Sokatira Euskal Herriko finala
Goiherrik berriro ere bere agintea agerian utzi du
Erandiokoek irabazi dute 580 kiloko txapela, eta denboraldi honetan izan diren lau pisuetatik hirutan eraman dute garaipena, beren nagusitasuna erakutsiz.
Jon LEUNDA
Goiherri A taldeak irabazi du 580 kiloko txapela, azkeneko jardunaldian ere garaipena erdietsi ostean. Erandiokoak lehen bi jardunaldietan onenak izan ziren, eta amaierako saiora jadanik txapela oso gertu zutela heldu ziren, baina badaezpada ere, ez zieten gainerakoei inongo aukerarik eman.
Lehen bi jardunaldietako emaitzak errepikatu egin ziren azkeneko saioan ere. Goiherri A izan zen onena. Berdeek jokatutako tiraldi guztiak bereganatu zituzten, eta pisu hau tiraldi bakar bat ere galdu gabe amaitu dute.
Bigarren postuan Gaztedi A sailkatu zen, aurreko bi saioetan bezalaxe. Laukizkoak etxean aritu ziren, baina ezin izan zuten jardunaldi hau irabazi. Goiherrirekin galdu egin zituzten bi tiraldiak, baina gainerako talde guztiak mendean hartzeko modua egin zuten.
Getxo sailkatu da hirugarren postuan. Goiherrirekin eta Gaztedirekin jokatutako tiraldiak galdu egin zituzten, baina Goiherri B eta Gaztedi mistoa azpian hartu zituzten, eta aurreko bi saioetan bezalaxe, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten.
Laugarren Goiherri B taldeak amaitu zuen. Erandioko bigarren taldeak Gaztedi mistoari bakarrik irabazi ahal izan zion, gainerako talde guztiekin galdu egin baitzuen; horrenbestez, aurreko bi jardunaldietako emaitza bera errepikatu zuen.
Azkeneko postuan ere ez zen berrikuntzarik izan, postu hori Gaztedi mistoarentzat izan baitzen. Laukizkoek jokatutako saio guztiak galdu zituzten. Talde honek, ordea, ez ditu azkeneko jardunaldiko saio guztiak bakarrik galdu; pisu honetan jokatu dituen tiraldi guztiak galdu ditu.
Azkeneko jardunaldiko sailkapena honela geratu zen: lehenengo Goiherri A 5 punturekin; bigarren Gaztedi 4 punturekin; hirugarren Getxo 3rekin; laugarren Goiherri B 2rekin, eta azkena, berriz, Gaztedi mistoa puntu bakar batekin.
Sailkapen nagusia, berriz, honela geratu da: lehenengo Goiherri A 15 punturekin; bigarren postuan Gaztedi 12 punturekin; hirugarren Getxo 9 punturekin; laugarren Goiherri B 6 punturekin, eta azkena, berriz, Gaztedi mistoa 3 punturekin.
580 kiloko azken saioarekin eman zaio amaiera Euskal Herriko denboraldiari. Lur gainean, aurreko urteetan bezalaxe, Goiherri izan da jaun eta jabe. Erandioko taldeak lehian izan diren lau txapeletatik hiru irabazi ditu.
Ezustearekin hasi zen denboraldia, izan ere, Erandiokoak txapel guztiak irabazteko faborito nagusiak baziren ere, 680 kilotan Gaztedik aurrea hartu zion. Horrek zalantzak sortu zituen zaleen artean, Gaztediren urtea izan zitekeela uste izan baitzuen batek baino gehiagok. Goiherrik, ordea, 640 kilokoan gauzak bere lekuan jarri nahi izan zituen, eta beraien lehen txapela lortu zuten. Geratzen ziren bi pisuetan ere berdeek erabateko nagusitasuna erakutsi dute, bai 600ekoan, eta baita 580koan ere, jaun eta jabe izan dira eta bietan ere txapelak jantzi ahal izan dituzte.
Berririk ez
Sokatira ez dago bere unerik gozoenean, eta hori nabarmen ikusten da dauden taldeak ikusita. Azkeneko urte hauetan lur gainean ez da talde berririk agertzen, eta betikoak dabiltza. Beraiek jarraitzen duten bitartean ez dago arazorik, baina horietakoren batek uztea erabakitzen badu arazoak hasiko dira.
Une honetan, bai lurrean, eta baita goman ere, talderik gehienak Bizkaian daude eta bi denboraldietan herrialde horretakoak izan dira talderik onenak. Abadiñok erabateko nagusitasuna erakutsi du goma gainean, eta Goiherrik, berriz, gauza bera egin du lur gaineko denboraldian, nahiz eta txapel bat galdu egin duen.
580 kilotan jokatu diren hiru jardunaldietan emaitza berak izan dira, eta taldeek tiraldi kopuru berak irabazi eta galdu dituzte. Denen gainetik Goiherri agertu da, bizkaitarrak jokatu dituzten tiraldi guztietan izan baitira garaile.