GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Eta gero ijitoak eraman zituzten...

Beste afera bati heltzeko beharra dugu, istorio itsusi hau atzean utzi behar dugu». UMPeko buru batek errana dugu. Nola ez, Woerth auziaz mintzo zen. Finantza Poliziaren bisita ukan du aste honetan frantziar ministroak. Bettencourt eskandaluak oporretako ihesaldiaren atarian beste argazki azkarra eman duelarik. Egunez egun, frantziar hedabideek auzi honen karietara, eta bide batez alderdi handiek finantzatzeko erabiltzen dituzten trikimailuen gainean, informazio berria ematen dute.

Arrazoia dute eskuindarrek, beste afera batzuk astindu behar dira, ustelkeriaren kiratsak udako giroa ozpindu ez dezan. Horrelako kasuetan Barne ministro batengana zuzentzen dira begiradak.

Burkaren gerrak bereak eman dituenez, haragi berria saldu behar dute agintariek, hedabideek arreta beste afera bati jarriko dioten esperantzan.

«Eta gero ijitoak eraman zituzten...». Frantziako eskuinak konplexuak galdu ditu. II. Mundu Gerraren ondoren askatasunak babesteko ezarritako geziak saihestu, garai zaharretako jokamoldeak eguneratu eta kolaborazionismo ideologiko berria garatzen ari da sarkozysmoa.

Jendarmeek Saint-Aignan-eko herritar bat tiroz hil ondoren, polizia-etxea erre zuten hildakoen gertukoek. Geroztik, ijitoak, zingaroak, buhameak, manush-ak edo bidaia-jendeak... finean, munduko gutxiengo handiena den herria jomugan ezarri du Hortefeux-ek.

Abuztuko ihesaldia girotu nahian, Barne ministroak eta gainerako gobernukideek aurreiritziz eta faltsukeriaz beteriko arma bilduma abiarazi dute.

Europako justiziak Sarkozyk azken urteotan burutu duen atzerritarren aurkako ehiza legez kanpo utzi ondoren, nolabait umezurtz sentitu da Gobernua. Hartara, Berlusconi eredu gisa harturik, Rom herritarrek -gehienak pobreziaren ihesean Europa erdialdetik etorriak- baliatzen dituzten 300 bat kanpaleku hustu eta pertsona horiek kanporatuko dituela hitzeman du Hortefeux-ek.

Berdin da ehizaldia burutzeko 400.000 Rom susmopean jarriak badira. Mendeak daramatzate ijitoek Hexagonoan, batzuk kontzentrazio eremuetatik ihesean heldu zirela. Herri agintari gehienek -Iparraldekoak barne- frantziar agiriak dituzten bidaia-jendeak aterpetzeko legea bortxatzen duten bitartean, afixa higuingarria ezarri nahi diote Rom herriari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo