hondartzara eta hortik aurrera, denbora batez, Cottons Point gozatu ahal izango zuten bi surflari bakarrak izango ziren. Inguru haietan zegoen egun munduko txapelketa ospatzen deneko Trestles olatu famatua (aurten irailaren 12tik 18ra ospatuko dena) eta han surf egitea ere debekatuta zegoen, Aurnes jaunaren jabetzakoa baitzen.
Egun batean, inork ikusten ez zituelakoan, surflari batzuk Trestlesen bi metroko olatu bikainetan gozatzen ari ziren. Halako batean, ezustean harrapatu zituen itsasontzi bat agertu zen; 26 metroko luzera zuen itsasontzi militar bat zen. Honek itsasbazterrera bultzarazi zituen indarrez, eta hondartzan zain zituzten polizia militarrek atxilotu zituzten. Taulak kendu zizkieten eta, besterik gabe, hor amaitu zen afera. Aurnes jaunak izen txarra hartu zuen, ordea, jendeak ez baitzuen begi onez ikusten publikoa behar lukeen hondartza bat jabetza pribatuko eremu izatea.
Denbora pasa ahala, hondartza publiko bilakatu zen, baina berau babeste aldera neurri bitxi bat hartu zuten; autoz bertaratzeko bidea kilometro batzuk lehenago moztu zuten, horrela jendeari hondartzara joatea gehiago kostatuko zitzaion eta jende gutxiago ibiliko zen.
Ez dirudi erabaki txarra. Hondartzetara hurbiltzen gaituzten errepideak kilometro batzuk atzeratzea alegia. Horrela, ingurunea zainduagoa legoke eta itsasbazter lasaiagoak ere izango genituzke. Lokalismoak ahultze aldera ere pauso bat izan liteke, zenbaitek eremu bat berea dela pentsatzen baitu, eta lekutik urrunduta, ez legoke aitzakiarik, ziur asko, jende gutxiago izango litzatekeelako urruneko leku horietan.
Azken urteetan eman diren pausoak kontrako zentzuan eman dira arlo horretan, errepideak eraiki dira itsastarteetarako bidea errazteko, eta lehen jende gutxi izaten zen lekuetan jende gehiago pilatzen da egun. Hala ere, egia da faktore honek surflariak luze-zabalean sakabanatuagoak egotea ahalbidetzen duela.
Eta surflari talde bat elkartu eta itsasbazter bat erosiko bagenu? Eta bertaratzea zailago egingo bagenu? Eta olatuaren kalitatea zainduko bagenu? Posible ote da? Agintariek baino hobeto babestuko genuke ingurunea, dudarik gabe; baina eta hori zilegi izango al litzateke?
Galdera asko airean uzten dituen auzia da honakoa, baina interesgarria, dudarik gabe. Batetik dena erosi ote daitekeen galdetzen da, baita helburu zintzoetarako bada ere (ingurumena zaindu) eta, bestetik, helburu zintzoetarako bada ere, edozer erostea zilegi ote den jartzen da auzitan.
Zilegitasunaren afera alde batera utzita, hemen, Maldivetan edo Kalifornian bezala, olatu bat eros daitekeela apustu egingo nuke.