GARA > Idatzia > Ekonomia

Emakume bat larri zauritu da lan istripuan Urdiaingo Magotteaux enpresan

Urtea hasi zenetik 41 langile hil dira Euskal Herrian lanean ari zirela istripua izanda. Azkena, astelehenean zendu zen Gasteizen, eta, atzo, 40 urteko emakume bat larri zauritu zen Urdiainen.

p024_f01_148x092.jpg

GARA | GASTEIZ

Euskal Herrian lan istripuek eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioa egin zen egun berean, emakume bat larri zauritu zen Urdiaingo Magotteaux Navarra enpresan beste istripu baten ondorioz. Nafarroako Gobernuak eman zuen jazotakoaren berri, eta, azaldu zuenez, gauean gertatu zen ezbeharra. Prentsa ohar baten bidez azaldu zutenez, M.I.A.U. 40 urteko langileak kolpe gogorra hartu zuen bular aldean, makina batek bere kontra jo eta gero.

Kolpeak, gogorra izanda ere, ez zion bizi-organorik ukitu eta langilearen bizia ez zen arriskuan izan. Edonola ere, tarte batez konortea galdu zuen emakumeak, eta Nafarroako Ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzian.

Polizia Foralak, bestalde, ikerketa abiatu du istripua zerk eragin zuen jakiteko.

Gasteizen eta Barakaldon

Bitartean, atzo goizean elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek Gasteizko Posta plazan lan istripuek eragindako azken heriotza salatzeko. ELA eta LAB sindikatuek deituta, mobilizazioan gogora ekarri zuten dagoeneko 41 langile hil direla aurten Euskal Herrian.

Azkena, Imanol Lopez, 40 urteko barakaldarra, astelehenean zendu zen Gasteizko Txagorritxu ospitalean, larunbatean Jundizeko Industria Alavesa de Tratamientos Termicos enpresan lanean ari zela, metalezko piezak hozteko erabiltzen den zulo batera erori eta oso larri zauritu ondoren. Haren ezagun batek igandean bertan GARAri adierazi zionez, hildako langilearen kide bat ohartu zen gertatutakoaz, eta langilea zulotik atera ondoren, ospitalera eraman zuten. Txagorritxun, hala ere, koma egoeran sartu zen langile bizkaitarra, zauri oso larriak zituela, eta ordu gutxira hil zen.

Atzo Gasteizen egin bezala, gaur, Barakaldon, heriotza hori salatuko dute hainbat eragile sozial eta sindikalek. Hain zuzen, Imanol Lopezen jaioterrian.

Mobilizazioa 20.00etan izango da Bide Onera plazan, «Lan istripurik ez!» lelopean, eta bertan istripuaz gain, lan munduan dagoen egoera prekarioa salatuko dute antolatzaileek.

Izan ere, atzo prentsa ohar batean nabarmendu zutenez, «lanpostuen behin-behinekotasuna, azpikontratazioa, ordu estrak, segurtasun falta, lan jazarpena eta kanporatua izateko beldurra», lan istripuak eragiten dituzten faktoreak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo