Zaharrak berrituz dator Larrabetzura Gazte Egunaren 26. edizioa
Su Ta Gar, Sexty Sexers eta Skatu dira Larrabetzuko Gazte Eguneko musika eskaintza berezienak. Bihar Bizkaiko herrira hurbiltzen denak jarduera ezberdinez osaturiko egitarauaz gozatu ahal izango du. «Zaharrak berritzen» lelopean, 26. edizioa ospatuko dute aurten.
Janire MENDIETA
Hori Bai gaztetxeak antolatzen duen festa honek hogeita seigarren edizioa izango du aurtengoa. «Zaharrak berritzen» lelopean, «inoizko oihartzunik sendo eta indartsuena irauli» nahi du gaztetxeak. Nahiz eta urtero egiten den festa oso arrakastatsua izan, ez du inolako diru laguntzarik jasotzen. Gaztetxea arduratzen da eguna antolatzeaz, eta herritarren laguntza jasotzen du soilik.
Txistularien jardunak esnatuko ditu bihar, 11.00etan, Larrabetzuko herritarrak. Bazkaldu aurretik, 13.00ean, trikipoteoa egingo dute.
14.00etan herri bazkaria izango da oinezkoentzako kalean. Langileek 15 euro, eta langabeek eta umeek 10 euro ordaindu beharko dute. Txartelak erosteko azken eguna uztailaren 26a izan zen, baina egunean bertan ere eros daitezke, 20 euroren truke. Hala ere, antolatzaileek ez dute ziurtatzen lekua egongo denik, nahiz eta Hori Bai-ko kideek honakoa esan: «180k izena eman eta 220k jan».
Bazkaloste polita egin ondoren, 17.00etan, antzerki emanaldia izango da, Lekeitioko emakume taldearen eskutik.
18.30ean, «eguneko ekitaldirik politenetakoa» iritsiko da, Leire Etxebarria Hori Bai-ko kidearen esanetan. Ordu horretan, Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen arteko olinpiada izango da. Eskuarki, zortzi bat taldek hartzen dute parte joko horietan. Izena eman nahi duten guztiek horibaigaztetxea@gmail.com helbidean egin dezakete. Bestela, ordu erdi lehenago ere eman ahal izango da izena.
Gaueko hamarretarako kalejira antolatu dute eta nahi duen orok parte har dezake. Horren ondoren, ekitaldia egingo dute eta gaztetxeen aldeko agiri bat irakurriko dute bertan.
Gauean, berriz, kontzertuak izango dira herriko plazan. Hamabietan hasiko dira, Skatu, gero Sexty Sexers eta, amaitzeko, Su Ta Gar, Eibarko talde handia.
Euskal Herriko heavy musika taldeen ikur dena Aitor Gorosabelek, Asier Osorok, Xabier Bastidak eta Borxa Arrillagak sortu zuten. Lehen kontzertua 1988an eman zuten eta lehen grabaketa 1989an egin zuten beren kabuz. Maketa horrek arrakasta handia izan zuen eta bigarren proiektu bati heldu zioten. Horri esker, lehen diskoa kaleratu zuten 1991n, «Jaiotze basatia». 2006an atera zuten azken diskoa, «Jainko hilen uhartea».
Berako Sexty Sexers euskal rock talde famatua da. Hasiera batean, Ameba izena zuten eta taldeak 2005ean Sexty Sexers jarri zioten taldeari. 2009ko irailean kaleratu zuen azken diskoa, «Hero mantra», Kaliforniako Volcom Entertainment diskoetxearekin. 2006an eta 2007an, «Iluntze berri baten bila» eta «Urkamendi blues» plazaratu zituzten.
Skatu ere talde nafarra da, Iruñekoa hain zuzen. Ska talde honek zortzi partaide ditu eta 2009an atera zuen lehenengo albuma. Punk eta reggae doinuak ere jotzen dituzte.
Kontzertu horiez gain, izango da bestelako musika mota entzuteko aukerarik. Musika elektronikoa gustuko dutenek, Hori Bai gaztetxean gau elektronikoa izango dute, gaueko hamabietatik goizeko seiak arte.
Hori Bai, erreferentea
Larrabetzuko Gazte Eguna erreferente bat da Euskal Herrian, Hori Bai gaztetxea bezala. 45 urte daramatza lanean. Azken urteotan, gazte asanbladak gora-behera asko izan ditu. Hala eta guztiz ere, taldeko kideek adierazi dutenez, tirabira horietatik indarberrituta irten dira. «Aurten bereziki inoiz baino indartsuago gaude eta aurreko belaunaldi eta epealdietatik ikusi, ikasi eta bizitakoa, egun garenarekin uztartuko dugu», azaldu dute.
Tarte luze horretan, gaztetxean musika, kultura eta politikarekin lotutako ekintza ugari antolatu dituzte, eta pertsona ezagun ugari igaro dira bertatik, besteak beste, Agustin Ibarrola, Gabriel Aresti eta Joxe Ramon Etxebarria.
Euskal Herriko musika talde historiko asko ere aritu izan da gaztetxean. Hala nola, Negu Gorriak, Su Ta Gar, Zarama eta Oskorri.
Nolanahi ere, bidean oztopoak ere izan dituzte urte hauetan. Laurogeiko hamarkadan, apezpikutzarekin arazoak izan ondoren, gaztetxeak ateak itxi behar izan zituen. Gerora, gogor lan egin ondoren, 1986ko abenduaren 24an ireki zituen atzera ateak Hori Bai-k.
«Kantu honen arnasa bizirauteko badira barreneko gogo zenbaitzuk, badira irribarre asko nahaspilan eta egon badira amets sendoak egunero, gauero hor dabiltzanak gora eta behera gelditu ezinik», oihukatzen dute Hori Bai taldetik.