LEHIAKETAK
Surf jaialdia Biarritzen
Orain dela lau urtez geroztik urtero antolatu den eta arrakasta itzela izan duen festibala da Biarritzekoa. Longboard modalitatean mundu mailan neskentzat antolatzen den ikuskizun entzutetsuenetakoa da. Puntako 34 surflarik hartzen dute parte bertan eta giro polita izaten da. Izan ere, longboard modalitatean lehia ez da hain bortitza, edo gutxienez horrela dirudi; azken finean, modalitate honetan gehien puntuatzen dena estetika da, mugimenduen harmonia, ez ariketen indarra edo erradikalitatea.
Uztailaren 10etik uztailaren 14ra arte luzatuko da jaialdia. Beraz, garaiz zarete. Hala ere, gerturatu ezin duenarentzat Internet bidez ikusteko proposamen bat luzatzen dizuet. Esan bezala, modalitate honetan estetika da giltzarria. Taula handien gainean atzera eta aurrera ibili behar da, pausuak dantza moduan emanaz. Ekainean Surffilm festibalean aurkeztu zuten bideo batean taularen gaineko pausuak Zuberoako dantzekin alderatzen dituzte. Dantzariek Godalet dantzan egiten dituzten mugimenduak surflariek taula gainean ematen dituzten pausuekin alderatzen dituzte; amaieran, dantzariak ardoz betetako edalontzi baten gainera salto egiten du. Bideo bitxia ikusteko «modernist basque surfing teaser» idatzi behar duzue Google bilatzailean.