Pello Aramaio Etxaburu Preso ohia, Ondarroa
Nondik zatoz? Sagarrak dakartzat...
«Nire eskubide zibil eta politikoak zein egoeratan dauden jakitea nahiko nuke. Politikagintzan aritzeko giza elementu kutsakorra ote naizen ala ez. Hautagai zerrenda batean joan naitekeen ala ez...». Galdera horiei erantzun eta dokumentu batean konstantzia uzteko eskatu nion Barne Ministerioari.
Nondik zatoz? Sagarrak dakartzat... Gutxi gorabehera gisa horretan erantzun zidan espainiar Barne Ministerioak igorri nion idatziari. 2009ko martxoan instantzia formulazio erara zuzendu nintzen haiengana; hainbat puntutan jasotako azalpen eta eskariak zituen agiriak. Errespetu osoz egina eta hiritar bati dagokion eskubideez baliatuta. Agiriaren gaia: D3Mren ilegalizazioak eta hautagaien zerrendak ezabatu izanak sorrarazi zidan kezka.
Ordudanik hona urte bete baino gehiago igaro da, eta, berriro ere, ilegalizazio mehatxuak datozkigu bero-bero. Ezker abertzaleak eta EAk Euskaldunan sinatutako itun estrategikoak hautsak harrotu ditu, batez ere espainiar nazionalisten haserrerako; PPn eta PSOEn alegia. Maila berean, baita alderdi espainiar horiekin aliatu gisa beti nora ezean dabilen PNVn ere. ETAren eszenifikazio izan omen zen.
Asmakizun berriekin datoz ezker abertzalea hauteskundetan egon ez dadin. Horretarako, presaka eta dekretu bidez, «demokraziaren» izenean, gerrako legeak aplikatzeko prest daude. Hemerotekei erreparatzen badiegu, argi ikusten da egun ETA ez dela arazoa, aitzakia hutsa baizik. Indarkeriaren esklusibotasuna ETArena balitz bezala hitz egiten dute. Gorrotatzen badute ere beharrezkoa zaie eguneroko politikagintzan aritzeko, beraien betiko diskurtsoa elikatzeko. Berdin zaie ETAk hilketak eragiten dituen edo ez (Basagoitiren esanetan), ETA existitzen den edo ez (Aznar). Obsesio paranoiko bakarra ezker abertzalea mapa politikotik desagertzea da.
Rubalcabaren esanetan, «ideiak ez dira ilegalizatzen». Niretzeko ideiak gauza etereoak dira; hala, kontzienteki edo subkontzienteki bakoitzak dituen ametsak eta ilusioak izan daitezke. Baina egitasmo politiko horiek predikatzea, bide baketsuak soilik erabiliz, inolako indarkeriarik gabe eta demokratikoki... oraindik ere delitua da gure ahotik eginez gero. Adierazpen askatasunari apologia edo terrorismoaren gorespena eta biktimak iraintzea deitzen diote. Beraz, gure destinoa kartzela da beti.
Hasieran aipatutako idatzira bueltatuz, besteak beste, hauxe aipatzen nuen: «Herritar arrunt bat naizen honek, aurrekari penalik ez duena, dauden legeak betetzen dituena, besteenganako errespetu handiz jokatzen duena, betebeharrei erantzuten diena eta familia eta gizarte giro onean bizi dena, hurrengoa jakin nahi du: nire eskubide zibil eta politikoak zein egoeratan dauden, politikagintzan aritzeko giza elementu kutsakorra ote naizen ala ez, hauteskundeetan hautagai zerrenda batean joan naitekeen ala ez...». Horrenbestez, ziurtagiri bat eskatu nion Barne Ministerioari, dokumentu batean konstantzia eduki nezan.
Berehala etorri zitzaidan erantzuna. «Espainiako Konstituzioa baliatuz eta legearen aurrean denok berdinak garenez, eskubide osoak dituzu politikan aritzeko», zioen erantzunak. Horretarako, 6/2002 Lege Organikoaren 1, 2 eta 6 artikuluak aipatzen zizkidaten. Gero, 187.3 Lege bereko artikuluan dagoen 5/1985 Regimen Electoral General delakoa hauteskunde munizipalak direnerako. Idatziaren bukaerak honela zioen: «Zure eskariaren erantzun gisa, kontuan izan Auzitegi Gorena eta Konstituzionala daudela eta beraien interpretazioak anitz izan daitezkeela». Hau da: Nondik zatoz? Sagarrak dakartzat...
Horiek horrela, guk politikan parte ahal izan dezagun «justiziak» omen du azken hitza. Zeinek eta politizatuta dagoen justiziak? Gatza, 30 urte kartzelan bete ondoren, eta beste euskal preso asko, zigor osoa bete ondoren eta larriki gaixorik izanik ere, kartzelan mantentzen dituen justiziak? GALeko partaide izan eta estatu terrorismoan aritu zirenak, urte mordoxkako kondenak jaso arren -Galindo (71 urte), Vera (17), Barrionuevo (10), Amedo (117), Elgorriaga (71), Sancristobal (10)...-, berehala kalean libre (aurrez erregimen irekian egon zirela ahaztu gabe) utzi zituen justiziak? Estrukturalki errepresioaren kultura barnean daraman Estatu eredu honetako justiziak? «Zuzenbide estatua» eta bere sistema guztia ustelduta dagoenean, justiziak esan behar ote digu ba «kutsakorrak» garen ala ez?
Bakea ez da soilik gerra edo indarkeriarik eza. Benetako bakea justizian datza. Justiziarik ez bada, ez dago bakerik. «Bakea» inposatzen denean indarkeria besterik da. Indarraren arrazoia faxismo hutsa da.
Euskal Herriak 600 urte daramatza borrokan. Zibilizazio modernoetan demokrazia omen da sistema politikorik egokiena elkar ulertzeko eta bizikidetzarako. Hain zuzen ere, espainiar Estatuak konfrontazio demokratikoari dio beldurra, eta, hori eman ez dadin, errepresiorako makinaria guztiak martxan jartzen ditu, betiere gu makurrarazteko.
Hala eta guztiz ere, gure arrazoiaren indarrak hor dirau, zutik. Geroa geurea da. Aurrera ba!