Esti Amenabarro Villabonako herritarra
Mikel eta Remi: bi ibilbide, helburu bakarra
Euskal Estatuaren helburuak batzen zituen biak. Urtebeteko epean Villabonako herriak adinez eta ibilbidez oso desberdinak ziren bi pertsona galdu ditu, baina herriari arnasa eta hauspoa ematen jarraitzen dute egunero.
Alde batetik, Remi Ayestaran (1981-2009) ezker abertzaleko militante zintzoa zen. Herri borondateak hala erabakita billabonatar guztien eskubideen defentsan lan egin zuen politikari garbia, herriari emana erabat. Euskal preso politikoen eta haien senideen lagun zintzoa. 2009ko uztailaren 31n Villabonako kaleak Aresen zakur amorratuekin bete ziren eta haren bihotzari kraska eginarazi zioten. Ezin bakean utzi bakean bizi dena. Eta gu bakean geunden gure herrian, gure plazan, gure res publica-n, maite ditugunen eskubideak aldarrikatzen. Urtebete pasa da eta bihotzean min daukagu oraindik ere. Urtebete honetan ez dugu egun bat bera ere Remiren izena ahotan erabili gabe utzi. Baina aurrera egiteko esaten digu. Eta horixe egiten ari gara. Eta lortuko dugu.
Lerrook idazten ari naizela, berri benetan pozgarria jaso dugu billabonatarrok, jaiak hasteko atarian, gainera. Remiren anaia, Mikel Ayestaran, kalean da hemezortzi mila euroko prezioa ordainduta. Idazle handiak esana baitu euskaldunok Madrilen eta munduan prezioa dugula, gaztea eta independentista izatearen ordaina kasu honetan, tratu txarrak eta torturak estaltzeko ohitura maltzurrarekin batera. Ordaindu ezazu eta kito, hemen ez da deus gertatu. Gaur Villabonako kaleetan pasieran dabilen orok poza du bere ezpainetan eta bi pentsamendu. Mikelek, bihar, uztailaren 31n, bere anaiaren alde egingo den omenaldian parte hartzeko aukera izango du. Eta gaur Remi inoiz baino alaiago dago. Asko da hori guretzat.
Beste alde batetik, Mikel Zalakainek (1961-2010) bere bizitza osoa Euskal Herriaren askatasunaren alde emanda igaro zuen. Duela 23 urte ihes egin behar izan zuen bere sorterritik. Ihesa, erbestea, konfinamendua, kartzela... errepresioaren alde ilun guztiak ezagutu ditu. 2010eko ekainaren 24ko goizaldean bere bihotzak kraska egin zuen Korsikako ospitale batean, emaztea eta semea alboan zituela.
Mikelek ez du aukerarik izan hainbeste maite zuen bere sorterrira bizirik itzultzeko. Sorterria halabeharrez abandonatu eta mundutar anonimo gisa bizi behar izan du.
Gaur Korsika eta Villabona inoiz baino gertuago daude. Mila eta Ioritzekin. Amona Pilarrekin.
Gaur Remi eta Mikel inoiz baino gertuago daude. Ez zuten elkar ezagutu. Baina mugaz bestaldeko biztanleak dira orain biak. Zoriontsuak al zarete mugaz bestaldeko biztanleak?, galdetzen diegu etengabe han geratu direnei.
Eta han, lurralde ezezagun horretan, Remi, Mikel eta Jon Anza elkartu dira. Zenbat duintasun elkarrekin, zenbat maitasun!
Guk, gure aldetik, Villabonako res publica-n, maite ditugun horien guztien oroitza egunero kalera ateratzen jarraituko dugu. Ares eta enparauek irakurri beharko lukete horren esanahi etimologikoa. Horretan egiten baitute huts, maitasuna giltzapean sartu ezin litekeen kontzeptua baita.