GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Josu Jimenez Maia Idazlea

Jerusalem, uztailak 22

Egileak 1946. urtean Jerusalemgo Dabid Hotelaren aurka Irgun talde armatu sionistak burututako ekintza gogora ekartzen du. Izan ere, gaurko egunez gertatu zen ekintza hura. Garai hartan Palestina okupatzen zuten indar britainiarren egoitza nagusia zen hotela. Leherketan 91 hildako eta 46 pertsona zauritu ziren. Irgun-en bertsioaren arabera, lehergailuak jarri ondoren abisua emateko deia egin zuten beraiek, baina britainiarrek ez zuten hotela hustu. Auzia zera da, Israelgo Estatua osatu zenetik, sionistek urtero ospatzen dutela egun hau. Paradoxikoa, beste zerbait ez esateagatik, gobernu sionistek «terrorismoa» delakoari buruz duten diskurtsoa kontuan hartzen badugu.

Sion edo Dabiden Hiri ere deitua, Jerusalem. Uztailaren 22an, goizeko zazpietan, borrokalariak bildu ziren. Zer gerta ere, bide ezberdinetatik eta banan-banan heldu ziren hitzordua zeukaten tokira: pasahitza eman ostean, ezkutuko gela batean bildu ziren. Artean ez zekiten zein zen helburua; ekintza bat egin behar zutela baizik ez zekiten. Handik gutxira, Irgun-eko buru bat azaldu eta hizketan hasi zitzaien. Orduan ikasi zuten gazte horiek erasoaren helburua zein zen.

Armak banatuta, sei lagunez osaturiko lehenbiziko komandoa abiatu zen: garraiolariak ziren. Euren eginbeharra hauxe zen: busez joatea helburuaren inguruetara eta alboko atearen inguruan itxarotea lehergaiak kamioi batean heldu arte. Sei garraiolari horien lana, hain zuzen, lehergaiz betetako esne-ontziak garraiatzea zen. Mozorroturik, susmo txarrik ez sortzea lortu zuten helburuaren inguruan. Gazte horiek Irgun erakundeko kideak ziren eta euren helburua hauxe zen: Dabid Errege hotela, Aginte Britainiarraren egoitza nagusia Palestinan.

Aurreikusi bezala, bigarren komandoa kamioian abiatu zen; Irgun-eko beste kide batzuek, hauek ere mozorroturik, zazpi esne-ontzi zeramatzaten, esne-ontzi bakoitzak 50 kilo lehergaiz beterik. Jerusalemgo kale estuetan zehar, hotelaren parera heldu arteko bidea oso luzea egin zitzaien, baina, azkenik, heldu ziren. Testamentu Zaharreko hitzak gogoratu zituzten: «Entzun, israeldarrok! Gaur etsaien aurka borrokatuko zarete. Ez kikildu, ez izan beldur! Ez asaldatu, ez ikaratu etsaien aurrean! Jauna, zuen Jainkoa, zuekin doa, etsaien aurka borrokatzeko eta garaipena zuei emateko». Ordurako, han zeuden zain lehenengo komandoko kideak.

Guztiak batera, Dabid Errege hoteleko La Regence jatetxeko atetik sartu zituzten barazkiak eta beste hainbat jaki, baita armak ere, ezkutuan. Ekintzaileen zorionerako, zaintzaile britainiarrek ez zuten deus susmatu. Behin barruan zirela, armak erakutsi eta bertako langileak restaurant-eko sukaldean bildu zituzten indarrez. Irgun-eko kideek erraz menderatu zituzten zaintzaileak ustekabean; gero, kamioira itzuli, lehergaiz beteriko esne-ontziak hartu, eta jatetxera sartu zituzten. Zazpi esne-ontzietan komandoko buruak detonagailuak prest utzi zituen eraikinaren zutabeetan, zapart egin zezaten handik 30 minutura. Ihes egin aitzin, Irgun-eko ekintzaileek azken agindu bat eman zieten sukaldean zeuden langileei: hamar minutu itxaroteko handik atera baino lehen.

Baina dena ez zen gertatu aurreikusi bezala. Irgun-eko kideak kamioira itzultzen ari zirelarik tiroak jaso zituzten: antza, kanpoko beste zaintzaile britainiar batzuek, zerbait arraroa gertatzen ari zela oharturik, su egin zieten: Irgun-eko bi lagun zauritu zituzten, baina beste komandoko kideek armak baliatu eta guztiek ihes egitea lortu zuten kamioian.

Orduan, Irgun-en arabera beti ere, telefono-kabina batetik bi telefono dei egin zituzten beste ekintzaile batzuek: bata, hoteleko telefonistari; bestea, egunkari batera. Areago: hirugarren dei bat ere egin omen zuten Frantziak Jerusalemen zeukan kontsuletxera; izan ere, hotelaren ondo-ondoan zegoen Frantziaren kontsuletxe hori eta bertara ere deitu omen zuten laster gertatuko zen leherketaren berri emateko. Gobernu frantsesak, alta, beti ukatu zuen horrelako deirik jaso izana.

Kontua da handik 25 minutura leherketa izugarri batek Dabid Errege hotela astindu zuela, baita hiri osoa ere. Eztanda izugarriak hotelaren hegoaldeko hegal osoa eraitsi zuen. Leherketak 91 pertsona hil eta 46 zauritu zituen. Dabid Errege hotela lehertu eta gero, hamar egun eman zituzten gorpu guztiak berreskuratu arte. Uztailaren 31n, jakinarazpen ofizial baten bidez zehaztu ziren biktima kopuruak: 28 britainiar, 41 arabiar, 17 judu eta beste herrialdeetako 5 lagun. Sekulako hilkintza.

Baina abisatzeko deia egin zen ala ez? Bertsio diferenteak daude, historiagilea zein den. Garai hartan 17 judu errugaberen odola isuri izanak eztabaida sutsuenak piztu zituen juduen artean, zeren juduak dira, euren ustez, Jaungoikoak aukeratutako Herria eta judua ez den oro, finean, zer da? Ez da ezer, pagano bat baizik, alegia, txakur bat baino gutxiago.

Hori gertatu zen 1946an. Irgun erakunde sionistako kideak terroristak ziren Gobernu britainiarraren arabera. Irgun taldeko ikurra adierazgarria zen oso: esku batean fusila eta honako legenda honekin: «Soilik honengatik». Independentzia lortu aitzin Menachem Begin izan zen Irgun-eko burua, gero Israelgo lehen ministroa izan zen bera, urte batzuk gehiago igaro eta gero Bakearen Nobel saria eskuratu zuen berbera. Historiaren ironiak.

1948an britainiarrek alde egin zuten Palestinatik eta sionistek Israelgo Estatua sortu zuten: Amerikako Estatu Batuek behar zuten peoi fidel bat Ekialde Hurbilean, aliatu estrategiko bat...

Palestinarrei euren lurra kenduta, jus utendi et abutendi, israeldarrek lortu zuten Estatu sionista, Moises-en bidez Jainkoak agindutako lurraldea. Izan ere, justifikazioa Testamentu Zaharrean aurkitu dute: «Orduan, israeldarrek promes hau egin zioten Jaunari: Herri hori eskura ematen badiguzu, horien hiriak erabat suntsituko ditugu. Entzun zuen Jaunak israeldarren deia eta eskura eman zizkien kanaandar haiek. Israeldarrek erabat suntsitu zituzten hiriak eta bizilagunak». Irabazi zuten eta, horregatik Irgun-ekoak ez dira terroristak, heroiak baizik.

Urtero, Dabid Errege hotelaren kontrako ekintza egin zeneko urteurrena ospatzen dute Israelen, eta ekintzan zauritutako Irgun-eko bi kideei, bi ekintzaileei, bi heroiei gorazarre egin ohi diete; batez ere ekintza egin eta handik egun gutxira zaurien ondorioz hil zen Irgun-eko heroiari, Abraham Abramovitz-i.

Segur asko, aurten ere, gaurko egunez, Dabid Errege hoteleko triskantza ospatuko dute eta, gero, mehatxu terroristaz eta fundamentalismo islamistaz hitz eginen digute. Zozoak beleari...

«Estatu sionista, estatu terrorista» oihukatzen dugunean, ez gara bakarrik salatzen ari Gaza-ren kontrako blokeoa edo Askatasunaren Flotillaren kontrako erasoa, jakin badakigulako, zin-zinez, Estatu sionista eraitsi arte ezin daitekeela benetako bakea eraiki Ekialde Hurbilean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo