eskalada Pou anaiak
Dolomitetan izan dute lehen hitzordu nagusia
Iker eta Eneko Pouk martxan dute udaberrian hasitako Alpeetako eskalada irteeren proiektua. Dagoeneko bide gogor bat sinatu dute: «Solo per vecchi guerrieri» (150 m, 8c). Lau egun behar izan dituzte marra horren hirugarren errepikapena sinatzeko.
Andoni ARABAOLAZA
Ez da izan udaberrian eta udan Alpeetan zehar egiten ari diren bidaiako geltoki nagusia, baina hasteko ez dago batere gaizki. Esan daiteke girora egokitzeko oso bide erakargarria hautatu dutela, eta lortutako emaitza oso ona izan da.
Iker eta Eneko Pou anaiek esku artean duten erronkari buruz ari gatzaizkizue. Alpeetako marra esanguratsu batzuk eskalatu nahi dituzte eta bidaia dagoeneko hasia dute. Hasi, gainera, Dolomitetan hasi dute. Eta lehen aukeraketa: «Solo per vecchi guerrieri» bidea, Dolomitak. Maurizio Zanolla eta Federico Gordak duela lau urte zabaldutako 150 metroko eta lau luzetako marra da. Zailtasuna: 8c/9a (nahitaezko 7c/8a).
3. errepikapena
Pou anaiek lau egun behar izan dituzte marra «garbi» hori kateatu ahal izateko. «Garbi» diogu, luzeek oso aseguru gutxi dituztelako; onak baina bata bestearengandik oso urruti. Azkenekoak izan ezik (11 ditu), beste hirurak oso parabolt gutxi dituzte: lehenak 5, bigarrenak 4 eta hirugarrenak 5.
Eguraldia ez dute lagun izan, eta lehendabiziko egunean lehen luzea probatu zuten soilik. Bigarrenean, lehen hiru luzeak. Hirugarrenean, bide guztia, eta azkenekoan, bidea sinatzea erdietsi zuten.
«Oso bide ona da. Urrielluko `Gizon berri bat naiz' bidearekin antz handia du, baina gogorragoa da eta parabolt gutxiago ditu. Lehen hiru luzeetan 14 parabolt daude, eta azkenekoan 11. Nahiz eta paraboltekin ekipatua dagoen, erorketa oso luzeak dira. Bidea zabaldu zutenek oso lan ona egin zuten, eta bistaz eskalatzeko ere asko estutu zuten. Gogorra da, baina zailtasunari baino bidearen nortasunari ematen diogu garrantzia. Bidearen lehen zatian ur tantek eragindako zulotxoak heldu behar dira; ikaragarri ederra da. Gainera, oso bide teknikoa da. Gehien gustatu zaigun luzea hirugarrena da, 8b-koa. 20 metroko plaka leuna eta zulotxoekin», azaldu dute Poutarrek.
Zanollak eta Gordak zabaldu zutenean, laugarren luzeari 8c/9a zailtasuna jarri zioten; hots, 8c eta 9a arteko tarte zabala. Gasteiztarrek, berriz, 8c jartzea askoz egokiagoa dela deritzote. Lehen hiru luzeak: 7c, 7b+/c eta 8b.
«Solo per vecchi guerrieri» bidearen hirugarren errepikapena izan da. Bidaiaren lehen urratsa.