Adierazpenak
«Zilarrezko domina lortu nuenean bezain pozik nago»
Paulinhok bere burua esprintean nagusitzeko moduan ikusten zuela onartu zuen.
GARA | DONOSTIA
Arrazoiak zituen pozik egoteko Sergio Paulinho Radioshack taldeko txirrindulariak, lehen garaipena lortu baitzuen atzo Tourrean. Portugaldarrak zilarrezko domina irabazi zuen 2004an Atenaseko Olinpiar Jokoetan eta, bi lorpenak alderatzea zaila dirudien arren, kirolariak honakoa adierazi zuen: «Gaur sentitzen dudan poztasun hau domina olinpikoa irabazi nuen momentuarekin konparagarria da, Tourra munduko lasterketarik garrantzitsuena baita».
Etapako azken metroei buruz ere mintzatu zen Paulinho. «Banekien helmugan iheskideak baino azkarragoa nintzela. Goizean egon zitezkeen ihesaldiekin kontuz ibiltzeko hitz egin dugu taldean, eta, zorionez, horietako batean sartzea lortu dut, oso ondo aurkitzen bainintzen», azpimarratu zuen.
Halaber, bere taldearen helburu nagusia «taldeko sailkapena» lortzea dela aitortu zuen. «Jai eguna da gaur guretzat. Ez dugu inongo zorterik eduki azken egun hauetan, baina oso batuta dagoen taldea osatzen dugu», amaitu zuen.
Bestalde, «etapa oso gogorra izan da beroarengatik eta kontrako haizearengatik», azaldu zuen Samuel Sanchez Euskalteleko txirrindulariak. Izan ere, «40 gradu baino gehiagoko tenperatura jasan behar izan dugu. Kontu izan, gainera, bizikleta gainean gehiago izaten direla. Desgaste handiko eguna izan da, hanken pisua gehiago nabaritzen den egun horietakoa», amaitu zuen.
Azkenik, Caisse d´Epargne taldea garaipena lortzetik oso gertu egon zen, baina motz geratu zitzaion helmuga Vasil Kiryenkari. Taldeko kirol zuzendaria den Jose Luiz Jaimerenak adierazi zuenez, «ezin izan dugu garaipena lortu, baina aukera izateko ere aurrean egon behar da».
Tourrari buruz hitz egiterakoan, «geratzen dena kontuan hartuta, edozer gerta liteke», aipatu zuen Jaimerenak. Izan ere, «sailkapena ez dago erabakita. Radioshack gurekin parez pare izan dela ikusi dugu».