Sokatira Euskal Herriko Txapelketa
Goiherrik gainerakoen gainetik dagoela berretsi du
Erandiokoek 600 kiloko txapela segurtatu zuten azkeneko jardunaldia arazorik gabe irabazi ostean.
Jon LEUNDA
Kirolean ezuste handiak gutxitan izaten dira, eta horixe errepikatu zen herenegun Erandion, San Kristobal auzoan, jokatutako Euskal Herriko Txapelketako 600 kiloko azkeneko saioan. Goiherrik txapela galtzeko azkeneko postuetan geratu beharra zeukan. Horrek ia ezinezkoa zirudien, eta horrelaxe izan zen, berriro ere berdeek besteen gainetik daudela erakutsi baitzuten, saioa irabaziz.
Denboraldia ez zuten ongi hasi, 680 kiloko txapelak ihes egin baitzien, nahiz eta faboritoak izan. Beste biak, ordea, jantzi dituzte, eta geratzen dena lortzeko ere faboritoak dira. Erandioko taldeak jokatutako tiraldi guztiak bereganatu zituen herenegun, eta aparteko beharturik hartu gabe, gainera.
Emozioa bigarren posturako iragartzen zen, Areso, Gaztedi mistoa eta Mutriku puntu bakar baten barruan baitzeuden. Zalantzak, gainera, azkeneko unera arte jarraitu zuen. Izan ere, Aresok eta Mutrikuk jardunaldia bigarren amaitu zuten. Txapeldunekin galdu egin zuten, baina gainerako talde guztiak menderatu egin zituzten, eta beraien artean berdindu egin zuten. Aresok aldetxoa zuen hasi aurretik, eta horrek bigarren postua eman zion.
Ezusterik handiena Gaztedi mistoak eman zuen. Laukizko taldeak beherantz egin du. Lehen jardunaldian bigarren amaitu zuen, baina azkenekoan bosgarren amaitu zuen, Getxori eta Gaztediri bakarrik irabazita.
Aurretik Goiherri B taldeak amaitu zuen. Berdeen bigarren taldeak Gaztedi mistoa, Getxo eta Gaztedi menderatu zituen, eta pisu honetako saiorik onena burutu zuen.
Azken postuan ere oreka egon zen, berdindu egin baitzuten Getxok eta Gaztedik. Beraien artean tiraldi bana irabazi zuten, eta gainerako guztiak galdu egin zituzten, saioa azken bi postuetan amaituz.
Eguneko sailkapena honela geratu zen: lehenengo postuan Goiherri A 7 punturekin; bigarren Mutriku eta Areso 5,5erekin; Goiherri B 4rekin; Gaztedi mistoa 3rekin, eta, azken bi postuetan, puntu eta erdirekin, Getxo eta Gaztedi.
Sailkapen nagusia, berriz, honela geratu da: lehenengo Goiherri A 21 punturekin; bigarren Areso 16rekin; hirugarren Mutriku 15ekin; laugarren Gaztedi mistoa 13rekin; bosgarren Goiherri B 10ekin; seigarren Getxo 5,5 punturekin eta zazpigarren Gaztedi 3,5 punturekin.
Denboraldia amaitzeko 580 kiloko lehiaketa falta da, eta hau ere hiru jardunalditara jokatuko da, nahiz eta Areso eta Mutriku ez diren lehiatuko. Lehenengo jardunaldia datorren larunbatean jokatuko da Laukizen eta azkenekoa uztailaren 31n izango da, zehaztu gabeko leku batean.