GARA > Idatzia > Kultura

Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren 28. edizioan 12.000 euro banatuko dira sarietan

GARA | BILBO

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren hogeita zortzigarren edizioa aurkeztu du. 12.000 euro banatuko dira sarietan. Sail bakoitzean, bai gaztelaniaz bai euskaraz, lehen saria eta accesita izango dira eta horiek 4.100 eta 2.050 euro eskuratuko dituzte, hurrenez hurren.

Duela ia hiru hamarkada abian jarritako txapelketak literatur sorkuntza sustatzea du helburu. Era berean, Gabriel Aresti idazlearen irudia eta lana ezagutarazi nahi ditu.

Gabriel Arestik olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia landu zituen, literatura unibertsaleko zenbait lan itzultzeaz gain. Bestalde, Euskaltzaindian ere lan egin zuen euskara modernoaren oinarriak sendotzen. Idatzitako liburu garrantzitsuenen artean, «Harri eta herri» (1964), «Euskal harria» (1968) eta «Harrizko herri hau» (1971) daude.

Lehiaketan edozein herrialdetako idazlek har dezake parte. Hala ere, eleberrien jatorrizko hizkuntza euskara edo gaztelania izan beharko da.

Ipuinaren gaia librea izango da. Ezin izango da beste txapelketetan saritutako idazlanik aurkeztu, eta argitaratu gabekoa izan beharko da. Gehienez hamabost orrialde izango ditu, eta alde bakarretik eta tarte bikoitzaz idatzia izan beharko du.

Sail bakoitzerako epaimahai berezitua izango da. Literatura munduko pertsona ezagunek osatuko dute eta erabakia 2011. urteko martxoan jakinaraziko da.

Ipuinak Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailean aurkeztu beharko dira. Postaz bidaltzeko edo Udalaren webgunean uzteko aukera ere badago, baina guztiak urriaren 29a baino lehen bidali beharko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo