LIBURUAK
Surflarien kodea
J-Bay ezagunari buruzko artikuluan Shaun Tomson aipatu dugu. Surflari hegoafrikarrak aktore lanak egin ditu hainbat filmetan, Surf Rider fundazioko kide ezaguna da eta idazlea ere bada. Bi liburu argitaratu ditu jada: «Surfer's Code» (2007) eta «Bustin' Down the Door. Revolution» (2008). Azken liburu horretan 1975eko neguan australiar eta hegoafrikar gazte talde batek izandako bizipenak kontatzen ditu. Hawaiin kokatzen da istorioa. Gazte horiek emandako urratsak iraultzaileak izan ziren surfaren bilakaerarako.
«Surfer's code» liburuaren azalean, berriz, honakoa dago idatzita: «12 simple lessons for riding through life». Alegia, bizitzan zehar ibiltzeko hamabi ikasgai eskaintzen dizkigula Tomson jaunak. Liburuak soinean eramateko plastikozko txarteltxo bat ere badakar, kodeko hamabi irakasgaiekin. Hona hemen hamabi gomendioak:
- Ozeanoari ez diot inoiz bizkarra emango.
- Beti barrurantz egingo dut arraun itsasoan.
- Tentuz ibiliko naiz taulatik erortzerakoan.
- Gogoan izango dut atzetik beti beste olatu bat datorrela.
- Kontutan izango dut surflari guztiak ozeano berak batzen gaituela.
- Urautsiaren inguruan egingo dut arraun.
- Ez dut arriskurik hartuko itsasaldien ondorioz arrokak gertuegi direnean.
- Olatu handiko serie baten ostean, gainontzeko surflariak non diren behatuko dut.
- Ez diot nire taularen lorratza botako beste surflari bati haren ondotik pasatzean.
- Olatuaren gainean surf egiten aterako naiz urertzeraino, ez arraunean.
- Egunero olatu bat hartuko dut, irudipenarekin bada ere.
- Ohore egingo diot erregeen kirolari.
Aholku horiek txorakeria dirudite, norberak ikusiko du aintzat hartu ala ez, baina Shaun Tomson edozein ez dela ere kontuan hartu behar da. Dudarik gabe, esperientzia handiko surflaria da. Banzai Pipeline olatu beldurgarrian bizkarka tuboak egiten lehena izan zen. Bitartekoak eskasak ziren garaian munduan zehar surf egiteko hainbat leku berriren bila aritu zen. Garai arriskutsuak ziren egungoekin alderatuz gero, eta hori kontuan hartzekoa da. Hainbeste urteren ostean bidaiatzen jarraitzen du, baita idazten ere. Agian pitokeriak esango ditu, baina badaezpada ere, entzutea inoiz ez da soberan.