GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Venezian berrogei urte inguruko zuzendariek dute etorkizuna

Atzo aurkeztu zuten Veneziako Mostraren aurtengo programazioa eta eskaintza. Bitxikeria bat ere izango du zinemaren erakusleiho honen 67. edizioak, bertara hurbilduko diren zuzendariek batez beste berrogei urte baitituzte. Lehiakideen artean, Sofia Coppola, Vincent Gallo, Fraçois Ozon eta Alex de la Iglesia izango dira.

GARA | ERROMA

Berrogei urte inguruko zinemagileak izango dira nagusi Veneziako Mostraren 67. edizioko Urrezko Lehoia irabazteko lehian. Jaialdia irailaren 1etik 11ra bitartean ospatuko da aurten. Sofia Coopola (39 urte), Vincent Gallo (49) eta François Ozon (43) izango dira horietako batzuk.

«Lehiaketan sekula ez dira hain zinemagile gazteak izan. Batez besteko adina 47 urtekoa da», adierazi zuen Mostrako zuzendari Marco Müller-ek prentsaurrekoan. «Monte Hellma zuzendaria (78 urteko zuzendari estatubatuarra) eta ni erretiratzen bagara, adin hori 45 eta erdira jaitsiko litzateke», zioen txantxetan.

Guztira 23 film izango dira lehiaketa barruan; horien artean AEBetako sei lan, Italiako lau eta Estatu frantseseko hiru. François Ozonen «Potiche»-n Gerard Depardieu eta Catherine Deneuve aktoreak dira protagonista.

Estatubatuarren artean, Sofia Coppolaren «Somewhere» eta Vincent Galloren «Promises written in water» lehiatuko dira. Horiez gain, Julian Schnabel ere bertan izango da «Miral» filma aurkezten. Lan horretan Willem Dafoek hartu du parte.

Italiak lau film eramango ditu Veneziara. Horien artean izango da, «La soledad de los números primos» liburua oinarri hartuta, Saverio Costanzok egindako moldaketa.

Marco Müller-ek hain gogoko duen zinema asiarraren ekarpenik ere izango da: Takashi Miikeren «13 assassins» filma, Tran Anh Hung-en «Norwegian Wood» eta Txinako Tsui Hark-en «Detective Dee and the mystery of Phantom Flame».

«Balada triste de trompeta» izango da Alex de la Iglesia zuzendaria Veneziara eramango duen lana. Carmen Maura, Santiago Segura, Fernando Guillen-Cuervo, Antonio de la Torre eta Carolina Bang aktoreek hartu dute parte lanean. Gerra Zibilean eta 1970eko hamarkadan girotutako bi pailazoren arteko maitasun harremana du ardatz lanak.

Lehiaketatik kanpo, Luis Tosar protagonista duen «Lope» lan luzea aurkeztuko da Sail Ofizialean, baina lehiaketatik at.

Omenaldiak

Veneziako Mostran, filmez gain, omenaldiek ere izango dute tokirik. Horietako bat, duela gutxi hil zen zen Dennis Hooperri egingo diotena izango da, «The Last Movie» izeneko filmaren emanaldiarekin. Hooperrek berak 1971. urtean zuzendu zuen lana eta bera du protagonista nagusi.

Horrez gain, Martin Scorsesse, Elia Kazan eta Kent Jones zinemagileak ere omenduko dituzte; «A Letter to Elia» dokumentala eskainiko dute horretarako.

Jaialdia amaitzeko, William Shakespeareren «The Tempest» lanaren argitalpenaren 100. urteurrena ospatuko da zinemarako egindako bertsio batekin. Helen Mirren, Russel Brand, Alfred Molina eta David Strathairn aktoreak ditu protagonista lan horrek.

Aurtengo edizioak 12 milioi euroko aurrekontua du eta sail guztiak aurkeztuko ditu. Guztira 34 herrialdetako nazioarteko 79 estreinaldi izango dira bertan.

Epaimahaia

Epaimahaiko buru Quentin Tarantino izango da eta Arnaud Desplechin zuzendari frantsesa, Guillermo Arriaga mexikarra eta Gabriele Salvatores italiarra izango ditu kide. Horien lana Urrezko Lehoia, zilarrezkoa, epaimahaiaren sari berezia, aktore onenaren eta aktoresa onenaren sariak erabakitzea izango da.

Jaialdia Darren Aronofskyren «Black Swan» lan luzeak hasiko du, Natalie Portman aktore ezaguna protagonista duena. Horizontes izeneko sailean, Lluis Galter zuzendariaren «Caracremada»eta Jose Luis Guerin-en «Guest» izango dira.

GAZTEAK

Inoiz baino zuzendari gazteagoak izango dira Veneziako Mostrako lehian. Sofia Coppola eta Vincent Gallo izango dira, besteak beste, lehiakideen artean.

EUSKALDUNAK

Alex de la Iglesia zuzendaria ere Urrezko Lehoiaren irabazteko hautagaietako bat izango da. Bestetik, Donostiako Zinemaldiarekin lotura estua duen Julian Schnabel ere Venezian izango da «Miral» filmarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo