Uztailaren 23an argitaratuko dira bankuen kaudimen probak
GARA |
Christine Lagarde Ekonomia ministro frantziarrak atzo adierazi zuenez, banku europarren kaudimen probak uztailaren 23an argitaratuko dira eta, bere esanetan, «orduan erakutsiko da fidagarriak direla eta osasun ona dutela». Ekonomiaren inguruan Aix en Provencen egindako jardunaldietan azaldu zuenez, emaitzak argitaratzen direnean ulertuko dira Europako Bankuen Ikuskaritza Batzordeak erabili dituen irizpide zehatzak.
Proba horietan banku bakoitzak arazo larriak gertatuz gero nola erantzungo lukeen aztertzen da. Europar Batasunak eskatu zituen simulazio horiek egoera ekonomikoak okerrera eginez gero, zeintzuk eutsiko dioten beren kaudamenari jakiteko. Lagardek banku frantsesen egoerak ez diola kezkarik sortzen esan zuen.