Udalbiltza auzia dela-eta, kezka azaldu dute 12 europarlamentarik
Europako Batzordeari eta Europar Kontseiluari zuzendutako galdera aurkeztu dute hamabi europarlamentarik Udalbiltzaren auzia dela-eta. Gaur hastekoa den epaiketak demokratikoki hautatuak izan diren hautetsien lana «kriminalizatuko ez ote duen» galdetu dute.
GARA |
Gaur hasiko da Udalbiltzaren aurkako epaiketa Madrilen, Auzitegi Nazional espainolean. 22 euskal herritar daude auzipetuak: lau alkate ohi, 15 zinegotzi ohi eta erakundearen funtzionamenduarekin loturiko beste hiru lagun. Horientzat guztientzat 10 eta 22 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte, ETArekin lotura dutelakoan. Auzipetuek deklaratzeko txanda izango dute lehen saioan.
Azken asteotan bezala, atzo ere izan zen Udalbiltzaren zein auzipetuen aldeko elkartasun keinurik. Babes zabala eta askotarikoa jaso dute auzipetuek egunotan eta atzokoan gainera, sostengua Europatik etorri zen, Europako Parlamentutik hain zuzen ere.
Dozena bat europarlamentarik Udalbiltza auziaren gaineko galdera idatzia egin zieten atzo Europako Batzordeari eta Europar Kontseiluari.
Frieda Brepoels, Bart Staes, Eva-Britt Svensson, Bairbre de Brun, Raul Romeva, François Alfonsi, Jill Evans, Tatjana Zdanoka, Oriol Junqueras, Ian Hudghton, Jose Bove eta Jiri Mastalka dira galdera egin duten europarlamentariak.
Horietako gehienak Parlamentuko Berdeak taldean dauden arren, Sinn Feineko Bairbre de Brun, Eva-Britt Svensson eta Jiri Mastalka Europako Ezker Batua Taldea-Ezker Berde Nordikoko kideak dira.
Gazteizko Legebiltzarrak 2008an Udalbiltzaren alde onartutako ebazpena ere aipatzen dute atzo aurkeztutako galderan; hain zuzen, «hautetsi eta alkateak kriminalizatzea demokraziaren aurkakoa» dela esateaz gain, akusazioa bertan behera uzteko eskatu zion Estatuko fiskal nagusiari Parlametuak.
NBEk zein bertako kontalari berezi Martin Scheininek Euskal Herriaren egoeraz esandakoak ere gogora ekarri dituzte europarlamentariek idatzian. Hala nola Estatu espainolean «Terrorismoaren aurkako legediaren erabilera zabalegia» dela eta horrek «eskubide urraketa larria eragin dezakeela».
Horren guztiaren gainean zein iritzi duten galdetzen diote europarlamentariek Europako Batzordeari eta Europar Kontseiluari, zehazki, NBEk erakutsi izan duen kezkarekin bat egiten al duten. Era berean, Udalbiltzako auzipetuen oinarrizko eskubideak bermatzeko zer egiteko asmoa duen galdetzen diote Europako Batzordeari.
Bilbon ere babes zabala
Bruselako elkartasun ekimenaz gain, Bilbon, ezker abertzalea, EA, Aralar eta Alternatiba alderdiek; ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS eta CNT sindikatuek; Ekologistak Martxan, Bizigay, Zezenketen aurkako taldea, Lokarri eta beste hainbat herri eragilek eta hamaika bilbotar ezagunek bat egin zuten atzo auzipetuen absoluzioa exijitzeko manifestu berri bat aurkezteko.
Felix Cañada abokatuak eta STEE-EILASeko Ana Perezek irakurri zuten idatzian gaur akusatuen eserlekua eseriko diren auzipetuak demokratikoki aukeratutako hiri eta herrietako zinegotziak direla nabarmendu zuten. Horietako lau gainera, bilbotarrak direla gehituz.
«Irmoki» gaitzetsi zuten bildutako herritar eta eragileek gaur Madrilgo auzitegi berezian hasiko den epaiketa. Ekitaldi horretan ere gogoan izan zuten Gasteizko Parlamentuak onartutako ebazpena eta «euskal herritarren borondateari Espainiako Gobernuak muzin egin izana» deitoratu zuten. Ebazpenak, zehazki, akusazio publikoa bertan behera uzteko galdegiten zuen.
Pese a que en diciembre de 2008 el Parlamento de Gasteiz aprobó una resolución en la que consideraba «lícito» los objetivos de Udalbiltza, la portavoz del Gobierno de Gasteiz, Idoia Mendia, se limitaba ayer a afirmar que su Ejecutivo «respetará» la decisión judicial en torno a este sumario.
En el transcurso de la comparecencia, la portavoz de Lakua insistió en que, «pese a ser consciente de la dificultad de los mismos», «hay que procurar que la instrucción de los sumarios sea más ágil». En este sentido, apuntó que «una justicia lenta suele dejar de ser justa» y solicitó que el caso de Udalbiltza se resuelva «lo más pronto posible». GARA
Larunbatean Bilbon bertan izango den manifestaldi nazionalerako deia egitearekin batera, bezperarako elkarretaratzea antolatu dute. 19.30ean izango da Arriaga parean.