GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Tourra Adierazpenak

Perez: «Erokeria izan da agian, baina gozatu ederra hartu dut»

«Taldea sasoian dago, ez dut zalantzarik», adierazi du txirrindulari nafarrak.

p029_f04_097x068.jpg

GARA | DONOSTIA

Tourraren hasiera-hasieratik utzi nahi izan dute euskal txirrindulariek euren presentzia errepideetan. Larunbateko atariko erlojupekoan aurreikuspenak bete ez baziren, atzoko lehen etapan protagonista nabarmena izan zuen euskal tropelak, Euskaltel Euskadi taldeko Alan Perez izan baitzen eguneko ihesaldi garrantzitsuenean.

Hilaren 15ean 28 urte beteko dituen txirrindulariak ezin izan zuen ihesaldiko kideekin helmugara iritsi, baina pozik agertu zen etaparen amaieran. «Ondo hasi behar genuen Tourra eta horregatik atera nintzen aurrera zenbait txirrindularik ihesera jo zutenean. Erokeria izan daiteke, baina behin hasita, bejondeizula», nabarmendu zuen Perezek.

Euskalteleko txirrindulariak lan bikaina egin zuen atzo, baina egia da bere taldeak ez zuela mailarik onena erakutsi atariko erlojupekoan. Horren aurrean, Perezek honakoa adierazi zuen: «Atariko erlojupekoa anekdota hutsa besterik ez da. Taldea sasoian dago, ez dut zalantzarik. Ikus gaitzaten eta dena ematera etorri gara hona».

Alessandro Petacchik, aldiz, etapa hasi baino lehen «urduri» zegoela adierazi zuen: «Sei urte neramatzan-eta Tourrera etorri gabe». Hori ez zen oztopo izan lasterketa honetan laugarren garaipena lortzeko. «Garaipen hau oso garrantzitsua da niretzat», nabarmendu zuen.

Bestalde, Fabian Cancellara liderra etapako istripuan kaltetua suertatu zen. «Zorionez, ez daukat ezer larririk. Une honetan nahiko haserre nago, baina hori normala da erorketa baten ostean. Lurrean zeuden txirrindulari guztien gainetik pasa behar izan dut. Hainbeste jenderekin zaila da tropelean duzun tokia defendatzea».

Aitor Perez Arrieta (Footon-Servetto) harrituta geratu zen jarraitzaileekin: «Harrigarria da. Bazterbidea saihestu ordez, jendea saihestuz joan beharra duzu». Triste agertu zen bere taldekide Manuel Cardosok lesio bategatik Tourrari agur esan behar izan diolako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo