GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

ARGIA Joxemari Ostolaza

Tourmaletetik

Ari gara. Lanbro eta langarra iristean, etxeko bazterrak arakatu eta bakoitzak bere gustuko lekuan eman ditu puskak. Soziedadean paratu bazkaria berotu eta txirrindularien lana zeharka ikusiz berdindu gara. Bazkalostekoaren ondoren, ohiko tertulia telebistak emandako etaparen zuzenekoaz ordezkatu dugu. Bihar inguratuko zaizkigu txirrindulariak gurera, karabana ofizialaren zaraten ugariak jende andana erakarriz hutsik izaten den parajera. Laranja kolorekoak, jada agertzen hasi dira tropatan nor garen zer garen aitortzeko asmoz. Basques? Komertzianteek irriño konplizeak darabiltza galderarekin batera, gure berri badutela erakutsi nahi baligute bezala. Aurten gure gehienek, telefono operatzailearen iragarkiaz spain bat omen daramate soinean. Ez ditugu oraindik ikusi, salgai jarri elastikoetan ez dago holakorik. Sosa arrazoi bietan. Eta sosa ororen arrazoi nagusia dela onartua dugunez, txirrindulariek spain, zaleek ordain, eta nagusia bikain. Beharrik gure adinean pasioa elkarrekiko egonaldiaz amatatzen dugula, gure izate propioaren erakusletzat dugun fundamentuan zutabetuz, basquetzat hartzen gaituztela baieztatu eta itzultzen gara spainekotik libre, turnadak ordainduta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo