GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

«Faboritoa izan arren, txapela lortu nahi baldin badut, lana gogotik egin beharko dut»

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Jexuxmari ORMAETXEA

segalaria

Herri kirolak bere egunik seinalatuenetako bat biziko du igandean, Euskal Herriko Segalari Txapelketako finala egun handia baita zalantzarik gabe. Lau finalista arituko dira txapel preziatuaren bila, baina, hori bai, denen gainetik Ormaetxea da garaipena lortzeko faborito nagusia.

Igandean Oiartzunen, Pikoketako belardietan, jokatuko den Euskal Herriko Segalari Txapelketa irabazteko faborito nagusia Jexuxmari Ormaetxea orendaindarra da zalantzarik gabe. Txapelak lortzea zer den badaki, eta finalisten artean eskarmenturik handiena duena ere bera da.

Denen ustez zu zara igandeko finala irabazteko faborito nagusia. Zuk zeuk zer deritzozu?

Beno, faborito naizela esatea erraza da, baina hori datorren igandean erakutsi beharko dut Pikoketan. Faborito izateak ez du esan nahi garaipena derrigorrean lortu behar dudanik. Horretarako gogor egin beharko dut lan. Hori bai, itxaropentsu nago.

Urtebete eta gero, berriz ere itzuli zara txapelketara. Nola aurkitu duzu zeure burua?

Lan arazoak zirela-eta, iaz ezin izan nuen parte hartu. Txapelketen garaia konturatu gabe heldu zitzaidan, eta niri prestatu gabe plazara irtetea ez zait gustatzen; hortaz, ez parte hartzea erabaki nuen. Gero, nahiko utzita pasatu nuen urtea, eta aurtengo txapelketa prestatzea gehiago kostatu zait, baina orain ongi aurkitzen naiz.

Nola aurkitu zinen pasa den asteko finalerdian?

Ongi, gustura aritu nintzen. Helburua finalean sartzea zen, eta hori ongi bete nuen, eta gustura geratu nintzen.

Finalerdietan ordu erdiko lana izan zenuten, baina finalean ordubetekoa izango da. Aldaketa hori nabarituko duzue, ezta?

Bai, oso ezberdina da. Lan egiteko ere ez da berdina ordu erdia bakarrik denean, edo ordubete denean. Azkeneko 30 minutuak luzeak izaten dira, baina horretarako prestatuta gaude, eta gogo handiarekin nago.

Nola ikusten dituzu aurkariak?

Bai Kanflankla bai Etxeberria ongi daudela eta lanak emango dituztela uste dut. Agian aukerarik gutxien Mariñelarenari ikusten dizkiot. Prestakuntza aldetik ere bera ikusten dut justuen, eta ordubeteko lana nabarituko duelakoan nago. Hala ere, txapela janzteko lana gogotik egitea egokituko zaigula uste dut.

Pikoketak sega munduan sekulako tradizioa dauka. Han jokatzeak ilusioa egin behar du, ezta?

Bai, bai. Pikoketa segan aritzeko leku oso ona da, Euskal Herrian dagoen ederrenetakoa da, eta duen esanahia ere handia da. Nik uste dut ez daukala inongo aitzakiarik, eta hara segan egitera gustura joaten naiz.

Igandeko saioarekin, akabo zuen denboraldia. Ez al da motzegia izan?

Bai. Hilabete asko pasatu ditugu denboraldia prestatzen, eta bi saiorekin amaituko dut. Gipuzkoan bik bakarrik eman dugu izena, eta lehiaketa bat jokatzeko hiru behar direla gutxienez esan digute, eta ez dela txapelketarik jokatuko. Nire ustez, jokatu egin beharko litzateke, batik bat denboraldia apur bat luzatzeko, segalariok ez baitugu erakustaldirik izaten. Beraz, Euskal Herriko kanporaketa eta finala besterik ez ditut jokatuko era tradizionalean, eta hori prestatzen hilabete asko pasatu ditut. Oso motza eta tristea da denboraldia, baina hau daukagu orain, eta guk onartzea besterik ez daukagu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo