TKE liga
Igo berriak matxinatu ziren eguna
Astillero gorengo mailara bueltatu da lortutako garaipen apartarekin. Pasai Donibane bigarren izan da kaleek baldintzatutako proban.
Ander GARTZIA
Ikusgarria izan zen ligako oilarren artean igo berriak diren Astillero eta Pasai Donibane ontzien arteko borroka, Tourreko ihesaldietako txirrindularien tankeran tropelarengandik ihesi elkar lagundu izan balira bezala. Gauza jakina da, baina, podiumeko koskarik gorenak irabazle bakarrarentzat gordetzen duela ohorezko tokia, eta atzokoan salbuespentxo bat egin izan bazitekeen ere, Astillerok dastatu zuen garaipenaren zapore gozoa. Kantabriarrak bueltan dira ligaren urrezko orrialdetan, eta beraiekin batera elkarte historiko bat. Lau urte luze izarren ligaren ainubean eman ostean, egundoko garaipena erdietsi zuten Jon Salsamendiren mutilek. Pasaitarrak, berriz, beste behin ere, balentria handi baten atarian gelditu ziren. Inork ez du zalantzan jarriko gipuzkoarren denboraldi hasera aparta, baina «Erreka» ontziaren branka eztizko garaipenaren gosea ase ezinda dabil. Hasi-hasieratik, temati jardun zuten arraunean kantabriarrekin batera estropadaren burua lortzeko asmotan, eta Astillerok ziabogetan lagatako denbora probetxuz erabili bazuten ere, koadrila pasaitarrak amore eman zuen «San Jose XIV.ak» ontzi erdiko aldea lortu zuenean Bizkaiko Zubipean.
Pedreñako uretan eskuratutako emaitza onak medio, bi ontziak ohorezko txandan aritu ziren Pedreña eta Urdaibairekin batera eta hasierako txanpaz geroztik bakar-bakarrik izan ziren aurrean. Bermeotarrek ez zuten larunbateko talde sendoaren itxura apurrik ere eman eta asko sufritu beharra izan zuten ahalik eta punturik gehien pilatzeko. «Bou Bizkaia» ontziak agerian utzi zituen denboraldi hasieran pairatutako gabeziak, eta, hori gutxi balitz, estropadan zehar bereak eta bi izan zituen Pedreñarekin, palen arteko talka eta guzti izan zelarik. Kantabriarrek hiru segundoko zigorra jaso zuten helmugan, eta, lehen kaletik ezinean aritu ostean, bederatzigarren sailkatu ziren.
Diferentzia handia
Beste Kantabriako traineruak ere gorriak pasa zituen gertuen kokaturiko kaletik. Portugaleteko estropada eremuak sarri baldintzatzen ditu estropadak eta atzokoa ez zen salbuespena izan. Ez Castrok, ez Pedreñak, ezta Zarautzek ere, ez zuten zortea lagun izan estropada aurreko zozketan eta sailkapeneko azken postuetan bukatu zuten proba. Bazirudien «La Marinera» ontziak arrankila tatarrez zeramala lehen kale hartatik eta arraunkada sendorik lortu gabe azkenurrenak izan ziren egungo txapeldunak. Kaleekin eta arraunkadarekin arazo gutxi izan zituena Orioko ontzia izan zen. Gipuzkoarrak fin aritu ziren bigarren txandan, eta, hirugarren postua erdietsita, sailkapenaren puntan dira.
Gipuzkoa nagusi nesketan
Euskotren ligaren bigarren jardunaldian ere Gipuzkoako selekzioa izan zen lau ontzietan azkarrena. Olatz Aldarruren gidaritzapean, emakume gipuzkoarrak galiziarrei sei segundoko abantaila ateratzeko gai izan ziren. Bide batez, argi erakutsi zuten, oker handirik ezean, aurreko borroka horretan arituko direla banderen bila. Getaria-Tolosak bigarrenez jarraian ordezkatu zuen Gipuzkoa eta hasiera-hasieratik nagusitu zen; ez zuten denbora askorik behar izan aurreneko tarteak lortzeko.
Bizkaitarrek, berriz, ezin izan zioten eutsi garailearen erritmoari eta kantabriarrei hogei segundotik gora aterata aurreko egunean izandako diferentziak murriztea lortu zuten. Horrenbestez, gipuzkoarrak sailkapen nagusiko aurreneko postuan kokatu dira zortzi punturekin, galiziarrek baino bi gehiagorekin. Hirugarrenak bizkaitarrak dira laurekin eta azkenak kantabriarrak birekin. Datorren asteburuko bi estropadak Galiziako uretan jokatuko dira.