Madalena Jaien erritmora ohitzeko, hemen da Erromeria Eguna
M. LARRINAGA | ERRENTERIA
Errenteriako jai nagusiak, Madalenak, datorren astean hasiko dira. Eta aurretik jendeak erritmoa har dezan, larunbatean Erromeria Eguna ospatuko dute euskal dantza eta kulturaren inguruko jai egun batean.
1999an eman zuen lehen urratsa, Gipuzkoako dantza sueltoko txapelketaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiarekin. Geroztik, Ereintza dantza taldea ikusleen parte hartzea bultzatu nahian ibili da. Erakustaldiak egiteaz gain, ikusleak partaide bihurtzea nahi zuten, eta azkenean egungo Erromeria Eguna sortu zuten. Gainera, herri-dantza ikastaroak eskaintzen dituzte. Izan ere, «kaleko jendea dantzan jartzea da helburu garrantzitsuena», adierazi zuen Jon Maia dantzariak.
Iaz bezala, aurten ere «Neskatxoen soka-dantza» egingo da Zumardian 13.15ean. Jatorriz, soka-dantza mota ugari dago, baina urte askotan Errenterian San Joan bezperan «Gizon-dantza» dantzatu izan da soka-dantzen adibide gisa. Iragan urtean Ereintza dantza taldeari jatorria berreskuratzea otu zitzaion herritar guztien parte hartzea bultzatu nahian eta, ondorioz, bigarren urtez emakumezkoak izango dira bikotea dantzara aterako dutenak. Horrekin, «madalenak baino lehenagoko tradizio bihurtzea nahiko genuke», aitortu zuen Maiak.
Aipatu bezala, urte osoan herri-dantzen inguruko hainbat ikastaro egiten dira Errenterian. Aurten, espezializatzea helburu, Lapurdiko jauzi dantzei buruzko ikastaroak egin dituzte. Horrela, aurtengo hamabigarren edizioan, jauzi dantzek hartuko dute protagonismo osoa. Giroa Ezpeletako txarangak jarriko du, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko jaietan askotan ibilia dena eta baita Aiko taldeak ere. Azken honek gainera, lan berria aurkeztuko du arratsaldeko zazpietan Zumardian, «Urraska: dantza jauziak. Sagasetaren bidetik» izena duena eta jauzien ingurukoa dena.
Egitaraua ez da soilik dantzen ingurukoa izango, Txirri, Mirri eta Txiribiton juniorrak ere bertan baitira Irungo Txorimaloak trikitixa eskolarekin batera haurren irribarreak sortzeko.
14.30ean beste ekitaldi garrantzitsu bat izango da udal kiroldegian, herri bazkaria hain zuzen. Baina, ekintza nagusia, hots, erromeria nagusia larunbatean izango da, 18.00etan Zumardian, Leku Zarran eta Xabier Olaskoaga plazan.
Larunbatean, bestalde, Zubietako joaldunak, Oarsoaldeko txistulariak eta Hernaniko dultzaineroak izango dira, besteak beste, herria girotzen goizeko hamarretatik bederatzi eta erdietara.