GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aldaketa klimatikoari aurre egiteko, Premiazkoa da ohiturak aldatzea

Aldaketa klimatikoa ezagutzen dugun ingurunea hankaz gora jartzen ari da, eta nahiz eta guk ez nabaritu, egunero okerrera doa egoera hori. Rogelio Pozo Azti-Tecnaliako zuzendari nagusiak dioen bezala, mundua ez da amaituko, baina bai gure bizimodua.

p016_f01_111x111.jpg

Nagore BELASTEGI

Ohituta gaude, erosotasuna dela-eta, gure eguneroko joan-etorriak autoz egiten, eta, egun, familia bakoitzeko auto bat baino gehiago dagoela kontuan hartzen badugu, atmosferara isurtzen den karbono dioxido kantitatea izugarrizkoa da. Horrek berotegi efektua sortzen du eta Lurraren tenperatura igotzen du. Horrela, poloetako izotza urtu egiten da eta ura hedatu egiten da, lurreko izakien bizitokia itsasoratuz. Donostia elezaharretako Atlantida berria izan liteke eta gure ondorengoek Gipuzkoako hiriburua kondaira bat besterik ez zela izan pentsatuko dute.

Klima aldaketak ekosistema asko aldatu egiten ditu eta bizidunak egoera berrietara moldatzera behartzen ditu. Moldaketa hori atzera egin ezin denean egin liteke, biodibertsitatea galdua denean eta kostaldeko herriak urperatu ostean. Edo, aitzitik, moldaketa gaur has daiteke, aurreko guztia gelditu daiteke, CO2 sortzen duten autoen balazta zapaltzean bezala.

Azti-Tecnalia ikerketa zentroak «Klima-aldaketa Euskal Herrian, itsasoaren mailaren igoera» izena duen bideoa aurkeztu zuen atzo Donostiako Aquariumen. Rogelio Pozok argi utzi zuen bideo hau ezagutzera ematearen arrazoia zentroak lortutako datuak edonoren esku jartzea dela. Horrela administrazioek eta herritarrek klima aldaketaren nondik norakoak jakin ahal izango dituzte: gaur egungo bilakaerari eutsiz gero, gure lurraldeak zer nolako itxura hartuko duen eta zein toki izango diren kaltetuenak. Itsasnet webgunean ikusgai dagoen bideoan laburtzen den ikerketa Guillem Chust ikertzaileak egin du eta, esan zuenez, helburua informazioa denon eskura jartzea da eta, aldaketa gertatuz gero, aurrera egiteko neurriak plazaratzea. Nieves Teran Lakuako sailburuordea, berandu iritsi bazen ere, ikerketan lortutako emaitzak zabaltzea oso garrantzitsua dela nabarmendu zuen, aldaketetara ahal bezain azkar egokitzeko eta CO2 isurketak murrizteko.

Laserra, kalteak neurtzeko

Aztik lortutako datuen arabera, 1950. urtetik Euskal Herrian urtero 2,1 milimetro igo da itsasoaren maila, baina azken urteetan hazkunde hori azkartu egin da eta 1993tik urteko 3 milimetro hazi da itsasoa. Horrek esan nahi du mende amaierarako Bizkaiko Golkoan itsasoaren maila 49 zentimetro igo litekeela. Hori gertatzen bada, Euskal Herriko lurralde ugari itsasoaren azpian geldituko dira, eta Aztik, laser bidezko Lidar teknologiari esker, gunerik kaltetuenak zeintzuk izango diren jakin dezake. Kostaldeko herrietan uholdeak gerta daitezke, batez ere itsasgoran, eta hondartzek gaur egun duten zabaleraren %25 eta %40 galduko dute. Izan ere, 1954 eta 2004 artean Gipuzkoako itsasertzak hiru hektarea galdu ditu.

Horren guztiaren errua gizakiek sortutako gehiegizko gas toxikoek dute, karbono dioxidoak, alegia. Beraz, aldaketa klimatikoa gelditzeko neurri bakarra gas horren isurtzea gelditzea da, eta hori mundu mailan hartu behar den konpromisoa da. Hala ere, Aztiren arabera, CO2 isuriak bat-batean geldituta ere, Lurra bero dago eta tenperaturak jaisteko ehunka urte pasatu beharko dira. Horregatik, saihestezina da uraren maila zentimetro batzuk igotzea, eta hortaz, tokian tokian erabaki beharko da zer egin egoera berrira egokitzeko.

Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko presidente Vicente Zaragüeta ere Aquariumean izan zen eta, bere hitzetan, gobernu asko poloak noiz urtuko zain daude bertako lurreko aberastasunak eskuratzeko eta, hortaz, ez dute ezer egingo. Beraz, denon lana da Aztik ezagutzera eman duen bideoan jorratzen diren gaiei inguruan hausnartzea eta zer nahi dugun erabakitzea: orain arteko bizimodua goitik behera klima aldaketaren ondorioz aldatzea, edo duguna mantentzen saiatzea egunez egun aldaketa txikiak gure bizimodura egokituz. Munduko biztanle guztien esku dago bizi nahi duguna mantentzea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo