GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Kanpotik

Zerua irabazita!

 Markel IRIZAR Txirrindularia

Ia konturatu gabe, pasa zaigu Tourreko lehenengo astea. Jada, eta teorian bada ere, arrisku gehien duen astea pasa dute txirrindulariek. Eta asteburu honetan, horrenbeste desio genuen mendia iritsi da. Bagenekien Contador oso indartsu egongo zela, eta, espero bezala, bere taldeak nahiz berak oso maila ona eman dute. Gure taldeari dagokionez, aldiz, zortea ez dugu lagun izan. Klodi gaixo dago, eta egun hauetan ezin izan du bere maila eman. Lance, berriz, lau aldiz erori da jada Tour honetan; gainera, harbidean, momenturik zailenean izan zuen zulatua. Ondorioz, denbora galdu zuen Contadorrekiko.

Gaurkoan ere etapa hasieran erori eta Lance atzean geratzea nahikoa ez bazen, Egoi eta Ibanekin batera berriz erori dira azken zatian. Denak ere zoritxarreko, Iban eta Egoik ere ez baitute estreinako erorketa Tour honetan. Hala ere, jende eta zale gehienak kontra dituen arren, Lancek ez du berehala etsiko, eta azken egunera arte oso zaila edukiko duen arren, borrokan jarraituko du. Gainerakoan etapa oso gogorra ikusi dugu eta esfortzu ikaragarria egin dute txirrindulariek; gaurko diferentziez gain, datozen etapetarako ere nekea pilatu dute. Andy eta Samu oso indartsu ikusi ditut, baita Contador eta bere taldea ere. Liderrak berak ere ez du berehalakoan etsiko. Guk taldetxo horretan Levi sartu dugu eta aurrera begira guztien artean ikuskizun polita eskainiko digutelakoan nago. Beraien lekuan jarri nahiz momentu batez eta oraintxe bai gustura hartu izango dutela lehendabiziko atseden eguna. Tour honek lehen aste oso intentsua eta istripuz josia izan du, eta eskertuko dute horri guztiari buelta emateko egun lasai hau.

Amets eta ni neu Tourrari buruzko gure iritzia emateko «fitxatu» gaituzte, baina, inork kontrakoa esan arte, eta zuek gustu baduzue, beste gai batzuk jorratzea ere gustatzen zaigu. Kontua da, gaur, gure inguruan gehien sufritzen duten pertsonei buruz idatzi nahi dizuedala. Batzuek gure amak direla pentsatuko duzue, eta egia bada ere, haiek ikaragarri sufritzen dutela, txirrindularien emazte edo andregaiei buruz ari naiz. Asteburu gehienak bakarrik ematen dituzte; gainera, etxean gaudenean gauza pila bat egiteko mugaturik gaudenez, bizitza lasai-antzeko bat eman behar. Ez abuztuan oporrik, ez gauean irteterik, ez ezer. Eta horrez gain, gauzak ongi ateratzen ez direnean, hala lurretik bueltaka ibiltzen garenean, gu zaindu eta osatu beharra izaten dute.

Baina horren adibide gisa, atzo Txurruk esan bezala, gure lagun Iban Velascori eta bere emazte Susanari pasatakoa etortzen zait burura. Beraien alaba Nora abuztu erdialdean jaiotzekoa zen. Aita Tourrera lasai antzean joan, eta Nora txikiak, Tourra oso lasterketa garrantzitsua dela eta berak aita telebistaz ikusi nahi duela dio. Amaren uraren poltsa apurtu, eta behar zuena baino bost aste lehenago etorri zaigu mundura! Eta horrek ekarri duena, denok jakingo duzuen moduan, Iban Tourrean dela, burua etxean duela, eta Susana gaixoak bere lehen erditzera gurasoekin joan beharra izan duela.

Egia da ama denek monumentu bat merezi dutela, baina oraingoan, gure neskek ere goraipamen berezia merezi zutela uste nuen. Vienako aireportutik, nire zorionik beroenak guraso izan diren Susana eta Ibani, eta ongietorri Nora txikiari. Zuk Susana, beste horrenbeste txirrindulariren emazte eta andregaik bezala, zerua irabazita duzu! Zorionak!!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo