Sokatira Euskal Herriko Txapelketa
Goiherri besteen gainetik dago
Erandioko taldeak irabazi egin zuen 600 kilotako bigarren jardunaldia Amoroton, eta txapela lortzetik oso gertu dago. Pisu honetako ligaxkari amaiera emateko jardunaldi bat geratzen da, eta bigarren postuan dagoen Aresori 3,5 puntuko aldea ateratzen dio.
Jon LEUNDA
Goiherrik erabakita utzi du 600 kilotako Euskal Herriko txapela, nahiz eta oraindik pisu hau amaitzeko beste jardunaldi bat geratzen den. Erandioko taldeak 3,5 puntuko aldea kentzen dio bigarren sailkatuari eta, ikusitakoaren arabera, ezinezkoa dirudi berdeek txapela galtzea.
Amoroton jokatutako saioan, Goiherri berriro ere jaun eta jabe izan zen, jokatutako tiraldi guztiak irabaziz eta berriro ere gainerakoen gainetik dagoela erakutsiz.
Emozioa bigarren posturako lehian izango da. Saioan berdinduta geratu ziren Mutriku eta Areso. Gipuzkoarrek eta nafarrek galdu egin zituzten beren bi tiraldiak Goiherrirekin, baina gainerako saio guztiak irabazi egin zituzten. Elkarren artekoa, berriz, berdinduta amaitu zuten. Bien arteko lehen tiraldia ekinaldiko luzeena izan zen, 9 minutu eta 35 segundo iraun baitzituen.
Laugarren Gaztedi mistoa sailkatu zen. Lehen jardunaldian bost mutilez eta lau neskez osatutako taldea aurkeztu zuten, baina oraingoan zortzirekin aritu ziren, lau neska eta lau mutilekin. Atzetik Goiherri B, Getxo eta Gaztedi A sailkatu ziren, azken horiek, gainera, jokatutako tiraldi guztiak galdu egin zituzten.
Horrela geratu zen eguneko sailkapena. Lehenengo Goiherri, 7 punturekin; bigarren, berdinduta, Mutriku eta Areso, 5,5 punturekin; laugarren Gaztedi mistoa, 4 punturekin; bosgarren Goiherri B, 3 punturekin; seigarren Getxo, 2 punturekin eta azken Gaztedi, puntu batekin.
Sailkapen nagusia horrela geratu da: lehenengo Goiherri A, 14 punturekin; bigarren Areso, 10,5 punturekin; hirugarren Gaztedi mistoa, 10 punturekin; laugarren Mutriku, 9,5 punturekin; bosgarren Goiherri B, 6 punturekin; seigarren Getxo, 4 punturekin, eta azkenengo, berriz, Gaztedi A, 2 punturekin.
600 kilotako txapelketa datorren larunbatean amaituko da, eta Erandion jokatuko da, San Kristobal auzoan. Han izango dira lehian ari diren zazpi taldeak, eta txapela ia erabakita dagoela dirudien arren, bigarren posturako borroka izango da.
Pisu hau amaitutakoan 580 kilotakoa bakarrik geratuko da aurtengo Euskal Herriko Txapelketa amaitzeko, eta orain arteko talde kopururik txikiena iragartzen da, gainera. Izan ere, Goiherri A, Goiherri B, Gaztedi eta Gaztedi mistoa seguru izango dira, eta Getxoren parte hartzea, berriz, zalantzan dago. Beraz, lau edo bost talde izango dira lehian arituko direnak, ez Mutrikuk ez Aresok ez baitute parte hartuko.
Pisu honetan ere hiru jardunalditako ligaxka jokatuko da, eta hiruren ostean punturik gehien batzen dituen taldeak eramango du garaipena. Pisu honetan ere Goiherri izango da garaipena erdiesteko faborito nagusia.