GARA > Idatzia > Mundua

Sudanek erreferendumaren aurretiko lanak egiteke dituela ohartarazi dute

Nazioarteko hainbat erakundek ohartarazi dutenez, Sudan ez dago urtarrilean egingo den autodeterminazio erreferendumerako gertu. Izan ere, iparraldeak eta hegoaldeak petrolioaren etekinak norentzat izango diren zehaztea ezinbestekoa dela adierazi dute.

GARA |

Datorren urtarrilean Sudanen egingo den autodeterminazio erreferendumaren karietara, hainbat GKEk txosten bat aurkeztu zuten atzo, eta ohartarazten dutenez, Afrikako herrialdea ez dago galdeketa horretarako behar bezala prestatuta.

Herrialde horren historian erabakigarria izango den erreferenduma Sudango iparraldearen eta hegoaldearen arteko gerrari amaiera eman zion 2005. urteko bake hitzarmeneko atal garrantzitsuenetariko bat da.

Bi hamarkada baino gehiago iraun zuen eta bi milioi hildako baino gehiago eragin zituen gerra berpizteko arriskua dagoela jakinarazi dute txostena idatzi duten erakundeek, petrolioaren mozkinen banaketaren inguruan akordio bat lortzen ez baldin bada.

«Petrolioaren mozkinen inguruko hitzarmen bat ezinbestekoa da, iparraldearen eta hegoaldearen arteko bakea lortzeko», adierazi zuen Global Witness GKEko kide Rosie Sharpek.

Petrolioaren eztabaida

Iparraldeko eta hegoaldeko alderdi politiko nagusietako buruek larunbatean hasi zituzten erreferendumaren inguruko eztabaidak. Besteak beste, bi lurraldeetako biztanleen naziotasuna, mugak, uraren erabilera eta petroliotik eratorritako irabazien banaketa jorratu zituzten bileran Kongresu Nazionaleko Alderdia eta Sudan Askatzeko Herri Mugimendua alderdietako kideek.

Sudanen petrolio gehien hegoaldean dago, baina erregaia Itsaso Gorrira garraiatzeko iparraldean dauden petrolio-hodiak ezinbestekoak dira. Beraz, hegoaldeak iparraldearekiko independentzia lortzekotan, Khartumeko Gobernuarekin garraio eta salmenten inguruko nondik norakoak finkatzeko akordioa erdietsi beharko luke.

Larunbatean antolatutako bileran, Sudan Askatzeko Herri Mugimenduko idazkari nagusi Bawan Amom-ek hegoaldeko herritarren gehiengoak «autodeterminazioa lortu nahi duela» onartu zuen, eta horrela izatekotan, «iparraldearekin harreman onak izatea» nahiko lukeela gaineratu zuen. Asteazkenean, bestalde, Yuban ehunka gaztek independentziaren aldeko manifestazioak egin zituzten.

Erreferendumaren gaineko negoziaketetan parte hartzen ari den batzordeak aipatu bi alderdiei 4 proposamen egin dizkie: Sudan bateratua mantentzea, oinarri berriak izango dituen estatu bateratua finkatzea, iparralde eta hegoaldearen arteko konfederazioa sortzea edo iparralde eta hegoaldearen arteko independentzia onartzea. Halere, herriaren ahotsa errespetatuko dutela esan du.

20 URTEKO GERRA

Iparraldearen eta hegoaldearen arteko gerrak 20 urte luze iraun zituen. 2005. urtean bake hitzarmen batek Khartum erregimenak 1983. urtean lege islamikoa estatu osoan inposatzean sortu zen matxinada gelditu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo