GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Zergatik erabiltzen duzu euskara?» lehiaketa Facebooken

GARA | DONOSTIA

Iazko filosofiari eutsiz, «Balioa eta berrikuntza» lelopean, abian jarri da dagoeneko sarean Bai Euskarari Ziurtagiriaren 2010eko publizitate kanpaina. Aurreko urteotako publizitate proiektuetan ziurtagiridun entitateak protagonista izan ziren bitartean, azken honetan bezeroari eman nahi izan diote garrantzia. Hau da, bai dendetan, bai enpresetan bai erakundeetan euskararen erabilera bultzatzen eta estimatzen duten herritarrengan jarri dute arreta.

Azken edizio honetan, gainera, «Zertarako erabiltzen duzu euskara?» galdera aurkeztu du Bai Euskararik bere Facebookeko orrialdean. Herritarren parte hartzea sare sozialetara ere hedatuz, bakoitzak noiz, non, zertarako eta zergatik erabiltzen duen euskara erantzun beharko du. Galdera horiek erantzutearekin batera, parte hartzaile oro Bai Euskarari ziurtagiria duen landa etxe batean asteburu bat igarotzeko zozketan sartuko da zuzenean. Baina adi, erantzuteko azken eguna uztailaren 28a da!

Parte hartzeko Bai Euskarari Ziurtagiriaren Facebook orrialdean klikatu beharra dago lehendabizi ekimenaren jarraitzaile egiteko, eta horman atxikita dagoen iragarkia ikusi ondoren, «Zergatik erabiltzen duzu euskara?» galdera erantzun behar da. Irabazlearen izena orrialde berean emango da jakitera uztailaren 28an.

Atzo arratsaldean dagoeneko mila jarraitzaile baino gehiago zituen ekimenak, hamaika esperientziaren berri jasotzen zelarik. «Komunikatzeko, maitatzeko, ikasteko, irakasteko, Interneten aritzeko... edozertarako, azken batean, bizitzeko!», zioen gazte batek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo