GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Jeffreys Bay: Txoko garrantzitsua munduko surf txapelketen historian

Lehia hutsetik haratago, istorio anitz dituen lekua da J-Bay. Zita garrantzitsua izaten da berton urtero.

p042_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Uztailaren 15a eta 25a bitartean ospatuko da Jeffreys Bay Billabong txapelketa famatua. WCT zirkuituko hamar probetako bat da. Txapelketaren nondik norakoak jakin nahi dituenak -parte hartzen duten surflarien izenak, horien babesleak nortzuk diren, zenbat puntu batu dituen bakoitzak eta abar- ez du arazorik izango: futbolarekin edo beste edozein kirolekin gertatzen den bezala, surfeko txapelketen berri ere ematen dute jada egunkarietako kirol orrialdeek. Horregatik, txapelketaren inguruko beste zenbait gauza azaltzen saiatuko naiz, berau jarraitu nahi duenak ohiko irizpide teknikoetatik haratago ikuspegi zabalagoa izan dezan. Lehiaketaren muina etsaia menderatzea da, zapaltzea, txikitzea, gainditzea, baina ikusle hutsak ez du zertan baten edo bestearen aldeko leialtasun zinik egin beharrik. Ikuskizunaz gozatzearekin nahikoa izan daiteke. Horrela eginez gero, gehiago gozatuko duzue ziur aski.

Munduko hamar txapelketa garrantzitsuenetako bat hartzen du urtero J-Bay ezagunak. Arrazoi nagusia, dudarik gabe, bertako olatuaren kalitate bikaina da. 1963an «The endles summer» lehen surf pelikula arrakastatsua filmatzen ari zirela «topatu» zuten badia hau Afrikako hegoaldeko lurmutur batean. 1964an zinema aretoetako pantailetan olatu ikaragarri haien irudiak zabaldu orduko, milaka surflariren helburu bihurtu zen Jeffreys Bay. Kamera estatubatuarrek baina lehenago kolonizatu zuten, ordea, itsasertz hau afrikaner bezala ezagututako etorkinek. Horren erakusle, badian izena ere afrikaans hizkuntzan jarrita dago.

Afrikaner, boers, afrikaanders, burghers edo Lurmuturreko holandarrak bezala ezagututako hegoafrikarrak, jatorri germaniarreko etnia baten ondorengoak dira. Bi dira beraien bereizgarri nagusiak. Batetik, nederlandar hizkuntzaren kreolera den afrikaans hizkuntza hitz egiten dute. Bestetik, erlijio kalbinista dute. XVII. mendean nederlandarrek hasitako kolonizazioan dute jatorria, eta, urte luzez batzuen eta besteen aurka gudan ibili ostean (baita Erresuma Batuarekin berarekin ere), Hegoafrikako botere politikoa eskuratu zuten. Eskuratu bakarrik ez, 40 urtez izan ziren agintean. Azkenean, 1991. urtean apartheid sistema arrazista erori zenean galdu zuten boterea; orduz geroztik ez dira agintera itzuli. Kontutan hartu behar da talde etniko honetako kideak Hegoafrikako biztanleriaren %7 bakarrik direla. Hala ere, 40 urtez emandako urratsek itzal luzea dute oraino.

Afrikaz dugun irudia leku lehor eta eguzkitsuarena izan ohi da, eta horrela da bere luze zabalean. Aldiz, itsasoko urari dagokionean, Hegoafrikan, ur hotza da nagusi, izan ere, Indiako Ozeanoa eta Atlantikoa batzen diren eremua izateaz gain, Antartidatik datozen korronte hotzen jomuga ere bada. Txapelketa honetako irudiak ikusten badituzue, surflariak neopreno luzez babestuta ikusiko dituzue. Uretatik kanpo ere arropaz ongi babestuta daudela ikusiko duzue, lehorrean bertan ere haize hotza izaten baita nagusi.

Ekainetik abuztura itsasaldi franko izaten da Hegoafrikan eta J-Bayko olatu bikainek ikuskizun ezin hobea ziurtatzen dute, baina, horrez gain, munduko surf lehiaketen historiara pasa diren gertakariak ere utzi ditu leku honek. Hona hemen bi adibide: 1984ean Marc Occhilupo australiarra 18 urte besterik ez zituela nagusitu zen, eta, 2006an, Kelly Slater estatubatuarrak Andy Irons hawaiiarra menderatu eta zazpigarren aldiz eskuratu zuen munduko txapelketa J-Bayn.

Lehen txapelketa 1981ean egin zen, eta Shaun Tomson hegoafrikarrak irabazi zuen. Hegoafrikako surflari ezagun guztiak bezala, Shaun Tomson ere zuria da. 1998an zinema aretoetan arrakasta dezentea lortu zuen «In God's Hands» filmeko aktore nagusietako bat da. Shane Dorian surflari profesionalaren urratsak jarraitzen dituen kazetari baten papera egiten du. Amaieran, Dorian Mexiko iparraldeko ur hotzetan hiltzen da Todos Santoseko olatu erraldoi bat harrapatzen. Irudi onak dituen filma da, surf munduan ontzat ematen diren zenbait gauza kolokan jartzen baditu ere (uretako motoen erabilera kasu). Filmeko lehen irudiak Hegoafrikakoak dira, eta argi erakusten dute bertakoei zor zaien errespetuaz duten ikuspegi bitxia.

Tom Carroll, Tom Curren eta Martin Potter Pottz surflari profesionalek uko egin zioten 1985ean J-Bayko txapelketan parte hartzeari, apartheid sistemarekin ados ez zeudela erakusteko. Ostean surflari gehiago ere batu zitzaizkien, boikot arrakastatsua egin zutelarik. Shaun Tomson, aldiz, ez zegoen ados ekimenarekin eta kirolariengan oso ohikoa den esaldia esan zuen: «Kirola ez da politikarekin nahastu behar». Martin Potterrek jaso zituen kritika gogorrenak, izan ere, Erresuma Batuan jaio eta gutxira Hegoafrikara bizitzera joan ostean, Durbanen hazi zen Pottz. Presioa izugarria jasan zuen, eta, azkenean, Australiara bizitzera joatea erabaki zuen urte horretan bertan. Hala ere, Martin Potterren famak lau urte geroago joko zuen gailurra: 1989an munduko txapeldun titulua lortu zuen. Garai horietan bere taulen marrazki bera zuten taula ugari ikus zitezkeen Euskal Herriko kostaldean ere. Taulek sua zuten ertzetan marraztuta eta oso ongi irudikatzen zuten bere surfa; erradikala, bizia. Skateko ariketak surfera eramaten lehenetarikoa izan zen.

Tom Curren, berriz, hiru aldiz munduko txapelduna (1984, 1985 eta 1990), iaz ikusi ahal izan genuen J-Bayko olatuetan, Marc Occhiluporekin lehia bizian. Ikuskizun hutserako antolatutako txanda berezia izan zen. Benetan ikusgarria suertatu zen; olatu ikaragarri onak lagun, ikuskizuna ezin hobea izan zen. Curren eta Occhiluporen arteko txandak marka guztiak hautsi zituen: apustuak egin ziren, antolatzaileek behin eta berriz eman zuten txandaren berri jendea erakartzeko amu gisa... Azkenean, gainera, txanda ezin interesgarriagoa izan zen, surfak azken 20 urteotan izan duen ibilbidearen erakusle ezin hobea. Garrantzitsuena estiloa zen garaietatik gaur egungo ariketa bortitzeko surf erradikalerako jauzia irudikatu zuen txandak. Izan ere, minutu gutxi batzuk lehenago toki berean lehian aritu ziren egungo surflari onenen surfa eta Curren eta Occhiluporen surfa alderatzeko aukera errepikaezina izan zen. Iazkoan ere, beraz, surfaren historiara pasako den ekimena izan zuten J-Bay mitikoan. Ea aurtengoan zer gertatzen den.

j-bay

Munduko hamar txapelketa garrantzitsuenetako bat urtero leku honetan egiten dena da. Arrazoi nagusia, dudarik gabe, olatuaren kalitate bikaina da.

«apartheid»-a

Tom Carroll, Tom Curren eta Martin Potter surflari profesionalek uko egin zioten 1985ean J-Bayko txapelketan parte hartzeari Hegoafrikako «apartheid» sistemarekin desadostasuna erakusteko.

sHAUN tomson

J-Bayko surflari famatua ez zegoen ados txapelketari egindako boikotarekin. «Kirola eta politika ez dira nahastu behar», zioen.

martin potter

Durbanen hazi zen Martin Potter surflariak presio handia jasan behar izan zuen «apartheid» sistema salatzeagatik. Azkenean, Australiara joan zen bizitzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo