Itsasoa
Kostaldea bizirik, ez dezagun gal
Greenpeacek azken 10 urteotako balantzea aurkeztu du. Surflariak Surfriderren antolatzen dira. Baina oro har gehiegi kutsatzen jarraitzen dugu. Martxa honetan, kostaldean gehiago izango dira eraikinak, hondarra baino.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Azken 10 urteotan Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean izan diren aldaketei buruzko txostena aurkeztu berri du Greenpeace taldeak. Balantzea ez da batere positiboa, kostaldeko hainbat lekutan egin diren azpiegitura eraikuntzek, industria, arrantza eta etxebizitzen politika desegoki batek eragindako kalteak aipatzen ditu batez ere. Kontuan hartzeko datu interesgarriak aipatzen ditu txostenak eta kalte handia eragin dezaketen etorkizuneko proiektuak zuzenean aipatzen ditu.
2006ko txostenean nabarmendu zuten bezala, milioi bat eta ehun mila pertsona bizi dira Hego Euskal Herriko kostaldean, alegia, Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoa osoko biztanleriaren erdia. Kostaldea ez da hain zabala, hiru lurraldeen %12 baino ez du hartzen. Biztanleriaren pilaketa eta giza jarduna kalte handiak ari dira eragiten, lurren erabilerarekin, uraren kontsumoarekin eta sortutako hondakinekin.
2002ko txostenean gure kostaldean eraikuntzarik gabeko leku dezente bazirela eta horiek zaindu egin behar zirela zioten Greenpeacekoek. Babestutako eremuak zeintzuk ziren ere garbi azaltzen zuten txosten hartan. 2009ko txostenean, ordea, eremu natural horien %80 arriskuan zeudela ohartarazten zuten, proiektu bat edo beste zela medio, hala nola 1.687 etxebizitzen eraikuntza, lau industrialde, portu bat eta golf zelai baten proiektua zeuden mahai gainean.
1985. eta 2006. urteen bitartean portuetako lokailuei buruzko datua ere interesgarria da, ontzientzako 1.280 lokailu izatetik, 4.825 lokailu izatera igaro zen, eta Eusko Jaurlaritzaren helburua zifrak horrek gora egitea omen da.
Estatu espainoleko kostalde kutsatuena Euskal Erkidego Autonomoak du. Arrazoi nagusiak bi dira, jende pilaketak sortzen dituen ondorioak batetik, eta estatuko lantegi kutsakorrenetarik %12 bertan izatea, bestetik. Azken urteotako hondamendi garrantzitsuenak ere gogorarazten dizkigu txostenak. 2003an «Prestige» itsasontziaren fuel isurketak eragindako kalte larriak aipatzen ditu. 2004. urtean Bizkaia parean «Diana» itsasontzia hondoratu zela ere gogorarazten du txostenak. Itsasontzi hori 45 tona gasolio eta 3.000 litro olio zituela hondoratu zen.
Gauza positiboen artean, Eusko Jaurlaritzak araztegiekin egindako saiakerak, bizilagunen proiektu batzuekiko desadostasuna eta zenbait epai aipatzen ditu txostenak. 2006an Justizia Auzitegi Gorenak Ingurumen Saila zigortu zuen desegoki jokatzeagatik. «Adostu gabe eta modu inkoherentean» jokatuz Urdaibaiko biosferan 20 txaleten eraikuntza onartu eta ahalbideratzea egotzi zion Sailari. Gaur egun ere biosfera horrek arriskuan jarraitzen duela gogorarazten du txostenak, bertan Guggenheim museoaren eraikuntzak egin nahi baitituzte.
Kostaldeko hainbat herritako proiektuek izan ditzaketen kalteak ere aipatzen ditu banan-banan, eta hondartza kutsatuenak zeintzuk diren ere aipatzen du. Laburpen bat bada ere, datu asko ematen ditu bost orriko txostentxoak. Amaieran, proiektu kaltegarriena aipatzearren, Pasaiako portuko proiektuaren aipamen berezi bat eginaz amaitzen da txostena.
Greenpeaceren txostena ez da negatiboa, errealitatearen isla gordina baino ez da. Naturak jasan dezakeena baino gehiago produzitzen dugu. Badira egoera horri aurre egiten saiatzen diren elkarteak, Aranzadi elkarteko gazteak esate baterako, Zumaia eta Itziar bitartean dagoen kostalde ederra garbitzen jardun dira uztailean zehar. Beste ekimen batzuk ere antolatzen dituzte elkarte eta norbanako batzuek, baina normalean ekimen puntualak izan ohi dira. Urte osoan hondartzak garbitzen jarduten diren enpresetatik harago, epe luzerako plangintzak dituztenak.
Epe luzerako plangintzak dituzten elkarte gutxietako bat Sufrider fundazioa da. 1984an AEBetan sortutako irabazi asmorik gabeko talde ekologista bat da. Hasiera batean surflariek osatu zuten taldea, hondartzak, surf egiteko lekuak, eta uraren kalitate ona babestearren, baina denborarekin, surf egiten ez arren, helburu horiekin bat egiten duen jende anitz batu da proiektura. Sorreratik laguntza ekonomiko handiak lortu ditu taldeak, musikari ospetsuak, enpresa indartsuak eta norbanakoen babesa jaso du, batez ere sinesgarritasuna duen proiektu bat dela behin baino gehiagotan frogatu duelako.
Tom Prattek paper garrantzitsua bete zuen bere hastapenetan, ingurumenaren gaineko azterlan interesgarriak argitaratu baitzituen Fundazioaren eskutik. Eta ez hori bakarrik, Prattek berak gidatu zuen Kalifornia iparraldean surf egiteko bi eremu ezagun kutsatzen zuten «pulpa erroten» aurkako epaiketa. Mark Massara, San Frantziskoko fiskal ospetsuarekin batera aritu zen lanean. Erakunde garrantzitsuen babesarekin jardun zuten eta azkenean 1991n epaiketa irabazi zuten. Epai garrantzitsua izan zen, uraren kalitate ona urratzearen aferetan, AEBetan izan den kasurik garrantzitsuenetakoa. Erroten jabeak Fundazioa erosten saiatu ziren.
-Zenbat diru nahi duzue?- Errota enpresen bozeramaileak.
-Guk ur garbia besterik ez dugu nahi. -Glenn Henning-en, Fundazioko sortzaileetako baten erantzuna.
-Bai, ziur, oso hunkigarria, baina serioski, zenbat diru nahi duzue bide judiziala alde batera uzteko? -Enpresariak tonu hotzean.
-Ur garbia nahi dugula! -Glenn Henningen erantzun apala.
Kasu honetan eta beste hainbatetan lortutako garaipenei esker, babes zabala jaso zuen Fundazioak. 1997an 25.000 kidek osatzen zuten Fundazioa, AEBetan eta Puerto Ricon zituen egitura garrantzitsuenak, baina pixkanaka Europan ere indarra hartzen hasi zen, Frantzian batez ere, eta egun surf komunitateak aurki daitezkeen ia edozein lekutan dute gutxieneko egitura bat.
Gure kostaldean ezagunak dira, batez ere uraren kalitatearen jarraipen zehatza egiten dutelako eta urtean behin hondartzen eta surf egiteko lekuen garbiketa egiteko egun bat antolatzen dutelako. Urtero, garbiketa behar duten hainbat leku hautatzen dute, kutsadura maila irizpide hartuta, eta leku horietatik gertuen dauden hondartzetako surflariei garbiketa egitera joateko deia egiten diete. Federazioak eta elkarteek beren bazkideei deia egiten diete, eta horrela, urtean behin taulak utzi eta zabor poltsekin kostaldea garbitzen jarduten dira hainbat surflari.
Kasu puntualetan ekimenak ere antolatu izan dira. Oso famatua da, esate baterako, Tom Curren Biarritzen bizi zen garaian Aturri ibaiaren kutsadura salatzeko antolatu zuten ekimena: surflari mordoxka bildu zituen, eta ibaian barrena arraunean abiatu ziren. Protesta ekintza horren argazkia leku askotan ikusi ahal izan da. Hala ere, egiari zor, antzerako ekimenak oso urriak direla esan beharra dago. Asko izan dira olatu onak zituzten lekuak suntsitu dituzten proiektuak. 1941eko abenduaren 7an japoniarrek eraso zuten Pearl Harbor base militar famatua, esaterako, olatu bikainak zeuden leku batean eraiki zen, Hawaiiko Ohau irlan. Badira irudiak, zein kalitate oneko olatuak suntsitu zituzten erakusten dutenak. Kasu honetan bezala, batzuetan base militarrak eraikitzeko, besteetan aireportuak, etxebizitzak edo hotelak, olatu bikain pila bat desagerrarazi dituzte.
Gaur egun asko dira arriskuan dauden olatuak. Irlandaren mendebaldean, esate baterako, «Doolin point» eta «Crab island» olatu famatuak arriskuan daude gaur egun, olatu horiek lehertzen diren leku berean portu handi bat egitekoak baitira. Asturiasen ere Rodileseko olatua arriskuan da eta adibideak ehunka dira. Gainera, kontuan hartu behar da askotan zuzenean ez bada ere, zeharka eragin handia izaten dutela kostaldeko proiektuek inguruko hondartzetan, leku bateko hondarra mugitzeak aldaketak sortzen baititu ondoko eremuetan.
Gurean adibide gehiegi ditugu zoritxarrez. Orion, esate baterako, erreka irteeran ezker luze eta bikain bat altxatzen zen garai batean. Gero, itsasontziei itsasorako irteera erraztearren kai muturra luzatu zuten, eta ezker olatua desagertu egin zen. Geroago kai muturra gehiago luzatu zuten, eta ondorioz, egun, olatuak garai batekoak baina txikiagoak dira, kai mutur erraldoi batek oztopatzen baitu horien sarrera. Beste adibide bat Les Cabalierseko olatua da, Angelun. Lehen itsaski handiekin ezker olatu eder bat sortzen zen, gero kai muturra luzatu zuten, eta akabo. Hondarribian ere garai batean errazago sartzen ziren olatuak itsaski handia zegoenetan, baita Plentzian ere. Antzerako adibideak kostalde osoan aurki ditzakegu.
Kontua ez da proiektu txikitzaileek olatuak suntsitzen dituztela, kontua da natura beraren berezko izaera bortxatzen dela, eta gehienetan inongo behar errealik gabe. Etxeak itsasotik oso gertu eraikitzen dira. Kostaldean proiektu ugari jartzen da martxan, eta olatuak desagertzearena aitzakia on bat izan daiteke halako proiektuen aurka bestela inolaz ere ipurdirik mugituko ez lukeen jendea mugiarazteko. Baina arazoa oinarrizkoa da, ideologikoa. Natura menderatu egin behar delako ideia.
Natura menderatu daitekeelako Mendebaldeko ideia txatxu hori dago oinarrian. Bitartean urtetik urtera itsasoak lurra jaten jarraitzen du gurean. Pozten naiz. Ea egunen batean merezi dugun tsunami erraldoia bidaltzen digun itsasoak ordainetan.
Ameriketako tribu indiar bateko buruak zioen moduan, gizaki zuriak arbola guztiak txikitu eta ur guztia ahitu ostean konturatuko da bizitzeko ezinbesteko zituela. Baina ordurako, beranduegi izango da.