GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Altxorraren bila

Amets TXURRUKA

Txirrindularia

Betiko lauzpabost ziklista berak minutu mordoarekin ihes eginda eta tropela golpe zorrik jo gabe, lasai». Jende askok pentsatu eta esan izan du esaldi hori behin baino gehiagotan, eta, egia esan, amorrarazi egiten nau!

Munduko lasterketarik estimatuenean protagonista izatea eta bertan jokoan den edozein sari lortzea benetako altxorra da eguna joan eta eguna etorri jo eta su dabilen txirrindulariarentzat. Altxor hori, ordea, ez da berez aurkitzen eta bilatu beharra dago, behin eta berriz saiatu beharra dago.

Azken egunotan, etapa oso-osorik ikusteko aukera eskaini digu telebistak eta pozten naiz etxean zaudetenok lehendabiziko kilometro horietan izaten den zalaparta, eraso festa, abiadura, tentsioa, erorketak... ikusteko aukera izan duzuelako.

Askotan, ematen du txirrindulari jakin batzuk esfortzu larregirik gabe lortzen dutela ihesaldietan sartzea, mendiko maillota eskuratzea, tarteko helmugen sailkapena irabaztea... Aldiz, atzoko etapan argi ikusi zen bezala, lasterketa honetan ez da ezer oparitzen. Hala, lehia ikusgarria ikusi ahal izan genuen helburu horiek guztiak lortzeko. Intentsitate hori etapa osoan zehar eta egunero mantendu ezinekoa denez, tropelak lasaitasun tarteak hartzen ditu; hala, tarte horiek ikusten ditugunean lehia askorik gabeko etapa dela iruditzen zaigu kanpotik. Aldiz, tropelkideek ondo baino hobeto dakigu ordura arte lepoa nola luzatu behar izaten den.

Altxorra ez du beti aurkitzen bilaketa lanetan gehien saiatzen denak, baina argi ikusi dugu sari txikiren bat jaso nahi duen orok mugitu beharra duela. Inoiz entzun izan dugun «txirrindulari honek erraztasuna du ihesaldietan sartzeko» eta antzeko esaldiak gezur hutsa dira.

Azken etapa hauen ostean, pozik izango dira Casar eta Sergio Paulinho, altxor ederra aurkitu baitute. Gainerakoek, aldiz, atzokoan errekuperatutako indar apurrekin jarraitu beharko dute jolasean! Sergio Paulinhoren kasuan, Markel asko poztuko zela uste dut, taldekide eta oso lagun baitu. Baina neuri ere poz izugarria eman dit, normalean besteen mesedetan aritzen den goi mailako langile honi merezi zuen saria itzuli baitio txirrindularitzak lan eskerga egin ondoren. Zorionak Sergio!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo