GARA > Idatzia > Kultura

Luis Marianoren «urrezko bozak» bizirik dirau 40 urteren buruan

1970eko uztailaren 14an zendu zen Luis Mariano kantaria. Geroztik 40 urte igaro dira, eta, atzokoan, Arrangoitzen eta Irunen «urrezko bozeko semea» goraipatzeko aukera izan zuten. Ospakizuna goizean hasi zen Arrangoitzen, meza batekin. Jarraian, lore eskaintza bat ere egin zuten.

p040_f01_250x128.jpg

Ainize BUTRON

Hil zenetik 40 urte luze igaro arren, Luis Mariano kantariaren oroimenak oraindik ere bizirik dirauela argi ikusi zen atzo Arrangoitzeko elizan. Urtero erromesen antzera hilobira hurbiltzen diren milaka bidaiariak ez dira, gainera, Luis Mariano oroimenean duten bakarrak. Goizean, Arrangoitzeko elizan egin zen mezan, apezak Luis Mariano zenaren izena eta bizia goraipatzeko baliatu zuen aukera. «Bere kantua beltxargaren kantua zen. Urrezko bozeko semeari ohore egiteko gaude gaur hemen», nabarmendu zuen apezak. Ordubete iraun zuen mezak, eta, apezaren hitzen eta elizako abestien artean, Irunen sortutako kantariaren abestiak entzuteko parada ere izan zen Luis Marianoren pianista izandako Jose Luis Azkueren eta Angel Pazos tenorraren eskutik.

Luis Mariano Irunen sortu zen 1914ko abuztuaren 13an -Mariano Eusebio Gonzalez y Garcia izenarekin bataiatu zuten-. Horrenbestez, Iruneko herritar asko hurbildu ziren atzo Arrangoitzera abeslaria omentzera. «Gizon xumea eta zintzoa zen», nabarmendu zuten atzo hurbiletik zein urrunetik ezagutu zutenek. Izan ere, urte luzez Luis Marianoren jarraitzaileak izan zirenen alboan, artistaren lagun minak ere bildu ziren Arrangoitzen, horien artean bere gidari izandako Patxi Lacan. «Operetaren printzearen» irudia bizirik mantentzeko lan handia egin du luzaroan Lacanek.

Luis Marianok karrera arrakastatsua izan zuen, eta Estatu frantsesean ospe handia lortu zuen tenor eta operetako abeslari gisa. Musikal ugari ere egin zituen zineman. Atzo, Arrangoitzen antolatutako erakusketan bere filmen irudiak ikusteko aukera izan zen, baita bere bizitzako pasarteetako argazkiak ikustekoa ere. 1946an egindako «Carga clandestina» lehenengo pelikularen ondotik, Luis Marianoren ospea handituz joan zen. Orotara, hamabost opereta eta musikal egin zituen 1946 eta 1958 artean Arrangoitzen bizi izan zen abeslariak. Horien artean daude «Cuatro días en Paris» eta «A Jamaica» operetak, eta «Carga clandestina», «Historia del cantar», «Violetas imperiales», «El aventurero de Sevilla» eta «Sérénade en Texas» pelikulak. Artistikoki garai oparoak izan ziren Luis Marianorentzat, eta horren erakusle da garaiko argazkietan Fernandel, Ingrid Bergman eta Line Renaud bezalako aktoreekin edo Sacha Guitry idazlearekin ageri dela iruindarra.

Arrangoitzeko erakusketan Saran sortutako Eresoinka abesbatzan Luis Marianok izandako partaidetza ere gogoratu dute. Horren erakusle, Mexikon abesbatzako lagunez inguraturik 1954an jaso zuen omenaldiko irudiak ere bildu dituzte.

Azken urte latzak

Luis Mariano gizona ere hizpide izan zuten atzo Arrangoitzen. Apezak adibidez, zendu aurretik bota zuen esaldia ekarri zuen gogora: «Dena eman diot nire karrerari, ez dut sekula bizi pertsonalik izan». 60ko hamarkada amaierarako akiturik eta gaixorik sentitzen zen abeslaria. 1970eko maiatzaren 10an agertokiak uztea erabaki zuen; uztailaren 14an zendu zen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo