GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urteurren bat baino gehiago ospatuko dute azpeitiarrek aurtengo San Inazio jaietan

Bertsozale elkarteko eta ikastolako ordezkariek emango diete hasiera jaiei. Kalejira koloretsuaren ostean, Txitximore izeneko azpeitiar berriari ongietorria egingo dio Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak.

p016_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | AZPEITIA

Gaur hasiko dira Azpeitiko San Inazio jaiak eta aurtengoak oso bereziak izango dira urteurren ugari ospatuko dituztelako. Hasteko, Azpeitiari herri-gutuna eman zitzaioneko 7. mendeurrena betetzen da aurten. Dokumentuek ez dute argi uzten 1610. urtera arte zein festa ospatzen ziren, baina, ordutik, San Inazio herriaren patroi izendatu zutenetik, jai nagusiak uztailaren 31n egiten dituzte, santua hil zen egunean. Beraz, herriko jaiak ospatzen dituztenetik 400 urte igaro dira dagoeneko.

Hasieran prozesioak eta mezak egiten zituzten, eta pixkanaka, 1622tik aurrera, ekitaldi zibil eta profanoak antolatzen hasi ziren. Urte horretan bertan atera zituzten erraldoiak Euskal Herrian lehen aldiz. Gerora, zezenketak indarra hartzen joan ziren eta 1646an Plaza Nagusia eraberritu behar izan zuten jende gehiago sartu ahal izan zedin.

San Inazio jaiak hain bereziak dira, ezen ospakizunak bertan behera utzi nahi izan dituzten urteetan, herritarrek zerbait egin baitute festak ospatu ahal izateko. 1804ean Gipuzkoako korregidoreak musika, dantza eta zezenekin loturiko ospakizunak debekatu zituen. Hala eta guztiz ere, herritarrek zezenketa antolatu zuten eta jendearen kexen aurrean korregidoreak herritik alde egin behar izan zuen.

1911n Pio X.a aita santuak jaiak galarazi zituen, baina orduko agintariak Gasteizko gotzainari debekua kentzeko eskatu zion, eta honek Aita Santuari eskakizuna egin zion. Azkenean, azpeitiarrek saninazioak berreskuratzea lortu zuten.

Bertsozale Elkartea eta ikastola

Aipatutako urteurrenez gain, hainbeste urte betetzen ez dituen beste bat ospatzen dute aurten. Erniarraitz bertsozale elkartea duela 10 urte sortu zen, euskal kulturaren adierazle zaharrenetakoa den bertsolaritza ez galtzeko. Elkartea, Azpeitiko ikastolen sortzaileekin batera, aurtengo jaiei hasiera emango dien txupinazoa botatzeaz arduratuko da. Era horretan, euskara eta euskal kulturaren alde egindako lana eta apustua sarituko dituzte azpeitiarrek. Bertsozaleek, nola ez, bertsotan hasiko dituzte herriko jaiak.

2003. urtera arte udalbatzako kide batek botatzen zuen txupinazoa, baina geroztik nabarmendu diren herritarrak edo elkarteek botatzen dute. Jaiei hasiera emango dien suziria 12.00etan botako dute udaletxetik. Aurretik, 11.00etan, hamaiketako herrikoia egingo dute Plaza Nagusian, eta handik ordu erdira, presoen aldeko elkarretaratzea.

Txupinazoa bota eta gero, kalejira egingo dute azpeitiarrek. Alde batetik, Azpeitiko Musika Banda, Izarraitz txistulari taldea, Biasteriko Dultzaineroak eta erraldoi eta buruhandiak ibiliko dira, eta, bestetik, Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak «Marea arroxa» kalejira osatuko du, elektrotxaranga, trikitilari eta dantza afrikarrak lagun dituela.

15.00etarako herri bazkaria antolatu dute Plaza Nagusian eta, 17.00etan, txosnak irekiko dituzte eta karaokea egingo dute gune horretan. 17.30ean txikiek bigantxekin jolastu ahal izango dira Done Jakue kalean. Horretan ausartzen ez direnentzat, berriz, 18.00etan jaialdi berezia izango da Olazko Andre Mariaren plazan Poxpolo eta Konpainia-ren eskutik. 19.00etan, Loiolako basilikan izango den mezara joaten ez direnek Gau-erdi txarangarekin kalejiran ibiltzeko aukera izango dute Azpeitiko kaleetan.

22.00etan Txitximore pertsonaiaren aurkezpen bideoa jarriko dute txosnetan, Jai Herrikoien Aldeko Batzordearen eskutik. Txitximore emakumeen superheroia da, neska guztien eredua eta sistema patriarkalaren arerioa.

23.00etan jaietako lehen su ikuskizuna izango da, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik. Horrez gain, erromeria hasiko da txosnetan, Fun & Go taldearekin. 23.30ean Sonora Corazon taldeak Karibeko erritmoak ekarriko ditu Plaza Nagusira. Bien bitartean, Alaitasuna Errondaila legazpiarrek, hari-instrumentuekin eta ahots gozoekin, guztiok ezagutzen ditugun abestiak kantatuko dituzte Andre Mariaren Plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo