GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Ez gaude denok

Amets TXURRUKA | Txirrindularia

Futboleko munduko txapelketak kirolzaleen arreta guztia bereganatu duen honetan, txirrindulariok ere geure protagonismoa aldarrikatzeko asmotan gara, Tourra aitzakiatzat hartuta. Tour honetan ere badugu munduko txapeldun handi bat, eta aitzin etapan, emandako erakustaldia ezin aipatu gabe utzi, izan ere, suitzarraren indarra, kadentzia, abiadura eta erlojupeko bizikletarekiko gaitasun teknikoa mundu honetatik kanpokoak direla erakutsi digu beste behin!

Guztion ahotan dagoen Hegoafrikako txapelketako herrialdeak murriztuz badoaz ere, nik geure alorrera begiradatxoa eginez ondorengoa dakusat:

Faboritoetatik hasita: Espainia, AEBak, Luxenburgo, Australia, Alemania, Italia, Ingalaterra, Suitza, Txekiar Errepublika... ia-ia munduko herrialde guztiak daude ordezkatuta kirol honentzako mundiala den honetan. Horien artean EUSKAL HERRIA noski! Dozena bat partaide gaude Pirinioei omenaldia egingo zaien edizio honetan. Tropelaren %12,5 osatzen dugu eta demografikoki garen herrialde txikirako, kopuruz asko bagara ere, kalitatez gutxiago aportatzen ez dugulakoan nago. Aurtengoan, ordea, badira azken urteotan ohikoak diren euskal txirrindularien hutsuneak, hala nola Arrieta, Horrillo, Zandio, Astarloza... eta beste honen falta nabarmena ere izango da Tourreko tropel honetan. Azken hamarkadan (Euskaltel-Euskadi lehenengoz etorri zenetik) urtero-urtero parte hartu izan duen Haimar Zubeldia bere hamargarren Tourra hasi ezinik geratu da eroriko baten ondorioz. Lasterketa honek berari dena eman diola entzun diot inoiz, baina berak ere asko eta asko eskaini dio. Lasterketa honetako historiaren parte da meritu propioengatik eta seguru aurtengo edizioan faltan botako dugula etapa askotan (batez ere hainbat Tourren jabe den amerikarrak).

Zutabetxo honen bitartez animoak helarazi nahi nizkioke entrenamenduetako lagunari, entrenamenduetako ohiko errepideetan topo egin ezinik izan garen tarte hori eta bere lasterketa korritzen ari garen garai hau psikologikoki gogorrak direla badakidalako. Animo Haimar!

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo