GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

«Hasi baino ez da egin, ezin gara TKE Ligarekin itsutu»

Joxean Olaskoaga «Aizperro»
Orioko arraunlari eta entrenatzailea

Balentria latza lortu du Oriok TKE Ligako aurreneko asteburuan. Liga estua izan behar zuela zirudienean, bitik bi ikurrina lortu dituzte gipuzkoarrek. Eta ez edozein modutan; bi estropadetan bigarren sailkatuari hamar segundoko errenta aterata. Lorpen handi honen «errudun» nagusietako bat Joxean Olaskoaga da eta GARA berarekin izan da.

Aurreneko asteburua eta bi ikurrinarekin Oriora bueltan. Espero al zenuen horrelakorik?

Asteburua biribila izan da: bi probatan bi garaipen eta estropada oso onak eginda. Benetan pozik egotekoa da. Gure helburu nagusia aurreko borroka horretan burua sartzea zen, baina asteburuan lortutakoa sari polita izan da. Bagenekien indartsu geundela, baina talde gogor asko daude lehiaketan.

Oriori askotan kosta izan zaio egutegiaren hasieran puntua hartzea. Zein izan da aurtengo sekretua?

Aurreko urteetan ez bezala, lehenago bukatu dugu zortzikoarekin eta horrek denbora gehiago eman digu trainerua prestatzeko. Gainera, taxuzko lana egin dugu neguan zehar, entrenamendu txukunekin, eta bigarren taldeko arraunlariekin ere aritu izan gara trainerua betetzeko.

Oriok garaipen mordoa du, baina TKE Liga falta du bitrinetan. Bi proba, bi garaipen, helburu nagusi bilakatu al da?

Oraindik asko falta da, hasi baino ez da egin. Izugarri polita litzateke TKE Ligako txapeldunak izatea, baina hankak lurrean, estropadaz estropada joan beharra dugu. Gure xedea estropada puntualetan garaipena lortzea zen; Zarauzkoa, Oriokoa, Kontxa bueltakoak... Orain ezin gara itsutu. Aldaketak egiten jarraituko dugu, amaierara ahalik eta freskoen iristeko.Ander GARTZIA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo