Trourist webguneak bidaiatzeko era berriak jartzen ditu edonoren esku
Oporrak iristear daude eta gehienek jada erabakita izango dute zer egingo duten. Beste batzuek, berriz, azkenengo momentura arte ez dute erabakiko Euskal Herrian geldituko diren edo kanpora joango diren. Trourist webguneak bizipenetan oinarritutako ideia apartak ematen ditu.
Nagore BELASTEGI
Oraindik ere ikasketak amaitu gabe zituzten Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lau ikaslek proiektu bat zuten buruan aspalditik: bidaien inguruko Trourist webgunea abian jartzea. 2008an Jose Manuel Kurtz saria, proiektu berritzaile eta ekintzaileen saria, irabazi zuten webgunearen egitasmoarekin, eta, jasotako indarrarekin eta diru laguntzarekin, webgunea aurrera eramatea lortu zuten. Iaz Xabier Albenizek proiektua utzi bazuen ere, Mikel Cortes, Imanol Abad eta Jokin Bereciartuk gogotsu jarraitzen dute oraindik ere webgunea kudeatzen.
Ekimenaren hastapenetan, sortzaileek Europatik zeharreko bidaia ere egin zuten zepelin itxurako furgoneta batean. Homeless-ak izango balira bezala kartoi bat eskutan hartuta, herrialde ugariko hirietako kaleetan eseri ziren, herritarren erreakzioaren zain. Etxerik gabeak baino gehiago, experienceless-ak ziren; hau da, esperientzia gabeak. «Mesedez, lagun nazazu, zure herria ez dut ikusi nahi, zure herria bizi nahi dut», idatzi zuten eskutan hartzen zuten kartoietan. Horrela, bidaia agentziek eskaintzen dutenaz haratago iristea lortu zuten, tokikoek gomendatutako txokoetara joanez eta tokikoek egiten dituzten jarduerak eginez. Izan ere, «trourist» hitza ingeleseko true (egia) eta tourist (turista) hitzen elkarketa bat besterik ez da, benetako turisten bidaiatzeko era adierazten duen hitza. Trourist webgunearen irudia, aldiz, zepelin bat da. Garraiobide berezi hori aukeratuz, beraien bidaiatzeko modu bitxia irudikatu nahi izan dute nolabait.
Jokin Bereciartu eta bere lagunek bidaia ugari egiteko aukera izan dute azken urteotan. Bisitatutako toki guztietan esperientzia onak besterik ez dituzte bizi. Experienceless filosofiari esker izango ez balitz inoiz biziko ez lituzketen bizipen ugari pilatu dituzte. Bereciartuk aitortu duenez, bidaiatzen duten bakoitzean webguneko erabiltzaileek idatzitako gomendioak oso kontuan hartzen dituzte.
Gehien gustatu zaien tokia Istanbul izan da. Bertan, gazte talde baten lagunak egin ziren trouristak; hala, Taksim inguruko kaleetako txoko ezkutuak ezagutzeko aukera izan zuten. Bosforo ibaia zeharkatzera ere gonbidatu zituzten lagun turkiarrek, horrela Asiako zatia ezagutzeko. Egun horretan bizi izan zuten, zalantzarik gabe, bidaia osoko esperientziarik politena. Ilunabarrak zerua horiz nola margotzen zuen ikusi zuten, eguzkia Ayasofya mezkitaren atzean ezkutatzen zen bitartean.
Bereciartuk bere lagun batek New Yorken bizitako esperientzia ere kontatu zion GARAri. Trourist webgunearen bitartez, bertako neska batekin jarri zen harremanetan. AEBetara iristean, neskarekin batera ezagutu zuen hiria; hala, New Yorkeko bizilagun baten eguneroko bizitza nolakoa den ikusi ahal izan zuen. Bidaietan ezagututako lagunekin ez du harremana galtzen Bereciartuk, Facebook bidez hitz egiten baitute elkarrekin. Orain dela gutxi Amsterdamen ezagututako lagun talde bat Donostiara etorri berri zaio bisitan.
Bizipenak nonahi
Trourist webgunean erabiltzaileek idatzitako bizipenak biltzen dira. Kide izatea oso erraza da. Nahikoa da helbide elektronikoa eta pasahitza sartu edo Facebook bidez konektatzearekin. Webgunean ia 300 esperientzia daude eskegita, gehienak Europakoak. Trouristek gehien bisitatutako hiriak Berlin, Londres eta Paris dira; bizipen gehien bildu dituztenak, berriz, Berlin, Bartzelona eta Sao Paulo. Webguneko kide diren trourista gehienak Donostia, Bartzelona eta Madrilekoak dira, eta egin dituzten bidaia gehienek Buenos Aires, New York eta Londres izan dituzte helmuga.
Webgunea nazioartekoa bada ere, Euskal Herrian bizi daitezkeen esperientzia ugariren berri ematen du. Adibidez, Donostiako Jazzaldia eta Donostikluba bezalako jaialdietara joatea proposatzen du trourista batek, baita tabernaz taberna ibiltzea ere bertako gastronomia ezagutzeko.
Baionan hirian zehar ibiltzea gomendatzen dute, museoak eta harresiak ikustea merezi duela-eta. Horrez gain, krepeak eta txokolatea dastatzeko gonbita egiten dute. Hendaian Abbadia gazteluan erlaxatzea eta inguruko basoetako txoko ezezagunak aztertzea dela onena dela dio erabiltzaile batek.
Hondarribian muskerren antzera eguzkitan jartzeko toki apropos bat aipatzen dute: Fraideen hondartza. Gazteluan kafe bat hartzea esperientzia ahaztezina dela ere nabarmentzen du erabiltzaile batek.
Eibartar batek bere herrian egin daiteken onena Astelena frontoira joatea eta jatetxe batean txuletak jatea dela dio. Lekeitiar batek, berriz, Antzar Eguna sekulakoa dela eta kostaldeko itsaskia jatea ezinbestekoa dela.
Bilbotik azpimarratzen dutena, Alde Zaharrean arratsaldetan egoten den giroa da. Gasteizen Salburuan arratsaldea pasatzea gomendatzen dute, baita bertan ilundu arte gelditzea ere. Horrez gain, Baskoniaren partidu bat ikusteko aukera ez galtzeko dio gasteiztar batek.
Iruñeari buruz diotena, aldiz, Alde Zaharreko harresiak eta Ziudadela bisitatzea ezinbestekoa dela da. Nabarreriako tabernetan pintxoak jatea, eta, ahal izanez gero, peñaren batean sartzea ere gomendatzen dute.
Euskal Herritik kanpoko esperientzia ugari ere bildu dituzte webgunean. Berlinera joaten direnei Kunsthau Tacheles etxe okupatura joatea gomendatzen die bertako batek. Artista kolektibo batek okupatutako eraikinean jatetxeak, klubak eta antzerki bat ere badaude; aipagarriena, aldiz, artista anonimoen obrak biltzen dituen lorategia da. Horrez gain, Berlin hirian zehar barreiatutako kaleko artea ikustea ere gomendatzen du. Maiatzetik uztailera joanez gero, Frailuftkino Kreuzberg estalperik gabeko zinemara joatea ere proposatzen du. Azkenik, punk-rock zaleei Ramones taldearen museoa galtzerik ez dutela gogorazten die.
Bartzelonan Ribera Baixa kaleko dendak bisitatzea aholkatzen du trourista batek; vintage arropa eta osagarriak aurki daitezke horietan. Gainera, «Lost» telesail estatubatuarraren jarraitzaileentzat toki apropos bat ere aipatzen du: Bharma. Taberna arrunta bada ere, barruan telesailarekin lotutako apaingarriak ditu, hegazkina eta guzti. Horrez gain, Rambletatik paseatzea ere gomendatzen du.
Sao Paulon Brasileko arteaz gozatzea gomendatzen du erabiltzaile batek. MASP museoa eta Pinacoteca do Estado de Sao Paulo aipatzen ditu, baita opera eta ballet emanaldiak ere. Kutsaduratik urrun sentitu nahi duenarentzat lorategi botanikoa dago; eguraldi onaz gozatu nahi duenarentzat, berriz, Ubatuba hondartza.
Lehiaketa bat ere egin dute www.trourist.com atariko erabiltzaileek bizitako proposamen onenak aukeratzeko. Bi aukeratu dituzte. Lehenak, Milanen Navigli auzoan zehar paseatzea gomendatzen du. Aspaldi bertako kanalak urez beteta bazeuden ere, gaur egun denda txiki ugariren aterpe dira. Bigarren esperientzia sarituak, aldiz, Londres du protagonista; hain zuzen ere, bertako Borough merkatua. Munduko edozein tokiko elikagaiak aurki daitezke merkatu berezi horretan.
«Trourista» gazteak dira nagusi
Trourist atariko erabiltzaileek ez dute profil tinko bat. Hala ere, gehienak 24 eta 38 urte arteko gazteak dira. Azken finean, adin tarte horretako herritarrak dira bai gehien bidaiatzen dutenak bai Internet gehien erabiltzen dutenak. Erabiltzaile gehienak Euskal Herrikoak dira, azken finean Trourist gure artean sortutako ekimena baita. Aldiz, gero eta atzerritar gehiagok erabiltzen dute webgunea; italiarrak, estatubatuarrak, alemaniarrak eta britainiarrak dira gehienak. Trouristak ostatutan egin ohi dute lo, merkeagoak direlako, baina hoteletara joaten direnak ere badaude.
Bidaia gehienak asteburukoak edota 5 eta 10 egun bitartekoak izaten dira. Geroz eta gehiago nabaritzen da jendeak nahiago duela hainbat bidaia motz egitea bidaia luze bakarra egitea baino. Trourist atariko erabiltzaileen artean bada munduari bira ematen ari denik ere; bidaiari horiek bakarrik bidaiatu ohi dute. Aldiz, bestela, normalena bikoteka edo lauko taldean joatea da.
Trourist webguneko kideek «experienceless» kartela hartu eta Euskal Herria bisitatzeko asmoa dute uda honetan. Beraz, kartelarekin ikusten badituzu, lagun iezaiezu zure herriko txoko bereziak ezagutzen. Eta bidaiatzera animatzen baldin bazara, webgunetik pasa zaitez gainontzeko erabiltzaileek kontatzen dutena irakurtzeko. Baliteke inoiz izan duzun esperientziarik politena bizitzeko aukera emango dizun norbait aurkitzea.
Amaitzeko, Jokin Bereciartuk bi gomendio besterik ez dizkie eman nahi mundu osoko bidaiariei. Lehena, bidaiatzeko grina inoiz ez galtzea. Bigarrena, tokikoen ohiturekin bat egitea.