GARA > Idatzia > Ekonomia

EBko ministroek esnearen salneurriei buruz eztabaidatuko dute gaur Bruselan

GARA |

Europar Batasuneko Nekazaritza ministroek esnearen merkatuaren egoera hobetzeko neurriak eztabaidatuko dituzte gaurtik aurrera Bruselan, salneurri apalen erruz azken urteetan sektore honek bizi izan duen krisia errepika ez dadin. Bilera hau dela-eta, Europa osotik heldutako ekoizleek manifestazioa egingo dute Flandriako hirian.

Ministroek, Esneari buruzko Maila Altuko Taldea delakoak egindako txostenaren ondorioak aztertuko ditu gaur. Aipatu taldea, iragan udazkenean sortu zuten, prezio txikiak zirela-eta, baserritarrek egindako mobilizazio eta greba handiei erantzunez.

Krisi zehatz honi egoki erantzuteko moduak pentsatzeaz gain, talde horrek aurrera begirako estrategiei buruz ere lan egin du, besteren artean, 2015ean esne-kuotak bertan behera geratuko direlako.

Kontratuen erregulazioa

Besteren artean, aditu hauek proposatu dute baserritarren eta industriaren arteko kontratuek Europa mailako erregulazio bateratua izan dezatela, ekoizleek prezioen gainean negoziatzeko botere handiago izan dezaten.

Edonola ere, esne-ekoizleen elkartea den EMBk eta Via Campesinak irizten diote adituen taldeak ez dituela sektoreak behar dituen soluziobideak aurkeztu, eta horregatik deitu dute mobilizazioa gaur Bruselan.

Dena den, gaurkoa ez da izango esnearen afera jorratzeko Europar Batasuneko ministroek aurten egingo duten azken bilera, Belgikako presidentziak iragarri baitu heldu den irailean gai hauxe eztabaidatzeko beste bilera bat deituko duela irailean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo