GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Fito Rodriguez Idazlea

Gilem Tellen harira

Eskubide politikoak murriztuz doazen aro arrunt honetan, Gilen Tellen harira, baieztariak izan ordez «ezetz hariak» behar ditugu. Aginte injustuaren aurrean oldartzeko kontzientzia politikodun jendea... Madrilen akusatuen aulkian eserarazi dituzten gure herrietako ordezkarien modukoak

Elezaharrak dioenez, Suitzak independentzia eskuratu aurretik, Uri eskualdeko Altdorf herrixkako plazaren erdian Habsburgotarren Aginteko ordezkariak bere kapelua jarrita zeukan herritar denek beraiena haren aurrean ken zezaten. Atzerritar horren agindua lege bihurturik, herriko enparantza zeharkatzen zuten guztiek burua estali gabe zeramaten Bürgleneko ehiztari batek izan ezik, zeinak Gilen Tell zuen grazia.

Agintariak, Tell izeneko haren jarrera menderakaitzaz oharturik, bere semearen buru gainean ezarritako sagar baten aurka tiro egitera behartu omen zuen, eta baieztariak, balezta bi geziz kargaturik, lehendabizikoaz bete-betean asmatu zuen sagarra bitan bananduz. Ez zuen, beraz, bigarren gezia agintariaren kontra erabili behar izan, bere semea trantze hartatik bizirik irten zen eta, oroz gain, herriko plaza kapela kendu gabe zeharkatuz segitu zuen... honaino Shiller idazle erromantikoak XIX. mendean zabaldutako kondaira.

Historiak dioenaren arabera, ordea, 1291ko uztaila eta agorrilaren artean, Uri, Schwyz eta Unterwalden eskualdeetako ordezkariak atzerritar legeriak haien bizitza ez zuela handik aurrera gobernatuko zin egiteko elkartu ziren eta, horrela, egungo Helvetiarren Konfederazioaren hazia hazten hasi zen.

Inork ez daki Gilen Tell hura bizi ote zen edota berea goitizenen bat besterik ez ote den, baina bistan dena da, nola edo hala, bertan onartu ez ziren legeei kasu ez egiteagatik dela Suitza gaur dena, Europako estatu bakarra inoiz monarkiarik izan ez duena eta tokian tokiko herri-agintean oinarritutako estatu konfederatua.

Hantxe ibili beharra egokitu zait azken hilabete hauetan eta, hala unibertsitate nortasun-agiria legeztatzeko nola garraio txartela eskuratzeko, erosketak ordaintzerakoan edota Nazio Batuen Elkartean sartu ahal izateko ere... Udalbiltzak emandako EHNA erabili dut batere arazorik gabe.

Euskal Herrian, aldiz, ez UPV/EHUn, ez bonobuserako, ezta Eroskin ere onartu ohi ez dutena arazorik gabe onetsi didate Genevan, Bernan edo Luzernan... eta hura, huskeria bada ere, haren harira gogoetatxo pare bat plazaratu nahiko nuke. Jarrera hutsalei buruz hausnartu zuen Hannah Arendtek (Eichmann in Jerusalemm: A Report on the Banality of Evil) zioenez, legea bete baino egiten ez duenak ez du inoiz pentsatuko gaizki ari denik izugarriak eginda ere.

Arendtek, bere ingurukoen aurka, Eichmann judu hiltzaile ikaragarria ez zela batere ankerra defendatu zuen. Hau da, berak agindutakoa besterik ez zuen egin, baita ondo burutu ere...ia milioi bat pertsona kiskalita bazterrean utzita!

Hannah Arendtek gaiztakeria hutsala zela uste zuen. Alemaniar gehienek legea bete besterik ez zuten egin eta bai juduentzako, baita gainerakoentzat ere, eskubideak murriztuz joan zirenean, legeari men egin zioten.

Udalbiltzari epaiketa garaia datorkion garai hutsal honekin loturik, beraz, espainiar legeak euskal herritarron aurrean bere agintearen erakustaldi berriaren atarian, Gilen Tellen antzera, bigarren gezia erabili behar ez izatea espero dut. Dena ongi ateratzea, alegia... nahiz eta Tellena kondaira erromantikoa besterik ez izan.

Historiak, berriz, kanpoko aginduei kasu ez egiteko herritarren borondatea gogoratzen digu (Waldstättengo ordezkarien zina), atzerritar aginduez askatzeko premiaz, beraz.

Zaila izaten da, punteria ona izateaz gain, agintariei aurre egiteko behar bezalako adorea edukitzea (utz dezagun hori literatura erromantikorako)...baina, Historian kasu gogoangarriak egon arren, zaila da oso eguneroko lege gaiztoei muzin egiteko behar adinako kontzientzia politikoa eta kemena eduki ahal izatea.

Eskubide politikoak murriztuz doazen aro arrunt honetan, Gilen Tellen harira, baieztariak izan ordez, «ezetz-hariak» behar ditugu. Aginte injustuaren aurrean oldartzeko kontzientzia politikodun jendea... Madrilen akusatuen aulkian eserarazi dituzten gure herrietako ordezkarien modukoak.

Espainiarrek badakite, jakin ere, Udalbiltzatik tiraka Euskal Herriko mataza ez dutela deskorapilatuko... Honetan, aurreko sumarioetan bezala (18/98; Askatasuna; Jarrai-Segi; Egunkaria eta abar...) Entzutegi Nazionalak (espainiarrak) bere agintearen indarra baino ez dute erakutsi nahi baina, hori ez dakite ordea, epaiketakara joan behar izan eta izango dutenekiko Gilem Tellen hariak lotzen gaituela, utopiarenak...

Edo Utopikoa al da Suitzak munduko futbol txapeldunari irabaztea?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo