Sonia Gonzalez Idazlea
Titulurik gabeko nahas-mahasa
Gurago genuen poesiaz, literaturaz, kaleko eta biziaren filosofiaz aritzea. O, eta «Bilbao la nuit», zelan ez... sari literarioak Barrenkalen. Euskaraz idaztea gustatuko litzaizukeela esaten zenidan eta nik, ordea, teorizatzen nizun zergatik egiten zitzaidan gaztelera hain erabilia, freskotasun bakoa, poesiarakoGaur Udalbiltza auziaz hitz egin behar nuen. Izan ere, 22 euskal herritar daude momentu honetan Madrilen, duela zazpi urte luze hasitako beste prozesu kafkiano baten azken txanparako deituta, bahituta berriro ere. Mozkor gorri-horiaren ajea piper poto artean pasatu bitartean, espainolek euren historia hurbilaren beste mugarri beltz bat ipintzen ari direla esanda hasi behar nuen artikulu hau. Bizpahiru paragrafo neuzkan idatzita jadanik zure azken albisteko argazkitik begiratu zenidanerako. Berandu. Badakit horretarako ere despistaturik ibili naizela esango zenidakeela eta oporrak ez direla aitzakia. Ikusten duzunez, lehen moduko desastrea naiz oraindino... Horrela, esan bezala hasi eta gerora zera aipatuko nukeen, zinegotzi edota alkate izatea zelako garrantzitsua den benetan norberaren herriaren alde egin nahi denean eta zelako garrantzia daukan herritarrontzat, udala parte hartze politikorako mailarik oinarrizkoena baita. Argi denez, hori inork gutxik ulertzen du jada, aspalditik udal karguak betetzea dirua egiteko edota alderdian gorantz joateko bitarteko huts bihurtu da eta.
Artikuluak honakoa azalduta jarraituko zukeen: zinegotzi eta alkateek egin dituzten bekatu guztiak zertan dautzan; zergatik ulertzen duen Espainiako Erresumak eraso zuzen moduan Euskal Herrian instituzio nazionalak eraikitzea; zein zigortua dagoen gure ibilbide propioa egitea, areago ibilbide horri baimenik eskatu gabe ekiten diogunean; zelako arriskutsua den Euskal Herria linguistikoki, kulturalki edota ekonomikoki garatzen laguntzea...
Azkenik, amaiera emango nukeen galdera erretoriko batez: ea noiz bihurtzen den erakunde bat «terrorista», helburu eta ekimenak sorreratik aldatu ezean. Eta neure buruari erantzungo niokeen herri berezi honetan, aspalditik ohitura bihurtu moduan, delitua ez duela ekintzak ezaugarritzen, pertsonak baizik. Baina badakizu zer den hau guztia. Herri puta honetan jaio eta bizi izan zara zeu ere. Herri puta honi esan diozu agur. Goiz, lar goiz.
Ez genuen, hala ere, normalean honelako kontuez berba egiten. Gurago genuen poesiaz, literaturaz, kaleko eta biziaren filosofiaz aritzea. O, eta Bilbao la nuit, zelan ez... sari literarioak Barrenkalen. Euskaraz idaztea gustatuko litzaizukeela esaten zenidan eta nik, ordea, teorizatzen nizun zergatik egiten zitzaidan gaztelera hain erabilia, hain freskotasun bakoa, poesiarako. Mundu aspertu eta aspergarri, ustel eta itogarri honetatik ihes egin nahia.
Horregatik badakit aurretiaz esandako guztia ez litzatekeela zurekiko elkarrizketa naturala izango, baina badakizu, nahia eta premia beti nahasten zaigu batzuoi: egin nahiko genukeena eta geure buruarengandik espero duguna borroka amaigabean. Beti beharturik, bai ala bai. Agian horixe izan zen gure bideak hain denbora laburrean gurutzatu zitezen arrazoia edo agian, eta ziurrenik, bi mundu pertsonal desorekatuk zoramenaren maldan behera eroango gintuztelako ziurtasun osoa.
Ez dut ezein poema aukeratzen agurrerako, pasabideetako txoko ilunetan zure aho txiki eta urduriaren musu ezkutu batekin gelditzea nahiago. «Adios nene, en el fondo siempre supimos que moriríamos jóvenes».