Kliklap bideo lehiaketa abian jarri du Aldudarrak Bideok
Aldudarrak Bideo, Kanaldude euskarazko herri telebistaren ekoizle den enpresak, Kliklap izeneko bideo lehiaketa zabaldu du uztailaren 15etik irailaren 8ra arte. Guztiei irekia, hiru sari banatuko dituzte, eta bideo guztiak Kanalduderen webgunean ikusgai izango dira.
Ainize BUTRON | BAIONA
«Zure euskarazko telebista gaur egun?» eta gai librea dira Aldudarrak Bideo elkarteak aukeraturiko gai nagusiak uztailaren 15etik goiti zabalduko duen Kliklap lehiaketarako.
Bost minutuko formatu batean eginak, publizitate, fikzio, dokumental edo erreportaje moduan landuriko mota guztietako bideoei irekia da. «Ez da lehiaketa profesionala, eta filmatzeko ez da baitezpada kamera bat baliatu behar. Nornahik parte har dezake», azaldu zuten Xantxo Ernaga eta Iban Lamarque ekimenaren bultzatzaileek. Sakelako telefonoarekin, argazki kamerarekin, bideo kamerarekin edo beste edozein gailurekin landuriko filmek dute lehiaketan parte hartzeko aukera.
Irailaren 8a aitzin, DVD edo KD batean kopiatu eta Aldudarrak Bideok Arrosako plaza nagusian duen egoitzara helarazi behar dira filmak. Euskal Herriko herritar orori irekita dago, baina bideoak euskaraz izan behar du. Horrela ez bada, derrigorrean euskarazko azpitituluak izan beharko ditu.
Festirudi jaialdia urrian
Bidalitako bideo guztiak www. kanaldude.org webgunean ikusgai izanen dira ikusleek epaitu ahal izateko, eta horrenbestez, onenak aukeratzeko. Horiekin batera, telebista eta musika munduko profesionalez eta Kanaldudeko kideez osaturiko epaimahai bat osatzekotan dira.
«Hiru sari nagusi izango dira, bakoitzerako publikoaren zein epaimahaiaren sariak izango direlarik. Euskal Herriko leku batera joateko bidaia izango da saria», gehitu zuen Ernagak.
Kliklap lehiaketaren sariak datozen urriaren 2an eta 3an Aldudarrak Bideok Arrosan antolatuko duen Festirudi jaialdiaren baitan banatuko dira.
Lehiaketaren emaitzekin batera, euskarazko telebistei buruzko hitzaldiak eta beste hainbat animazio izango dira.
Kanaldude euskarazko herri telebista parte-hartzailea dela nabarmendu dute arduradunek. Astero 5.400 lagunek eskuratzen dituzte enpresak Internet bidez bidaltzen dituen mezuak.
Lehiaketan parte hartzen duten bideoak onak badira, TVPI telebistan azaltzeko aukera izango dute. Kanaldudek astero zazpi aldiz ikusgai den ordubeteko emanaldia zabaltzen du telebista horretan.