«Mutilak dena emateko prest daude eta harro nago»
Astilleroko arraunlaria eta entrenatzailea
Ligarik indartsuenak talderik nagusienekin osatzen dira eta atzoko garaipenaz geroztik, Astillero bueltan da. Kantabriarrak proiektu berri batekin datoz Salsamendiren eskutik.
Gizon indartsu askok alde egin zuten. Espero al zenuten garaipenik?
Ez horren goiz. Denboraldi hasieran bagenekien kalitatez hobetzea zaila izango genuela, eta, hala, motibazioz gainezka dagoen koadrilaren alde egin dugu apustu. Konpetentziak traineruaren maila hobetzen du ezinbestean. Gaur -atzoko estropadagatik- bost aldaketa izan dira eta iaz ARC ligan aukera gutxi izan zituzten gazteak ere aritu dira. Ikaragarri pozik daude eta ni halako bi. Dena emateko prest daude eta harro nago.
Patroi lanean ere Ugaitz Mendizabal gaztea izan da.
Neguan patroi bat behar nuen batel, trainerila eta zortzikorako eta Tolosako elkartean ezagutzen nuen batek eman zidan bere berri. Ez zuen esperientziarik baina bai gogo asko. Etortzeko esan nion.
Helburuak aldatu egin al dira?
Orain arteko prestaketa berarekin jarraituko dugu. Bestela, helburuak garbi daude: ilusio handiz ekingo diegu txapelketei eta iaz lortu ez bagenuen ere, iraileko lehen bi igandetan Donostian izan nahi dugu. A. G