San Miguel Liga
Olatu gainean hasi du Oriok liga
Beste erakustaldi bati esker, bigarren hau itsaso zabalean, asteburua biribiltzea lortu dute gipuzkoarrek. San Pedro, fin, hirugarren.
Ander GARTZIA
Aparta izan zen hamabi traineruek Kontxako badian eskaini zuten ikuskizun zirraragarria, arraunzaleei, ziur asko, odola bor-bor jarri ziena. Eta erakustaldi apart haren gainean, olatuen apar artean, oriotarren «Mirotza» trainerua nabarmendu zen. Egundoko estropada osatu zuten gipuzkoarrek, azkan txandan Castrorekin brankaz branka temati, eta garaipen handia erdietsi zuten, bigarrena erreskadan. Joxean Olaskoaga Aizperroren mutilak, olatua popan, azkarrenak izan ziren, eta bueltako azken luze ikaragarriari esker -Castrori 13 segundo sartu zizkion- sasoi ezin hobean daudela erakutsi dute.
Tourra bezain luzea da TKE Liga bera ere, baina itzuli handiak txirrindulari konpletoenek irabazi ohi duten legez, Orio ezin hobeto moldatu da bai erlojupekoan bai olatuak nabarmendu diren itsaso zabalean. Liga parekatua iragarri izan du batek baino gehiagok, baina oraingoz, egutegiko lehen probetan, Orio izan da protagonista nagusia. Donostiako zitan, Redondo, Peña, G. Etxeberria, Aizpurua, J. Mujika, Olaskoaga, Larrea, Urbieta, Etxebeste, I. Mujika, Valenciaga, Indo, U. Etxebarria eta Carrillo aritu ziren «Mirotza» ontziko tostetan.
Hala ere, atzokoan, Castrok, oso zail jarri zizkion gauzak gipuzkoar koadrilari eta lehen txanpatik estropada apurtzeko xedez ekin zioten kantabriarrek, berehala Pasai Donibane, Orio eta Pedreña atzean utzita. «La Marinera» ontziko gizonak, zapatuko lan makala hobetu nahian, bizi bizi atera ziren eta beraiek egin zituzten denbora onenak hirugarren eta azken maniobrara arte. Joseba Fernandezek zuzentzen duen taldeak espero zen maila eman zuen oraingoan eta datozen estropadei begira aurkari sendoenetako bat dela erakutsi du.
Moreak ederto
Azken txandara arte, ezusteko protagonista San Pedro izan zen. «Libia» ontziak aurkari gogorrekin egin zuen topo bere txandan, baina bi luzez «Bou Bizkaia»-ren uhara jarraitzen jardun ostean -Kaiku eta Tiran patal aritu ziren-, estropadaren branka hartu eta maisuki ibili zen olatuan barrena. Juan Carlos Fontanek gidatutako trainerua ederki aritu zen «surfean» bai brankaz bai popaz, eta inork gutxik espero bazuen ere, Urdaibai mendean hartzeko gai izan zen. Meritu handiko hirugarren postu horri esker, mamu asko uxatu zituzten gipuzkoarrek eta datozen estropadetan lasaiago aritzeko aukerarekin horrelako estropada dotore gehiago errepikatzea izango dute helburu.
Gauza bera esan daiteke Astilleroz. Jon Salsamendi prestatzaileak, guztira, sei aldaketa egin zituen tostetan eta «San Jose XIV.a» ontziak ez zuen larunbatekoaren antz zipitzik izan. Kantabriarrek estropada bikaina osatu zuten, batik bat azken luze ederrari esker, eta itxura hobea erakutsi zuen Hondarribiarekin lehian estu aritu eta gero, lehen txandako denborarik azkarrena egin zuen. Zarautzek eta Zumaiak, ordea, ez zuten aurpegi berririk eskaini eta maldan gora jarri zaie lehen mailan mantentzeko helburua.
Datorren larunbatean Kantabriako uretara egingo du jauzi TKE Ligak eta 12 ontziak nor baino arituko dira Pedreñako Marina de Cudeyoko Sari Nagusian.