GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ondarroako Alleri padurako proiektua guztiz geldirik ez dagoela ohartarazi dute

«Herri mugimenduak egindako ahaleginak» Ondarroako Allegi paduran 5oo etxebizitza eraikitzea eragotzi badu ere, proiektuaren lehen zatiak martxan jarraitzen duela azaldu zuen Alleri Zaindu! plataformak.

p011_f02.jpg

Yuri AGIRRE | ONDARROA

Alleri Zaindu! plataformak eskerrak eman zizkien herenegun herritarrei, «herri mugimenduaren ahaleginak» Ondarroako Allegi paduran egitekoa zen «sarraskia» geldiaraztea lortu duelako. Hala ere, proiektuaren lehen zatia oraindik martxan dagoenez, hurrengo aste eta hilabeteetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu zituen herritarrak.

EAEko Auzitegi Gorenak behin-behinean bertan behera utzi zuen Alleriko paduran 500 etxebizitza eraikitzeko Ondarroako Udal Gestoraren plan berezia. Epaitegiak herri mugimenduak aurkeztutako argudioak kontuan hartu zituen: besteak beste, plana zahartutako arau subsidiarioen gainean egin dela eta ezin dela IKL-LIC babes ekologikoa daukan espazio bat lur eraikigarri izendatu. Gainera, herrian etxebizitza huts ugari izanik, berriak eraikitzeak zentzurik ez duela adierazi zuen plataformak.

Interes ekonomikoak tartean

Herri plataformak Udal Gestorak ez duela «herritarrek emandako azalpen bat ere kontuan hartu» salatu zuen. Epaitegiak kontuan hartu dituen arrazoiak Udalari behin eta berriz azaldu dizkiotela eta honek inoiz ez diela jaramonik egin adierazi zuten.

«Udalak plan hau beste interes batzuen arabera osatu du: interes ekonomikoekin, eraikuntza diru publikoarekin hornitzeko asmoarekin, hain zuzen ere», azaldu zuten. Horrek Udala kudeatzen duen gestoraren izaera ondo erakusten duela esan zuten; «herritarren eskaerei kasurik egin gabe, negozioa egitera etorri dira herrira». Hori «oso arriskutsua» da Ondarroarentzat eta ingurumenarentzat, plataformako kideen hitzetan.

Hala ere, proiektuaren lehen zatia oraindik martxan dagoela gogorarazi zuten. «Udal Kudeaketa Batzordeak Zaldupetik Allerira doan bidean obrak egin nahi ditu, Alleriko etxeetara gasa, ura... eramateko» azaldu zuten. Alleri zaindu!-koen iritziz, ordea, Auzitegiak 500 etxeen inguruan hartutako erabakiak legitimitatea kentzen die pasealekuko obrei, «eragin sozial eta ekologikoak bietan antzekoak baitira».

Padura defendatzea, diru publikoa onura publikorako erabil dadin eskatzea edota zilegitasunik gabeko Udal Kudeaketa Batzordearen «jarduera ilunak» salatzea «denon esku» dagoela adierazi zuten herri plataformako kideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo