GARA > Idatzia > Euskal Herria

Haurrek ondo pasatuko dute Irurtzungo jaietako bigarren egunean

Hasi berriak diren Irurtzungo jaietan arteak ere tokia izango du, gaur arratsaldean pintura gelan gorputz makillajea egingo dutelako. Bitartean, kirola gogoko dutenek, arratsaldea pasatzeko pilota partidak izango dituzte pilotalekuan. Afizionatu mailakoek jokatuko dute, eta sarrera doakoa izango da. Partidak amaitzean, larraindantza hasiko da herriko plazan, eta gero zezensuzkoa eta buruhandiak abiatuko dira kultur etxetik herrian zehar ibiltzeko.

p015_f02_ONA.jpg

Nagore BELASTEGI

Irurtzungo uztaileko jaiak atzo arratsaldean hasi ziren, eta egun osoan zehar sekulako giroa izan bazuten ere, gaur hobetzeko parada izango dute.

Goizeko bederatzietan hasiko dira fanfarrearen soinuak txoko guztiak alaitzen. Herriko txikiek ondo pasatzeko haur parkea zabalduko da 12.00etan, eta bertan izango dute txirrista puzgarria, ludoteka, piloten etxea eta Dino Striker pista eta guzti. 14.00ak arte egongo da zabalik, baina norbait gehiago jolasteko gogoarekin gelditu bada, gero ere izango du aukera, arratsaldean, 17.00etatik 19.30era berriro irekiko dute-eta.

Bestalde, 17.00etan body painting edo gorputz makillajea egingo dute Irurtzungo pintura gelan, artea eta edertasuna uztartu nahi dutenentzat. Hauek ez dute arroparen beharrik, gorputzean margotutako artelanek beteko baitute paper hori.

Geroxeago, 18.30ean, txokolate jatea izango dute haurrek, jolas parkeko saioaren ondoren galdutako indarrak berreskuratzeko. Ume zeliakoek ez dute zertan kezkatu, eurentzat ere egokia izango baita, txiki guztiek berdin-berdin dastatu ahal izateko txokolatea.

Afizionatu mailako pilota partidak ere ordu horretan bertan hasiko dira pilotalekuan. Sarrera doakoa izango da, eta giro polita eta frontoia beteta izango dela espero dute Irurtzungoek.

Ondoren, iluntzeko zortzietan hasita, Egan taldeak haurrentzako dantzaldia eskainiko du, bere abestirik famatuenak abestera eta dantzatzera animatuz, hamarretan larraindantza hasi bitartean. Gero, gauerdian berriro itzuliko da taldea, haur, gazte eta helduak goizaldeko 2.30ak arte dantzan jartzeko, eta ohi bezala, beraiekin parte hartzera gonbidatuz.

Bestalde, 22.30ean «gau aktiboa» ospatuko dute pilotalekuan eta plazan. 10 urtetik 17ra bitarteko gazteek izango dute lehentasuna eta hain gogoko izan ohi dituzten bideo-jokoetan ibili ahal izango dute video games party-an. 00.30ean Irurtzungo musika taldeen kolektiboak kontzertuak eskainiko ditu Barazkien plazan.

Kirolak eta jokoak nagusi

Jaiak aurrera doaz baina oraindik beste hiru egun geratzen dira ondo pasatzeko. Bihar eguerdian Foruen plazan herri jokoak egingo dituzte, bereziki helduei zuzendurikoak izango dira. 13.00etan Mariachi Viva Mexico-k emanaldia eskainiko du, callejonada, eta 20.30ean kaletik taula gainera igoko da kontzertua eskaintzeko.

18.00etan herri kirolak izango dira, Migeltxo Saralegi harri-jasotzailearen, Ruben eta Eneko Saralegi aizkolari gazteen eta Sakanako Harri-jasotzaile Eskolaren eskutik. 21.00etan, kirolekin jarraituz, zesta-punta partidak ikusi ahal izango dira pilotalekuan.

Gauean, 00.00etan hasita, Café Irlandes orkestrak dantzaldia eskainiko du 4.00ak arte, nahi dutenek urtean zehar ikasitako dantza pausoak entseatzeko.

Larunbatean «bermut musikala» egingo dute 13.00etan, herriko plazan, Amets bikoteak musika jartzen duen bitartean. 17.30ean Nafarroako goitibehera txapelketa egingo dute, eta 19.30ean «Malabreikers» ikuskizuna izango da Foruen plazan, umorea eta break dantza uztartzen dituena. 22.30ean su artifizialak botako dituzte ikastetxeko patiotik.

Igandean amaituko dira jaiak, baina azken egun horretan ere egitarauan jarduerarik ez da faltako: hala nola, 12.00etako meza, 16.00etatik aurrera herrian zehar ibiliko den trena, eta 20.00etan egingo duten dantzaldia. Joselu Anaiak taldeak joko du bertan, eta gauerdian izango den erromeria girotzeaz ere horiek arduratuko dira. Ondoren, festen azken hatsak botako dituzte irurtzundarrek «Gaixoa ni» abestuz.

Txikientzako

Eguerdian, 12.00etatik 14.00etara, eta arratsaldean, 17.00etatik 19.30era, zabalik izango da haurren jolas parkea. 18.30ean txokolatea banatuko dute umeen artean, eta iluntzeko zortzietan dantzaldia izango da Egan taldearekin.

Gazteen gaua

22.30etik aurrera «gau aktiboa» egingo dute. Bertan bideo-joko ugaritan ibiltzeko aukera izango dute gaztetxoek. 00.30ean, berriz, herriko musika taldeek kontzertua eskainiko dute Barazkien plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo